Irakurriena
- 1. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 2. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 3. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 4. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 5. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 6. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 7. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 8. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 9. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 10. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
"ULMA Taldea pertsonek eraiki dugu, eta horrela beharko du izan etorkizunean ere"
Karguan hilabete gutxi daramatzan arren, Landerrek ULMAren gaurkotasuneko hainbat gairi buruzko ikuspegia eskaini digu.
Lander, oraindik hilabete gutxi dituzu ULMA Taldeko lehendakari moduan, baina… zer balantze egin zenezake denbora horretan? Espero zenuena?
Bat horrelako kargu batean sartzen denean, zaila da zer izan daitekeen pentsatzea. ULMA Taldeko negoziorik handienetako bateko lehendakaritzan lau urtez izan dudan esperientziak dezente lagundu dit, baina horrelako aldaketa bat beti da jauzi kualitatibo bat.
Negozio bateko lehendakaritzan sartzen zarenean, mundu ezezagun bat irekitzen zaizu, han zegoela jakinda ere. Negozio horri buruz hartzen den ikuspegi globala guztiz beharrezkoa da kargua betetzeko, eta hainbat organotan jardun behar izateak, esaterako, Zuzendaritza Kontseiluan, Kontseilu Errektorean eta Kontseilu Sozialean, aukera ematen dizu zuzenean harremanetan egoteko eguneroko arazoekin borrokatu behar diren pertsonekin, baina batez ere epe luzerako arazoekin borrokatu behar direnekin.
ULMA Taldeko lehendakaritzan sartzeak Negozioan ematen den jauzi kualitatibo hori eskaintzen eta eskatzen du, baina oraingoan Talde mailan. Horrek esan nahi du harreman zuzena izan behar duzula beste Negozio batzuetan zein Zerbitzu Zentraletan lanean ari diren kideekin, organo eta batzorde ugaritan parte hartu behar duzula, Negozio bati baino gehiagori eragiten dioten talde mailako gaiak lantzeko.
ULMA Taldeko Kontseilu Orokorraren lehendakaritzako esperientziatik, eta jada hainbat hilabetez karguan jardunda duzun esperientziagatik, zure iritziz, zein dira Talde mailan aurre egin beharreko erronkak?
Iraunkortasun ekonomikoa da gurea bezalako proiektu sozioenpresarial baten zutabe nagusia, eta hori gure Negozioek beste inork ezin du eman.
Taldeaz hitz egiten dugunean, bi alderdi bereizi nahi nituzke: alde batetik, Negozioak daude, bere horretan. Horiek dira ULMA Taldea bermatzen duen oinarria. Horregatik, nik uste dut Negozio bakoitzak beharrezko estrategiak landu behar dituela ahalik eta errentagarritasunik handiena lortzeko.
Beste alde batetik, Taldearen berezko esparrua dago. ULMA proiektu sozioenpresarial bakar bat da. Ondorioz, arduraz jokatu behar dugu gure Negozioarekin, baina, aldi berean, Taldearekiko erantzunkidetasunez. Horrek esan nahi du sinergiak aprobetxatu behar direla, eta esfortzuak minimizatu, beste negozio batzuek ibili dituzten bideez baliatuz.
Horrez gain, ULMA Taldeak Balio eta Printzipio jakin batzuk dauzka, eta horiek lagundu digute gaur egun garena izaten. Garrantzitsua da ULMAn sartzen diren belaunaldi berriek horiek presente edukitzea eta barneratzea, izan ere, horrek lagunduko digu Taldearen muina mantentzen eta aurrera egiten jarraitzen.
Negozioetako gerente eta lehendakariekin egiten ari den HAUSNARKETA erantzuten ari zaie erronka horiei?
Inolako zalantzarik gabe. Hain zuzen ere, hausnarketa horren oinarrian dago beharrekotzat jo zela mahai gainean jartzea azken urteetan ebidente iruditu zaizkigun hainbat kontzeptu, aitzitik, horiei buruz ez delako behar beste eztabaidatu edo ez direlako inoiz idatziz jaso. Esaterako, Pertsonen Garapena, Gobernantza eta Konpromiso Soziala funtsezkoak dira gure proiektu sozioenpresarialean, baina, beste edozein estrategia bezala, ez badira kudeatzen, nekez garatu ahal izango dira. Hausnarketa horren ondorioz, Talde moduan eraikitzen jarraitu behar dugunaren oinarriak jarri ditugu, garen eta izan garen horretan bermatuta.
