ULMA Taldeak 26 milioi euroko mailegu bat eskuratu du Europako Inbertsio Bankutik

Talde kooperatiboaren hazkuntza eta berrikuntza estrategia finantzatzeko balioko du akordioak.
Card image cap
2019/02/01

Akordioa Oñatin izenpetu da (Gipuzkoa), EIBko lehendakariorde Emma Navarroren eta ULMA Taldeko zuzendari nagusi Iñaki Gabilondoren artean, eta Juncker Plana izenez ezagutzen den Europarako Inbertsio Planen barruan sartzen da. Ekimen horrekin, enpresen arteko lehiakortasuna bultzatu eta enplegua sortzea sustatzen duten proiektuak finantzatu ditzake EIBk, EBko kreditu erakundearen lehentasunezko jardute arloekin bat datozen helburuak baitira.  Zehazki, inbertsio plan hau martxan jartzeak 300 lanpostu garbi baino gehiago sortzea ahalbidetuko dio ULMA Taldeari.

ULMA Taldeak lortu du Europako Inbertsio Bankuak (EIB) bere berrikuntza eta hazkuntza estrategia finantzatzea, 26 milioi euroko mailegu batekin. Europako Erkidegoko erakundeak emandako laguntzarekin, euskal talde kooperatiboak bere I+G+B proiektuak inplementatu ahal izango ditu, eraikuntzaren industriarako soluzio berrien garapenean zentratuta, segurtasuna eta produktibitatea handitzeko xedearekin. EIBren finantzaketarekin ULMAk inbertsio berriak egin ahal izango ditu Espainian eta Polonian kokatutako konbergentziako guneetan, eraikuntzarako duen alokairuko ekipamendu eta makinen flota handitzeko eta modernizatzeko.

Inbertsio horien bitartez, Taldeak 300 lanpostu berri sortzea espero du.

Akordioa izenpetzeko talde kooperatiboaren egoitzan egin zen ekitaldian, ULMA Taldeko zuzendari nagusi Iñaki Gabilondok azpimarratu zuenez, “garrantzitsua da ULMA Taldearen etorkizuneko proiektuak EIBren moduko erakunde baten babesa eta laguntza edukitzea, Taldeak berrikuntzaren eta hazkunde etengabearen alde betidanik eta etengabe egindako apustua indartzen baitu”. Gabilondok zehaztu zuen, gainera, finantzaketa iturriak dibertsifikatzeko duen estrategiaren barruan formalizatu duela ULMAk operazio hori, horretarako duen ULMA Inversiones sozietatearen bitartez.

EIBko lehendakariordeak, berriz, adierazi zuen honelako ekimenak garrantzitsuak direla "ziurtatzeko EBk ekonomiarako funtsezkoa den eraikuntzaren moduko sektore batean teknologia berrien garapena gidatzen duela. Horretarako, inbertsio handiak egin behar dira berrikuntzan, eta EIBk erakutsi du erronka horri heltzeko asmo sendoa duela. ULMArekiko akordio honek ahalbidetuko du bere sektorean liderra den enpresa espainiar batek oso lehiakorra izaten jarraitzea, aldi berean Espainian eta Polonian lanpostu berriak sortzen lagunduta”.

 Espainian eta Polonian eraikuntzaren sektorerako ekipamenduak handitzeko eta modernizatzeko lanetan inbertitzeko erabiliko da dirua.

Jyrki Katainen presidenteordeak, Lanaren, Hazkundearen, Inbertsioaren eta Lehiakortasunaren arduradunak ondorengoa esan zuen: "Eraikuntza EBko ekonomiaren funtsezko sektorea da, eta gure helburua da berritzaileagoa, lehiakorragoa eta iraunkorragoa izatea. Inbertsio Estrategikoetarako Europar Funtsak (FEIE) babestu duen ULMA Taldearen finantzaketa honekin, Inbertsio Planak prozesu industrial seguruagoak eta berritzaileagoak babesten ditu. Era berean, enplegua sortzea gain, Espainian eta Polonian eskualdeen garapenean laguntzen du.”

EIBk kooperatiba gipuzkoarrari emandako laguntza eta harengan jarritako konfiantzari esker, ULMAk inbertsio handiak egin ahal izango ditu alokairuko ekipamendu eta makinetan, bai Espainian dituen instalazioetan (zehazki, Andaluzian eta Gaztela-Mantxan), bai Poloniako Gdansk, Jaworzno, Koszajec eta Poznan eskualdeetan. Horrela, euskal taldearen inbertsioek ondo egingo die EB barruko kohesioari eta lagunduko dute ULMAren lidergo europarra ziurtatzen eraikuntzarako sistema osagarrien alorrean.

Aurreikusita dago inbertsioak eraikuntza soluzioen fabrikazioan egitea nagusiki, hala nola enkofratuetan eta aldamioetan, sektore horretan baitu lidergo posizio ULMAk. “I+G+B alorreko inbertsioekin gure taldeak azken teknologiak eskuratu ahal izango ditu ekoizpen prozesuak digitalizatzeko eta produktu arinagoak eta soluzio modularrak fabrikatuz berrikuntzak egiteko, aldi berean segurtasuna eta produktibitatea areagotzeko”, azpimarratzen zuten euskal Taldekoek.

ULMA enpresa talde multisektoriala da eta laurogei herrialde baino gehiagotan du presentzia, non ekonomiarako estrategikoak diren sektoreei –eraikuntza, logistika, packaging, petrolioaren eta gasaren industria, eta berotegien eta orga jasotzaileen industria, esaterako– soluzioak eta zerbitzuak eskaintzen baitizkie. 5.100 profesional inguruko plantillarekin, ULMA Taldeak 850 milioi euro baino gehiagoko negozio zifra bateratuarekin itxi zuen 2018ko ekitaldia, hau da, aurreko urtean baino %13 handiagoa den zifrarekin. Erreferentziako denbora tartean, bere ustiapen emaitza gordina (Ebitda) %18 baino gehiago handitu zen, 120 milioi euroko kopurua gaindituta. 

Europako Batzordearen lehentasunetako bat da Europarako Inbertsio Plana –Juncker Plana izenez ezagutzen dena–. Finantza baliabideak era zentzuzkoagoan erabili eta horren bidez enplegua sortzea eta haztea jomuga duten inbertsioak bultzatzean datza nagusiki, inbertsiorako oztopoak ezabatuz eta inbertsio proiektuei ikusgarritasuna eta laguntza teknikoa eskainiz. Juncker Plana da Inbertsio Estrategikoetarako Europako Fondoaren zutabe nagusia, eta lehen galeretarako bermeak ematen ditu; beraz, horri esker IEBk arrisku handiagoa eduki ohi duten proiektuetan inbertitu dezake. Emaitza zehatzak ikusi dira jada FEIE fondoaren ondorioz. Aurreikusten da FEIEren babespean finantzatuak izateko onartu diren proiektuek eta akordioek 371.000 milioi euro baino gehiago mugituko dituztela inbertsioetan eta 28 Estatu kideetako 856.000 enpresa txiki eta ertain ingururi lagunduko dietela.