Zergatik bozkatu “EZ” MONDRAGONetik irtetzeari?

ULMAko bazkide bat Iñigo Ucini zuzendu zaio, MONDRAGONeko Kontseilu Orokorreko lehendakariari, eta 5 arrazoi eskatu dizkio ULMAk MONDRAGONen jarraitzeko. Hemen Ucinek bazkide horri zuzendutako erantzuna, eta, bide batez, baita ORONAko eta ULMAko gainontzeko bazkideei ere.
Card image cap
2022/12/15

1. Lehenengo arrazoia; EZ DAGO ARRAZOIRIK batera ez jarraitzeko.

ORONAko eta ULMAko ordezkariek proposamen bat aurkeztu zuten ekainean MONDRAGONekin beste harreman mota bat edukitzeko eta bi gauza exijituz: MONDRAGONeko organoek (Batzorde Iraunkorrak eta Kontseilu Orokorrak, bietan dituzte ordezkariak ORONAk eta ULMAk) bere egin zezatela planteamendua, eta gainera aurtengo Kongresura eramatea. ORONAk eta ULMAk zuzenean Kongresuan proposamena aurkezteko aukera izan arren (nahikoa ordezkari baitituzte horretarako), MONDRAGONeko organoek onartu eta aurkez zezaten exijitu zuten. Organoek ezetza eman zieten, epeengatik (horrelako proposamen batek eskatzen duen lanketarako tarte gabe bidali zutelako, Kongresua deitu baino astebete eskas lehenago), edukiarengatik (ez ziren zehazten tamaina horretako aldaketak proposatzeko  arrazoiak zeintzuk ziren) eta formengatik (batetik exigentzia, eta bestetik ULMAko ordezkariak ez ziren joan beraien proposamena aztertu zen bileretara eta ORONAkoa ezta ere Kontseilu Orokorrera). MONDRAGONeko organoak beti egon gara eta egongo gara edozein gaiz hitz egiteko prest, baina inposiziorik gabe.

  • Iraganean kontsentsu oso zabalekin adostutako gaiak ezin dira orain arrazoi izan MONDRAGONen baja proposatzeko, gai horiek ez baitaude zalantzan edo auzitan (dibisio sektorial vs. eskualdeko ikuspegia edo  MONDRAGON Inversionesetik irten eta tresna propioa eratzeko aukera adib.).
  • Zein ekimenetan parte hartu behar izan du ORONAk edo ULMAk MONDRAGONeko kide izateagatik bere garapena zaildu duena? Zein proiektu bultzatuko lukete MONDRAGONetik kanpo egonda orain arte ezin izan dutena egin?
  • Behin eta berriz esan dugu zenbat eta zailtasun handiagoak, orduan eta elkarrizketa gehiago behar dugula. ORONAn eta ULMAn irekitako prozesuen berri izan genuen momentutik eskatu dugu kooperatiben organoekin biltzea, gaiari egoki heltzeko, eskatzen duen tratamendua eta denbora emateko. Orain ere, hori da gure asmoa eta nahia. 

 

2. Enpresa moduan hazteko eta garatzeko aukera gehiago ditugulako: INTERKOOPERAZIOA

MONDRAGONeko beste kooperatibekin interkooperazioan jardunez gero (teknologian, arlo komer-tzialean, berrikuntzan, pertsonetan…), kooperatiba bakoitzaren negozioa garatzeko aukera gehiago ditugu, eta beste bezero, merkatu eta errekurtso batzuetara irits gaitezke. Aukera handiak ditugu, bereziki momentu honetan enpresa talde eta eragile garrantzitsuekin gorpuzten ari garen proiektu inportanteetan parte hartzeko ditugun aukerengatik eta horretarako…egon egin behar da proiektuak lantzen diren mahaietan.

Negozio aukerez haratago MONDRAGONeko kooperatibok sekulako esperientzia pilatzen dugu sektore ezberdinetan eta behar konkreturen bat dugunean beti dago besteren bat erreferentzia dena.