POGU da gure erreferentzia instituzionala Talde mailan, bai sozialki bai enpresari dagokionez; Taldeko lehendakariaren iritziz, guztiz indarrean dago?
POGU onartu zenean, 1993. Urte inguruan, argi ikusten zen beharrezkoa zela dokumentu bat edukitzea, ULMA Taldearen barruan egiteko moduak bateratzeko. Harrezkero, gauza ugari aldatu dira gure Negozioetan eta gizartean, eta, ondorioz, aldaketak egin behar izan dizkiogu dokumentuari. Aldaketa handiak egon dira (POGU II 2001ean eta POGU III 2005ean), baita ez handiak ere (aldaketa batzuk POGU IIIko zenbait artikulutan). Halere, bertsio guztiak gorabehera, jatorrizko espiritua mantendu da, ULMA Taldea eraikitzeko oinarria izan nahi zuena.
Gaur-gaurkoz, POGUk zeregin hori betetzen jarraitzen du, nahiz eta zalantzarik ez dagoen egokitzeko lanean jarraitu behar dugula, aurrean jarriko zaizkigun premia eta erronka berriei aurre egin ahal izateko.
Beste kontu batzuetara joz, ULMA Taldearen etorkizuna arrakastaz lantzeko, Taldearen Kultura Kooperatibo indartsua beharko da, zeinean gure pertsonak baitira etorkizun hori eraikitzeko funtsezko piezak. Zure iritziz, zer pauso eman beharko lirateke norabide horretan?
ULMA Taldearen etorkizunaz hitz egiten dugunean, ez dugu arraboletan, orgetan, negutegietan eta horrelakoetan pentsatu behar. ULMA Taldea pertsonek eraiki dugu, eta horrela beharko du izan etorkizunean ere. Gure Negozioak pertsona horiek proiektu sozioenpresarial bat garatzeko erabili dituzten erremintak dira, eta proiektu horrek onura ugari ekarri dizkio gizarteari. Horregatik, gure pertsonengan ongi errotutako Kultura Kooperatibo bat funtsezkoa da aurrera jarraitu ahal izateko eta Talde moduan mantentzeko, geure Negozioak (oraingoak eta etorkizunekoak) modurik efizienteenean kudeatzeko, baina nor garen eta nondik gatozen ahaztu gabe.
Horretarako, garrantzitsua da mekanismoak sortzea Kultura hori, definitzen gaituzten Balio eta Printzipio horiek, ULMAn lan egiten dugun pertsona guztiei transmititzeko. Ez da zeregin erraza izango, eta gutako bakoitzaren laguntza beharko da. Kultura Kooperatiboa ez da soilik goitik behera transmititzen (nahiz eta baita horrela ere), baizik eta norabide guztietan: lankide bileretan, lanpostuetan, atsedenlekuetan…. Gure erakundeen barruan Kultura Kooperatibo hori mantentzea eta hedatzea ULMA Taldea osatzen dugun guztion zeregina da.
Azkenik, ULMA Taldeko kolektiboari helarazi nahi diozun mezuren bat?
Nahiz eta badirudien krisi garaiak datozela, Negozio batzuk errentagarritasun onak lortzen ari dira, eta beste batzuk positibo ari dira eboluzionatzen. Hori oso lagungarria da arazoak izaten ari diren Negozioentzat edo bidean oztopoak aurkitzen ari direnentzat. ULMA bezalako Talde bateko kide izatea indargune handia da, gure historian zehar frogatu denez, Negozioei krisi eta zailtasun uneak gainditzen laguntzen dielako. Argi dagoena da harrotasunez ikusi behar dugula zer garen, eta ohartu behar garela interkooperazioa dela gure indargune nagusietako bat Talde gisa aurrera egin ahal izateko. Denon laguntzarik gabe, ezinezkoa izango zen iritsi garen lekuraino iristea, eta horrela jarraituko dugu aurrera egiten, gutako bakoitzaren eta guztion laguntzarekin.
Elkarrizketa argitaratu da: ULMA taldeko Begira aldizkarian.