Ulma Fundazioak Taldeko pertsonen elkartasun eta konpromisoa bideratzen ditu

Honduraseko ACOESekin (Lankidetza eta Esfortzua Elkartea) antolatutako Elkartasun Azoka, argazkilaritza eta pintura erakusketa zikloa, eta ACNUR Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi mandatariarekin batera antolatutako kanpaina dira Ulma Taldeak urtearen lehen zati honetan sustatutako egitasmoetako batzuk.
Card image cap
2015/08/21

Ulma Taldeko bazkide eta langile askoren elkartasunari esker, premiazko janariz eta higiene produktuz betetako poltsak jaso eta ACOESeko kideek Hondurasera bidali zituzten, hango etxerik behartsuenetan banatzeko. Babes handia jaso duen egitasmo honekin bukatu zuen Ulma Fundazioak 2014 eta urte berriari ongietorria eman zion.

Aurtengo berrikuntzetako bat izan da Ulma Taldeko harrera lekua egokitzea zaletasun artistikoak dituzten bazkideen eta langileen erakusketetarako. Natxo Santos Ulma Constructioneko bazkidearen eskutik eman zitzaion hasiera erakusketa zikloari.

Ulma Fundazioaren nazioarteko lankidetzako beste egitasmo bat maiatzaren 22an jarri zen abian, ACNUR Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi Mandatariarekin batera. Egitasmoaren helburua izan zen SMS bidez dirua biltzea bizilekua utzi behar izan duten eta errefuxiatuak diren haurren malnutrizioa arintzeko. Bildutako diruak barra energetikoak banatzen laguntzeko balio izan du, horiei esker bermatzen da 12 urte arteko haurrak elikatzea eta ondorengo hazkuntza osasungarria izatea.