Eta horrez gain, korporazio mailan hainbat dinamika, proiektu eta foro ditugu martxan kooperatibon garapena laguntzeko eta beharrei erantzuteko, besteak beste, talentuaren inguruko erronkei aurre egiteko, ziberseguritatean, finantza iturri alternatiboak kooperatiben eskura jartzen, diruzaintzaren eta arriskuen kudeaketan, gobernantzaren, kulturaren eta hezkuntza kooperatiboaren arloetan programa aurreratuak inplementatzen, MONDRAGON Inversionesen bitartez (gaurdaino 1.000 M€.ko finantzazio laguntza bideratu baitu kooperatibetatik kooperatibetara), aktibitate berrien sustapenean eta start-upetan partehartzen, jasangarritasunaren eremuan karbono neutraltasunerako araudi eta erronketara egokitzeko estrategiak garatzen, berrikuntzako proiektuak egituratzen, erosketa mankomunatuak egiten (energia, txipak, lehengaiak,…) edo nazioartean ditugun Esparru horiei heldu ahal diegu kooperatiba bakoitzak bere kontu, baina askoz hobeto egingo dugu MONDRAGONen taldean.

Eta guzti hori, orain arte bezala, ORONAko eta ULMAko kooperatiben enpresa autonomia eta independentzia %100 mantenduta, kooperatibok erabateko askatasunez hartzen baititugu erabakiak. Kooperatiba bakar batek ere ez ditu bere planak mugatu MONDRAGONeko kide izateagatik, alderantziz baizik, kooperatiba bakoitzaren proiektuak urrunago iritsi ahal dira MONDRAGONen parte izanda. MONDRAGONetik irtenda, besterik gabe, ORONA eta ULMA ez dira enpresa/kooperatiba hobeak izango; aldiz, orain arte eskura izan eta erabilitako hainbat aukera eta zerbitzu galduko ziren, eta beraz etorkizunean proiektu indartsuagoak izateko aukerak ere.

 

3. Zailtasunetan laguntza emateko eta edukitzeko sarea garelako: ELKARTASUNA.

Elkartasun printzipioa oso sustraituta dago kooperatibon ideietan eta errealitatean eta ekarpen erabakigarria egin du gure kooperatiba esperientziaren garapenean, lankidetzari oso lotuta. Ondo egonez gero zaila da ikustea une txarren bat etor daitekeenik. Egia da ORONAren bilakaera oso ona izan dela azken urteetan eta ULMA Taldean 9 kooperatiba zaudetela eta sasoi txarrak etorriz gero, elkarren artean moldatzeko aukera duzuela.

Hala ere, MONDRAGONen gainontzeko kooperatiba guztiekin elkartasuna biderkatu egiten da.

  • Kooperatiba guztiok, baita gaur egun bilakaera bikaina dugunok ere, besteon laguntza eta babesa behar izan dugu: MONDRAGON Fundazioaren bitartez (gaurdaino bideratu ditugun 450 M€.tik, 110 M€. kooperatiben galerak konpentsatzeko izan dira eta beste 80 M€. jarduera berriak eta berrikuntza sustatzeko), egiturazko langabezia egoeran dauden bazkideak kooperatibetan birkokatuz, edo eta zailtasunetan dauden kooperatibei eta kooperatibistei laguntzeko bideratu diren beste hainbat baliabideekin, ez soilik ekonomikoak.
  • Era berean, gauzak ondo doazenean beste batzuei laguntza emateko aukera ere biderkatzen da MONDRAGONen. Jasotzeko baino emateko bokazioa daukalako gure esperientzia kooperatiboak: MONDRAGON ez da eta gaizki badihoakit badaezpada ere komeni zaidan babes edo aterpe bat. Hori horrela ulertzen duenak ez du ez Arizmendiarrieta eta ez gure kooperatibagintza eredua ulertu. Gure kooperatibetako langileei eta gure inguruko gizarteari, lana eta bizitza modu duin baten garatzeko aukera emateko bokazioa dugu eta elkartzen gara guztion artean gure herriko errealitate sozioekonomikoa hobetzeko eta modu horretan justizia soziala eman dadin aukerak sortzeko. Horregatik ditugu elkarren arteko laguntza sistemak, ez elkarri babesa emateko soilik, baizik eta guztion artean geure buruari eta gizarteari ekarpen haundiagoa egiteko.

