Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
Txomin Garcia: "Laboral Kutxan Garapen Jasangarrirako Helburuek adierazten duten bidearen zati bat egin dugu jada"
Laboral Kutxak pasa den apirilaren 8an egin zuen bere Ohiko Batzar Nagusia. Euskal kreditu-kooperatibako bazkideak Donostiako Kursaal Jauregian bildu ziren, eta aho batez babestu zuten entitatearen 2021eko ekitaldiko gestioa. Ezarritako hurrenkerari jarraikiz onartu zituzten iazko ekitaldiari dagozkion urteko kontuak eta gai-zerrendan proposatutako gainerako puntuak. Era berean, bertaratutako bazkideek eta streaming bidez parte hartu zutenek aukera izan zuten aurtengo ekitaldirako jarduketa-plana ezagutzeko, baita kooperatibak etorkizunari aurre egiteko prestatu zituen ildo estrategikoak ere.
Protokolozko agurren eta formalismoen ondoren, Laboral Kutxako lehendakariak, Txomin Garcíak, agertokiko atriletik hitz egin zien bertaratuei, eta ekonomia- eta finantza- testuingurua baldintzatzen duten gako nagusiak aztertu zituen.
Hala, bigarren mundu-gerratik hona BPGd-aren galerarik handienak izan ondoren, hazkunde nabarmena iritsi zen 2021an: %5etik gorakoa Euskadin, Espainian eta eurogunean. Hazkunde-tasa hori AEBko eta munduko tasa baino hamarren batzuk txikiagoa besterik ez zen izan. Hala ere, 2022 honetarako aurreikuspen ekonomikoak ziurgabetasunez beteta daude munduan. Europan gerra pizteaz gain, euroaren historiako CET1 ratioarekin inflaziorik handienarekin amaitu zen 2021. urtea. Europako Banku Zentralak dioenez, inflazio-tasa % 5,1 eta % 7,1 artekoa izan liteke Europan. Gainera, aurtengo hazkunde- tasa esperotakoa baino puntu-erdi txikiagoa izango da.
Banku-jarduerari dagokionez, funtsezko bi elementu azpimarratu zituen kooperatibako agintariak: interes-tasa apal-apalak, azken urteotan sektorearen errentagarritasuna oztopatu dutenak, eta COVID-19aren pandemia, 2020ko martxoaz geroztik guztion bizitza hainbeste baldintzatu duena.
Faktore horietatik bat ere ez da erabat zuzendu oraindik. Hala ere, Laboral Kutxako lehendakariaren hitzetan, «badira kezka edo mehatxu berriak, aurreko horien larritasuna aldi baterako ahantzarazi dutenak». Ukrainako gatazka belikoaz ari da, noski.
García argi eta garbi mintzatu zen: «Gerrarekin edo gerrarik gabe, birusarekin edo birusik gabe, interes-tasa apal-apalekin edo horiek gabe, gure jardunbideak gaur egungo kaudimen-egoerara ekarri gaituena izaten jarraitu behar du: gestio zorrotza, arriskuak onartzeko zuhurtasuna, kostuen kontrola eta gure bezeroen fidelizazioaren eta gogobetetasunaren hobekuntza».
Lehia-ingurunea aztertu ondoren, Laboral Kutxaren negozioaren aldagai nagusiek iazko ekitaldian izan duten portaera aipatu du Txomin Garcíak, eta, «elementu negatibo guztiak eta ziurgabetasun handia gorabehera, kuantitatiboki ekitaldi ona» izan dela iritzi dio.
Laboral Kutxa taldeak, partaidetzako enpresen —aseguru-konpainiak, funts-gestoreak eta higiezinen agentziak— kontabilitate-integrazioaren bidez osatuak, 108,8milioi euroko mozkin bateratuak lortu ditu 2021ean zergak ordaindu ondoren, 2020an baino % 24,4 handiagoak. Funts propioen gaineko errentagarritasuna edo ROEa —Return of Equity— % 5,78ra igo da.
Entitateak bitartekoturiko baliabideak 28.304 milioi eurokoak izan dira, guztira, 2021aren amaieran, urtetik urtera % 8,3 gehitu ondoren. Balantzetik kanpoko figurei dagokienez, guztizko saldoak % 14,4 egin du gora. Horietatik, inbertsio-funtsen saldoak % 21,7 igo dira, eta aurreikuspen- zein pentsio-planen ondarea, % 7,1.
