Urtzi Amiano: "Erreferentziazko futbol txapelketa bilakatu gara"

Gabonetako emakumezkoen futbol txapelketak 450 neska eta talde ugari batu ditu Arrasateko Mojategiko kirol gunean. Hamalaugarren edizioan Debagoieneko taldea izan da senior txapelketako garaile, Realari eta Eibar taldeari gailenduz. Aurreneko aldia da Debagoieneko taldea irabazle suertatzen dena. Urtzi Amiano da Arizmendi Kirol Elkarteko arduraduna eta txapelketaren antolatzaileetako bat. Hark egin digu balorazioa.
Card image cap
2019/01/04

Emakumezkoen Gabonetako Futbol Txapelketaren hamalaugarren edizioa jokatu da aurten. Pozik emaitzarekin?

Oro har, oso pozik gaude. Txapelketa ederra izan da eta guztira 450 neska izan ditugu lehiatzen. Edozelan ere balorazioa gazi gozoa da. Gozoa aipatu dugun parte hartzeagatik, inolako arazorik ez delako egon eta inolako lesiorik ere ez delako gertatu. Gainera, txapelketa abiatu zenetik 14 urte igaro ondoren, lehenengo aldiz Debagoieneko taldeak irabazi du seniorren arteko triangularra, Real Sociedad eta Eibar taldeei gailenduz, eta hori ere oso positiboa da. 

Gazia ere izan dela aipatu duzu. Alderdi negatiboan zerbait nabarmendu nahi duzu?

Hamalau urte hauetan lehenengo aldia izan da lehiaketa Mojategin jokatu dela, Arrasateko kirol gunean, eta agian horrexegatik, aurreko urteetan baino publiko gutxixeago gerturatu da partiduak ikustera. Hori bai, etorri direnak ederto pasatu dute eta espero dugu etorkizunean txapelketak jende gehiago erakartzea. 

Gabonetako Futbol Txapelketa

Taldeen parte hartzeari dagokionez, sekulako arrakasta izan duzue aurten ere.

Bai, eta oso eskertuta gaude urtero-urtero gerturatzen diren taldeei. Aurten, guztira, 450 neska izan ditugu eta sekulako marka da. Pertsona kopuruari dagokionez, esan daiteke, erreferentziazko txapelketa bilakatu garela Euskal Herrian. Badira beste batzuk, Gasteiz Cup eta besteren bat, baina inork ez du guk dugun jarraikortasuna lortu. Urtero antolatzea, hamalau urtez jarraian, oso pozgarria da, eta baita lan handia ere. 

Txapelketa abiatu zenetik 14 urte igaro ondoren, lehenengo aldiz Debagoieneko taldeak irabazi du seniorren arteko triangularra

Etorkizuneko helburuak zeintzuk dira?

Gustatuko litzaiguke Gabonetako Txapelketatik 'emakumezkoaren' erreferentzia desagerraraztea eta naturaltasunez, soilik, Gabonetako futbol txapelketaz hitz egitea. Hori da erronka nagusia. Naturaltasunez aipatu behar ez izatea emakumezkoa denik, gizonezkoa dela aipatzen ez den bezalaxe. Horrek aurrerapen handia suposatuko luke. Eta kirol honen sustapenean aurrera pausu handia ekarriko luke.

20181228_133128

Debagoieneko futbol taldea, garaikurrarekin.

Bukatzeko, zein garrantzi dauka zuretzat Debagoieneko taldearen garaipenak? Esan daiteke bertako futbol taldeek lan handia egin dutela azken urteotan, ezta?

Zalantzarik gabe, pozgarria da. Debagoieneko taldeek emakumezkoen futbolaren sustapenean lan handia egin dute eta herriz herri lanean jarraitzen dute. Hamalau edizioren ondoren, ez Realak, ez Athletic-ek, ezta Eibarrek ere, aurten Debagoienak irabazi du eta hori sekulako lorpena da. 

Irakaskuntza