     

4. Kooperatiben interesen defentsan HELTZE-GAITASUNA dugulako.

MONDRAGONetik autonomia erkidego, estatu eta Europa mailako erakunde, administrazio eta gobernuetara iristeko gaitasuna dugu. Kooperatiba eta kooperatibetatik kanpoko erakundeetan ordezkaritza zuzena dugu (Euskadiko Kooperatiben Gorengo Kontseilua, ANEL, Konfekoop, Innobasque, Spri, Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako Aholku Batzordea, Elkargi, Ekarpen, Socade, Espainiako Ekonomia eta Gizarte Kontseilua, ETEen Estatuko Kontseilua, Espainiako Merkataritza Ganbera, Hermes, EIT Manufacturing, EIT Food, Cicopa, etab.) eta modu etengabean lanean ari gara ez gauden mahaietan ere ordezkaritza izan dezagun (adib. Lanbiden). Horrez gain, ekimen-legegileetan gure interesen defentsan dihardugu, kooperatiben legeetatik hasi, erregimen fiskal bereziaren defentsatik pasa eta egun, momentu honetan, zabalik ditugun hainbat lege-proiektuetan (Gizarte Segurantzako autonomoen erregimenaren aldaketaren inpaktua, langabezia prestazioaren kapitalizazioa, enplegu legea, ekonomia sozialeko legea, berdintasun planen erregistroa, etab.), baita programa eta ekimen espezifikoetan kooperatiben posizionamenduaren defentsan ere (Covid garaiko ezohiko markoan, Ukrainako gerraren testuinguruan, PERTEak, etab.). 

 

5. Bakarrik ez, BATERA BAI!

Ziurgabetasun testuinguru honetan elkarrekin jarduteak beti ematen digu aukera gehiago; izaera, balio eta kultura berekoak gara, konplizitate asko ditugu elkarrekin, indarra ematen digutenak. Hori horrela izanik ez du logikarik bakoitzak bere bidea egiteak. No Solitarios sino Solidarios. Zertarako apurtu orain arte jositakoa? Zergatik? Zeini komeni zaio? Zergatik hain azkar?

Kooperatibok ahalegin indibidualak lorpen kolektibo bihurtzen ditugu. ORONAko eta ULMAko kooperatiba bakoitza lorpen kolektibo bikaina da. Gainera, ULMA Taldeak handitu egiten du ULMAko kooperatiba bakoitzaren dimentsioa eta inpaktu soziala eskualdera. Eta MONDRAGONek eskualdetik Euskal Herriko eta mundu mailako dimentsioa ematen dio kooperatiba bakoitzari, baita ORONAri eta ULMAri ere, gaur egun munduko bazter guztietan garelako ekonomia sozialaren eta kooperatiba ereduaren erreferente.

Gurera urtero milaka lagun datoz atzerritik, unibertsitate, gobernu eta ekonomia alorreko bisitariak. Inor ez dator LABORAL KUTXA, ORONA, ORBEA, EROSKI, FAGOR, CIKAUTXO, ULMA…ezagutzera. Guztiak datoz MONDRAGONen esperientzia kooperatiboa ezagutzera, eta guk LABORAL KUTXA, ORONA, ORBEA, EROSKI, FAGOR, CIKAUTXO, ULMA… eta gure arteko interkooperazio eta elkartasun dinamikak erakusten dizkiegu. Hasiera batean talde funtzionamenduak erakartzen die, eta jarraian, kooperatiba bakoitza ezagutzeko aukera izanda, gure enpresen bikaintasunarekin harrituta geratzen dira. 

Hori da elkarrekin egin nahi duguna: kooperatiba bakoitzetik, dibisioen bitartez, Euskal Herrian eta munduan erreferente izango den MONDRAGON kooperatiba talde indartsu bat.