Positiboak izan dira, halaber, kreditu-inbertsioaren bilakaerari buruzko datuak. Oro har, kredituen saldo bizia % 4,7 handitu da, eta 15.391 milioi eurokoa izan da ekitaldiaren amaieran.
Aseguru-jardueraren emaitzak 47,4 milioi eurokoak izan dira, aurreko ekitaldian baino % 3,3 handiagoak, eta maximo historikoetara iritsi dira. Aseguru-konpainien irabazi espezifikoak ez ezik, finantza-erakundeari egoztekoak diren merkaturatze-komisioak ere sartzen dira jarduera horretan.
Laboral Kutxaren negozioaren ratio nagusiak hobetu egin dira urtean zehar, eta oso positiboak dira sektorearen datuekin alderatuta. Hala, CET1 kapital-ratioa, lehen mailako kapitala arriskuaren arabera haztatutako aktiboekin alderatzen duena, % 21,81era iritsi da. Emaitza horrekin, entitateak finkatu egiten du lidergoan duen posizioa, eta alde nabarmena ateratzen die lehiakide nagusiei. Likideziari dagokionez, LTD ratioa % 63,56koa da, eta horretan ere posizio sendoa du entitateak bere negozio-planei aurre egiteko.
Azkenik, zalantzagarritasunari dagokion adierazleak puntu-erdi bat egin du behera urtean zehar, % 2,8raino. Hala ere, itxura guztien arabera, banka-sektoreko kreditu- arriskua handitu egingo da berriro, arrazoi hauek direla medio: COVID-19aren garaian Estatuaren abala izan duten finantzaketaren moratoria eta gabealdien amaiera; Europan joan den mendetik ezezaguna izan den gerra-egoera, eta inflazioaren gorakada, euroa sortu denetik aurrekaririk izan ez duena. Gauzak horrela, «espero izatekoa da egoera makroekonomiko ahulagoa, eta litekeena da datozen hiruhilekoetan berankortasuna igotzea», iragarri du LABORAL Kutxako lehendakariak.
Beste hau ere azpimarratu du Txomin Garcíak: entitateak emaitza bikainak lortu ditu bezeroek banku-zerbitzuarekin duten gogobetetasuna neurtzeko STIGA agentzia independenteak duela gutxi Estatuan egindako ikerketa batean. Izan ere, LABORAL Kutxa sektorearen batezbestekotik gora dago argi eta garbi bezeroen gogobetetasunari buruzko ia adierazle guztietan, baita banku-kanal guztietan ere (Internet, banka mugikorra, kutxazain automatikoa, bulegoa eta telefono bidezko banka).
Finantza-sektorearen etorkizuneko erronkak
Hitzaldiaren amaieran, banka-sektorearen egungo egiturazko aldaketa deskribatu du Txomin Garcíak, eta LABORAL Kutxaren erronka nagusiak aipatu ditu, haren ustez entitateak bere jarrera optimoari eusteko gerora begira aurre egin beharrekoak:
- Zibersegurtasuna da entitatearen arreta berezia erakartzen jarraituko duten erronketako bat; izan ere, LABORAL Kutxako lehendakariaren esanetan, «nahitaezkoa da etengabeko prestakuntzan eta eguneratzean sakontzen jarraitzea, bai gure lantaldeentzat, bai gure bezeroentzat». Ildo horretan, digitalizazio-indizerik handiena duen sektoreetako bat da banka. Beraz, zibersegurtasunaren gestioa funtsezko elementutzat jo du.
- Txomin Garcíak aipatutako beste erronka nagusi bat jasangarritasuna da, zentzurik zabalenean hartuta. Horretaz, argi eta garbi mintzatu da entitateko lehendakaria: “Ez dugu ordezko planetarik». Beraz, ekonomia-eredu zirkularrago bat proposatu du, ingurumena hobeto babestuko duena eta gizartearen aldetik inklusiboagoa dena. Haren iritzian, finantza-sektoreari dagokio produkzio- eta kontsumo-sistemaren nahitaezko eraldaketa bultzatzea. Zentzu horretan, LABORAL Kutxaren abantaila bereizgarri hau nabarmendu du: «Garapen Jasangarrirako Helburuek, GJH ezagunek, jarraibide bat adierazten dute, eta guk, geure jatorriari esker, bidearen zati bat egin dugu jada».
