Irakurriena
- 1. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 2. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 3. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 4. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 5. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 6. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 7. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 8. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 9. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 10. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
Zainketa aringarriei buruzko jardunaldi arrakastatsua
Aurtengoa Arizmendi Ikastolak antolatu duen Erizaintzako Jardunaldien bosgarren edizioa izan da. Debagoieneko ESI Ospitalaren laguntzarekin, zainketa aringarriak gaia aukeratu eta profesionalei zuzendutako eskaintza zabala prestatu du.
Zainketa aringarria fase terminalean dauden gaixoentzat prestatutako arreta da, tratamendu eraginkorrik ez duen gaixotasun larriak dituztenentzat. Hala, Arrasaten egindako jardunaldian profesional eta interesatuei pertsonaren bizitzaren azken zatian zaintzari nola heldu erakusten ahalegindu ziren.
Helburu horrekin, goizean hitzaldiak izan zituzten eta Kulturateko aretoa goraino bete zen -120 bat lagunek parte hartu zuten- zainketa aringarrien gainean gizartean dagoen interesa agerian utziz. Jesus Millas Debagoieneko Ospitaleko ESIko zaintza aringarrietako medikuak bere taldearen eginbeharra azaldu eta eskualdean dauden premiak azpimarratu zituen; jarraian gaiarekin lotutako ikus-entzunezko bat proiektatu zuten, eta Maria José Almaraz HUAko (Txagorritxu) zaintza aringarrietako medikuak Araban duten esperientzia azaldu zuen, bioetikari erreferentzia zabala eginez.
Gaixoen senideen testigantzak
Goiz erdian, Saiatu proiektuko Naomi Hassonek hartu zuen hitza eta erizain-laguntzaileak duen garrantziaz zein familia-unitateak duen zeresanaz aritu zen. Berarekin batera, gainera, zaintza aringarriak jaso dituzten gaixoen senitarteko Mertxe Hermosalek eta Mapi Fernandezek ere hitz egin zuten. Goiz osoan une hunkigarri dezente egon ziren, batez ere ikus-entzunezkoa proiektatzerakoan eta bi senide hauen testigantzak entzutean.
Goizari amaiera emateko, Osasun Kontseiluko Osarean-Kronikoen programako kide diren Marta Hidalgok eta Raquel Rocak Osarean telefono bidezko asistentzia zerbitzua zertan datzan azaldu zuten; eta bide batez teknologia berriek zaintza aringarrietan eman dezaketen laguntzaz ere jardun zuten.
Teoriaz gain praktika ere lantzeko asmotan, arratsaldean 40 lagun baino gehiagok ‘Erizain laguntzailea bizitzaren azken zatiko zaintza-lanetan’ izeneko tailerra egin zuten, Saiatu proiektuko arduradunen eskutik. Arizmendi Ikastolako Ferixalekua gunean izan zen eta parte-hartzaileek eskertu zuten teoriatik egitera pasatzea.