Xabier Sotil: "Gazteak balioetan oinarrituta konbentzitu behar dira, etorkizuneko kooperatibak eraiki ditzaten"

Xabier Sotil: "Gazteak balioetan oinarrituta konbentzitu behar dira, etorkizuneko kooperatibak eraiki ditzaten"

Zalantzarik gabe, "Balioak" da dokumentu honen (Suspertzen , ispilu kooperatiboa) hitz gakoa. Izan ere, egileek nabarmendu dutenez, Esperientziaren etorkizuna eraikitzeko, elkartasuna, lankidetza... eta pareko balioak bultzatu behar dira. Baina baita balioa sortu eta banatu ere.
2022/05/10

MONDRAGONeko lehendakaritza utzi eta sei urtera, praktikan kooperatiben errealitatea sakon ezagututa eta kolaboratzaile talde handi baten eskutik, "gizartearen etorkizuneko erronkei buruzko" hausnarketa aurkeztu dute, "kooperatibaren ikuspegitik".

  • Nola sortu da ekimen hau, zein helbururekin eta nortzuk hartu duzue parte?

Ekimena, hain zuzen, MONDRAGONeko kooperatibetan urte askoan lan egiteagatik elkar ezagutzen genuen pertsonen artean ALEn (Arizmendiarrietaren Lagunen Elkartea) sendotutako harremanetik sortu da.

MONDRAGONen esperientzia suspertzen lagunduko duten hausnarketa eta datuak ematen saiatzea eta elkartasunaren eta lankidetzaren balioak bultzatzea izan litezke bilatu ditugun helburu nagusiak.

Proiektuan parte hartu dugun pertsonak honako hauek izan gara: Ana Agirre, Pio Agirre, Jose Luis Jimenez Brea, Jose Mari Larramendi, Jose Luis Madinagoitia, Jose Luis Olasolo, Jose Javier Saenz de Buruaga eta Xabier Sotil.

“Ez dago etorkizuneko negoziorik balioa sortu gabe, eta ez dago etorkizuneko sozietate edo kooperatibarik balio banaketa egokirik gabe”.

  • Liburuan balioak, lehiakortasuna, berrikuntza, ekintzailetza, talentua eta gizartea azpimarratzen dituzue. Horiek al dira Esperientziarako etorkizuneko zimenduak?

Etorkizuneko erronkak berdinak izango dira guztiontzat, baina horiei emango diegun erantzuna barneratuta ditugun balioek baldintzatuko dute. Hori da lehen ideia.

MONDRAGONen erantzuna proiektu sozio-enpresarial bat da, eta horrek oso negozio onak garatzea eskatzen du: balioa sortzen oso onak eta balioaren banaketan bikainak. Bi ideiak landu behar dira, horixe baita hazkunde inklusiboa bultzatzeko bide bakarra.

Kudeaketaren, berrikuntzaren eta ekintzailetzaren arloko bikaintasuna erantzun horren oinarrizko elementua da, eta, horretarako, talentua duten pertsonak behar dira.

  • Uste duzu Esperientzia ondo ikusten dela ispiluari begiratzen zaionean?

Pertsonei gertatzen zaigun bezala, Esperientziari ere zimurrak ikusten zaizkio urteen poderioz. Batzuek horrela jarraitu behar dela pentsatuko dute, baina egungo kooperatiba askok urte gutxiren buruan amaituko dute beren bizi zikloa, eta funtsezkoa da errealitate berriak hazten ikustea.

Balioen arabera, eta uste dut horri eutsi behar diogula, oinarrizkoa da gazteak konbentzitzea etorkizuneko Esperientzia eraiki dezaten.

  • Nola eskura daiteke "Suspertzen"?

Liburu bat argitaratu dugu, "Suspertzen: El Espejo Cooperativo" izenekoa. Lehenik eta behin, ALEko bazkideei banatuko zaie, eta, ondoren, gai horietan interes berezia duten pertsona edo erakundeei, harik eta inprimatu ditugun unitateak agortu arte.

Bestalde, banaketa hori egin ondoren, lana ALEren webgunean "zintzilikatuko" dugu.

 

(*) Elkarrizketa osoa aldizkariaren edizio inprimatuan argitaratuko da, datorren ekainaren erdialdean.