- Berrikuntza da azken erronka nagusia. Horri dagokionez, ikaragarria da digitalizazioari esker finantza-sektorean gertatu den iraultza: «Familia berean elkarrekin bizi daitezke transferentzia bat egiteko edo ordainagiri bat ordaintzeko banku-bulegora joaten diren pertsonak eta Bizum zerbitzuaren erabiltzaileak, bulego batean inoiz sartu ez direnak. Berrikuntza konstante bat da, etengabeko eboluzioan dago».
Ildo horretan, «banka konektatua eta digitala, arina eta sinplea» proposatu du Txomin Garcíak. Finantza-entitateek eta haien bezeroek elkarri eragiteko prozesuak jada ez dira linealak; aitzitik, alderdi guztiek sarean lan egiten duten harreman-eredua sortu da. Gero eta ekosistema irekiagoak ditu sektoreak, sare arina da, non finantza-erakundeek eta beste aktore batzuek esku hartzen baitute. Bezeroa ulertzea eta hari irtenbideak eskaintzea da erronka, eta, horretarako, «datuen erabilera eta kudeaketa menderatu behar dira balio-kate osoan».
2022ko ingurune lehiakorra eta Gestio Plana
Ondoren, 2022ko Gestio Planaren alderdirik garrantzitsuenak azaldu ditu Xabier Egibarrek, LABORAL Kutxako zuzendari nagusiak. Testuinguru makroekonomiko «zaila eta ziurgabetasunez betea» dela ohartarazi du kreditu-kooperatibako lehen exekutiboak, eta testuinguru horretan kokatu du aurtengo Gestio Plana. Egoera korapilatsu horrek «eragotzi egiten digu etorkizuna gutxieneko fidagarritasunez» ikustea, ohartarazi du.
Hala, gaur egungo gatazka geopolitikoek eragindako inpaktu negatiboak, mehatxuak eta arriskuak aipatu ditu, baita hazkunde ekonomikoarentzako arriskuak eta inflazioa ere. Azaldu du, bestalde, interes-tasen egoera normalagoa etor daitekeela eta horrek «emaitza-kontuaren bilakaera hobea» erraztu dezakeela. Ekitaldiaren amaierari begira aurreikuspen hauek egin ditu Xabier Egibarrek, zuhurtziaz egin ere: LABORAL Kutxak 120 milioi euro irabaziko ditu zergak ordaindu ondoren; horrenbestez, bi digituko hazkundea izango du mozkinetan, 2021eko emaitzekin alderatuta.
Arlo estrategikoan, zuzendariak konfiantza erakutsi du kooperatibaren indarrari dagokionez. «Merkatuaren egoerak eta gure lehia-posizioak hainbat aukera eskaintzen dizkigute, eta guk aprobetxatu egin behar ditugu aukera horiek», esan du. Hala ere, azken gertaera geopolitikoek baldintzatu egin lezakete aurreikuspen hori. Dena dela, LABORAL Kutxak esku artean darabilen eraldaketa-prozesua bizkortzeko asmo irmoa duela azpimarratu du Egibarrek.
Hitzaldiaren alderdi kualitatiboan, hiru erronka nagusi aipatu ditu Egibarrek, entitateak aurre egin beharrekoak. Elkarri lotutako hiru erronka dira, gainera. Lehenik, entitateak likideziaren aldetik posizio bikaina duela nabarmendu du. Posizio hori oinarri sendoa omen da entitateak bere negozioa garatzeko eta errentagarritasuna finkatzeko. Bigarren erronka, aurrekoarekin lotura estua duena, kreditu-inbertsioaren bolumena handitzen jarraitzea da. Ohiko banka-negozioaren oinarria da hori, eta emaitza-kontuaren goiko aldea hobetzeko balio du.
Hirugarren erronka, LABORAL Kutxako zuzendari nagusiaren ustez, «negozio-eredua egokitzen jarraitzea da», eta, horrekin batera, errentagarritasun-eredua. Egokitzapen horren helburua da diru-sarrerak sortzeko iturrien dibertsifikazioa, «ziklo eta koiuntura guztietan diru-sarrerak sortzeko ahalmena indartzeko».
Aipatutako hiru erronkak betetzeko, lehentasunezko lau negozioetara bideratu behar du entitateak bere jarduera komertziala. Negozio horietatik lehen biek kreditu-zorroaren bolumena handitzea dute helburu, hipoteka-mailegu berriak formalizatzearen eta merkataritza-finantzaketa bultzatzearen bidez.
