V. Lanbai Azokak profil guztietako 200 lanpostu eskaini ditu

Mondragon Unibertsitateak eta Arrasateko Udalak LANBIDE-Euskal Enplegu Zerbitzuaren laguntzarekin antolatutako Azoka gaur egin da, Arrasaten.
2017/06/22

Mondragon Unibertsitateak Lanbai Enplegu eta Prestakuntza Azoka jarri du martxan bosgarren urtez jarraian. Azoka enplegua bilatzen ari diren edo lanpostuz aldatu nahi duten pertsona guztiei irekita egon da, horiek non ikasi duten alde batera utzita. Ekimena aukera paregabea da enplegatzaileek eta lana bilatzen ari direnek elkar ezagutzeko, eta lanpostu bat bilatzen ari diren pertsonak lana eskaintzen duten enpresetara zuzenean gertura daitezen. Aukera paregabe horrek 50 lan-kontratu itxi zituen joan den urtean, eta enplegua bilatzeko eta lana bilatzeko gaitasunak hobetzeko interesa zuten 272 pertsonak parte hartu zuten.

Azokari esker, enplegu-eskatzaileen eta enpresa parte-hartzaileen arteko lan-elkarrizketak egin ahal izan dira; gainera, lana bilatzen ari direnek aurrez aurre eman ahal izan dizkiete beren curriculumak enpresei, eta erabilgarri dauden lan-poltsetan sartu ahal izan dira. Azoka Arrasaten egin da gaur, 10:00etatik 14:00etara.

LANBAI Azoka 2017

Aurten 56 enpresak parte hartu dute azokan. Horietatik 41k 640 lan-elkarrizketa egingo dizkiete enplegua bilatu nahi duten pertsonei, aurtengo edizioan eskaini diren mota guztietako perfiletarako 200 lanpostuak esleitzeko.

Azokak Mondragon Unibertsitateko eta Arrasateko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu Zerbitzuaren (Lanbide) babesa izan du. Azoka antolatzean, erakunde laguntzaileek enplegua bilatzeko prozesuak erraztu eta prestakuntza-eskaintza espezializatuaren berri eman nahi dute, enpresak eta erakundeak beren langile-premietarako hautagai potentzialekin harremanetan jar daitezela errazteaz gain.

Enplegurako guneak

LANBAI azokak parte-hartzaileentzako lau eremu ditu: enplegu-poltsarekin, bekekin eta orientazioarekin lotutako zerbitzua; enpresa eta erakundeentzako gunea, horiei curriculumak aurrez aurre eman ahal izateko; enpresekin elkarrizketak egiteko eremua; eta unibertsitatearen prestakuntza espezializatuaren eskaintza −unibertsitate-masterrak nahiz profesionalentzako prestakuntza− erakusteko leku bat.

Horiek enplegua eskuratzeko programak eta poltsak izan dituzte eskura, Mondragon Unibertsitatearenak berarenak −unibertsitateko ikasleentzat eta ikasle ohientzat− nahiz Arrasateko Udalak, Debagoieneko Mankomunitateak, Gipuzkoako Bazkundeak, Lanbidek eta Euresek publiko guztiari eskainitakoak.

LANBAI Azoka 2017

Enpresa eta erakundeentzako gunean, interesdunek zuzenean eman ahal izan dizkiete beren curriculumak enpresei, enpresa bakoitzak azokan izango duen standean.  Aurten 56 enpresa eta erakunde inguruk parte hartuko dute azokan, eta bakoitzak bere standa izango du. Horietako batzuek (gehienek) enplegu-eskaintza eta profil profesional zehatzak eskainiko dituzte, eta beste batzuek, berriz, etorkizunean kontratazioak egiteko curriculumak jaso dituzte.

Interesdunek izan duten beste eremu garrantzitsu bat enpresekin elkarrizketak egiteko gunea izan da. Enpresa eta erakunde bakoitzak gune bat izan du; hala, interesdunek bertan curriculuma utzi eta enpresa horren ordezkariarekin hitz egin ahal izan dute, aldez aurretik hitzordua hartuz gero. Elkarrizketa horietan parte hartzeko nahitaezkoa da aldez aurretik hitzordua eskatzea, webguneko inprimakia betez. Edonola ere, azokan bertan ere bertaratuek elkarrizketak adostu ahal izango dituzte agendan oraindik ere tartetxo bat duten enpresekin.

Irakaskuntza unibertsitate zentroa