Irakurriena
- 1. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 2. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 3. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 4. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 5. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 6. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 7. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 8. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 9. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 10. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
Trantsizio energetikoan eragiteko gakoak identifikatu ditu Debagoiena 2030 ekimenak
Debagoiena 2030 ekimenak 2020aren bukaeran ekin zion trantsizio energetikoaren erronka lantzeari. Eskualde adimentsu, inklusibo eta klimatikoki neutro bateranzko bidean, trantsizio energetikoaren gaia lehentasunezkotzat du ekimenak. Hala, energia trantsizioak Debagoienean dituen ezaugarriak aztertzen aritu da gero, erronkaren erpin desberdinetan eragiteko gaitasuna izango duen esku-hartze proposamen bat aktibatzeko helburuarekin. Zentzu horretan, D2030 ekimenak eman duen lehen urratsa energia trantsizioaren errealitatea Debagoiena mailan zein den ezagutzea izan da, zehatzago, eremu urbanoko energia eredua aztertu du ekimenak. Joan den astean, diagnostiko hori partekatu zuen D2030 egitasmoak online egindako saioan, eskualdeko 50 eragilerekin.
Diagnostikoa garatu duen Debagoiena2030 ekimeneko kide Aritz Ameztegik, gaiaren lehentasunezko izaera azpimarratu zuen: “Europatik datozen legedi eta irizpideak berdez jantzita datoz. Azken urteetan eman den bilakaera nabarmena da eta lerrokatuta behar dugu zentzu honetan. Gainera, aldaketa klimatikoak epe bat dauka. 1,5 gradu baino gehiago ezin da igo lurraren tenperatura 2050erako eta une horretan izango ditugun uztak jasotzeko orain hasi beharra dago”.
Lurraldearen garapen komunitarioan sakonduz, 2050. urterako adimentsua, inklusiboa eta klimatikoki neutroa izango den Debagoiena bateranzko eraldaketa bultzatzea helburu duen lankidetza sare irekia da D2030 ekimena.
Analisi/diagnosiaren garapena, elkarlanean
2020ko urrian hasitako analisi edo esplorazio fase hori elkarlanean burutu da. Horretarako, besteak beste, 22 elkarrizketa egin dira eskualdeko eragile gakorekin (instituzio publikoetako ordezkari tekniko eta politikoak eta adituak) eta 24 ikerketa/txosten ere aztertu dira. Gainera, zazpi legedi eta bi plan ere aztertu dira.
Esan bezala, esplorazio horren lehen emaitza joan den astean aurkeztu zitzaien Debagoieneko eragile desberdinei. Hilabete honetan zehar garatutako prozesua eta joan den asteko saioa bera oso positiboki baloratu dute antolatzaileek. “Prozesu guzti honetan eragile anitzen parte hartzea izan da azpimarragarriena, Martxoak 3ko saioa izan daiteke adibide argia non energiaren inguruan jarduteko 50 pertsona baino gehiago konektatzea lortu genuen. Oso pozik gaude emaitza honekin. Konplexutasun maila honetako erronka baten aurrean inpaktu handiko erantzun bat lortzeko hau ezin bestekoa da”, azaldu du prozesuaren arduradun Jone Espillak. Eta erantsi zuen: “Gehienok dakigu erronka galanta dugula aurrean baina zorionez lanean jarraitzeko gogotsu gaudenak ere asko gara”.
Analisi kolektiboa eskualdeko eragileekin
Online egindako saio kolektiboan, analisi hori azaltzeaz gain, horien gaineko ekarpenak jaso zituen Debagoiena 2030 ekimenak. Saioan parte hartu zuten 50 erakunde inguruk, besteak beste, erakunde publikoek –hala nola, Arrasateko, Antzuolako, Bergarako, Elgetako eta Oñatiko udalek, Debagoieneko Mankomunitateak edo Gipuzkoako Foru Aldundiak–, enpresa pribatuek eta kooperatibek –Fagor, Mondragon, ULMA, Soraluce S.Coop...– hezkuntza eragileek zein energiaren bueltan lanean dihardutenek –hala nola, Goiener, Ekitermik, H-Enea, Suradesa…).
Identifikatutako azpi-erronkak
Hala, analisi fase honetan, Debagoienean iraunkorra, berriztagarria eta inklusiboa izango den eredu energetikoa sustatzeko helburuarekin, hiru azpi erronka desberdin identifikatu dira.
- Eraikinen eraberritze energetikoa sustatzea.
- Energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumoa sustatzea, burujabetza energetikoa ipar izanda, herritarrak energia sorkuntza berriztagarrian inplikatzea bultzatuz.
- Trantsizio energetikoaren inguruan sor daitezkeen jarduera ekonomiko berriak sustatzea.
Azpi-erronkei erantzuteko oinarriak
Aipaturiko azpi erronkei erantzuteko lau oinarri identikatu dituzte.
- Herritarren sentsibilizazioa lantzearena
- Eredu kolaboratiboan jardutea
- Debagoienean jadanik badauden egitura eta dinamikak indartzea
- Soluzio berrien laborategi baten bitartez, erronkei erantzuna emango dien soluzioak identifikatu eta prototipatzea.
Behin lanketa fase hau bukatuta, esku-hartze fasera pasatzea izango da hurrengo urratsa.