Lehentasunezko hirugarren negozioa aseguruen arloa da. Horri dagokionez, banka eta aseguruak barne hartzen dituen proposamena da LABORAL Kutxaren bereizgarria, non bi negozioen —finantzak eta aseguruak— integrazioaren lehia-potentziala bereziki garrantzitsua baita gero eta digitalizatuagoa den ingurunean. Honela mintzatu da Xabier Egibar: «Aseguruen negozioak ekarpen handiagoa egingo die gure irabazi bateratuei, egungo salmenta-mailaren hazkundeari, ezbehar-tasa onari eta balio-katearen kostuen kontrolari esker».
Azkenik, inbertsio-funtsak dira zuzendari nagusiak aipatutako laugarren eta azken negozioa. Ildo horretan, entitatearen asmoa da aurtengo ekitaldia mugarri bat izatea bezero aurreztaile eta inbertitzailearekin dituen harremanen eraldaketan. Izan ere, LABORAL Kutxak bere produktu- eta zerbitzu-eskaintza hobetzen jarraituko du, salmenta-eredua oinarri hartuta. Eredu hori «profesionala, gardena eta arduratsua da, eta konfiantza eta fidagarritasuna sorrarazten ditu bezero eta gestoreen artean», ziurtatu du.
Eraldaketa digitala
Entitatea egiten ari den eraldaketa digitala jorratu du zuzendari nagusiak hitzaldiaren azken zatian: «Gure bezeroekiko harremanen digitalizazio-prozesua gertatzen ari da, eta guk indar handia egingo dugu prozesu horretan laguntzeko: aukerarik onenak eskainiko dizkiegu, pertsona ardatz duen arreta-eredu hibrido baten barruan eta teknologia oinarri hartuta, bezeroei irtenbiderik onenak emateko». Egibar pozik azaldu da LABORAL Kutxa bost entitate nagusien artean kokatu baita bezeroek banka mugikorrarekin duten gogobetetasunaren aldetik.
Entitateak «ikuspegi holistiko batez» ulertzen du digitalizazioa. Ikuspegi horrek erakunde osoa hartu behar du barne, eta bi helburu nagusi ditu: «Erakundearen efizientzia hobetzea eta gure bezeroei balio-proposamen hibridoa egitea». Helburu horiek betetzeko, ezinbestekotzat hartu du «entitatearen barne-ohiturak eta kultura digitala egokitzea».
Laboral Kutxan, bezeroekiko harreman pertsonalizatua, hurbila eta profesionala estrategiaren erdigunea izango da beti.
Hori dela eta, bulegoa izango da beti bezeroekin harremanetan jartzeko espazioa, bulego-eredu digitalizatu eta jasangarria, hub multikanal bihurtua, «non pertsonek elkarreragina izan dezaketen formatu hibrido batean: presentziala edo/eta digitala, bezeroen lehentasunen arabera».
Digitalizazioari esker, entitateak hedapen-estrategiari ekin diezaioke, lehen baino askoz kapilaritate txikiagoarekin. Horrez gain, entitateak efizientzia-irizpideei jarraituko die lehiakorra izaten jarraitzeko, betiere zerbitzu-kalitatearen estandarrei eutsita. Ildo horretan, arretaz begiratuko dio bezero-segmentuen eboluzio-abiadura desberdinari, antolatu, egokitu eta digitalizatzeko prozesu hori bortxatua izan ez dadin, eta are gutxiago bezerorik ahulenekin».
Hori dela eta, pandemiaren faserik kritikoenak gainditu ondoren, erabaki hau hartu du LABORAL Kutxak: kutxa-zerbitzua 14:00ak arte irekitzea bulego guztietan, eta ordutegi horretan zerbitzu guztiak eskaintzea bezero guztiei. Era berean, telefono bidezko arreta- ordutegia luzatu egingo du, eta Telebanka zerbitzua goizeko 07:00etatik gaueko 12:00etara bitartean erabili ahal izango da etengabe, asteko zazpi egunetan.
Xabier Egibarrek, bere hitzaldiaren amaieran, jasangarritasunaren gaiari heldu dio, lehenago Txomin Garcíak egin duen bezala: «Jasangarritasuna dugu eragin beharreko beste palanka handia, Europar Batasunak finantza-sektoreaz duen ikuspegiari jarraikiz: ekonomia-eredu jasangarriago baterako trantsizioa azkartzeko tresna». Baina, oroz gain, kooperatibako bazkide guztien asmoa argi eta garbi azaldu du Egibarrek: «Gizarte aberatsagoa eta bidezkoagoa sortzen lagundu nahi dugu». Gogoratu du, gainera, jasangarritasuna dela LABORAL Kutxaren sorrerako indar historikoetako bat.