Talentua, berrikuntza eta patenteak
Pertsonak eta pertsona horien sormen eta ahaleginari esker sortzen den kapital intelektuala. Hau horrela izanik, jar ditzagun neurriak kapital intelektual hori babesteko, horretarako jabetza industrial eta intelektualak eskaintzen dizkigun tresnak erabiliz, hala nola patenteak, diseinuak, markak, autore eskubideak eta enpresa-sekretuak. Eta berrikuntzaren emaitzak babesterako orduan jar dezagun arreta berezia patenteetan, aparteko garrantzia dute-eta. Jar ditzagun, beraz, patenteak talentuaren eta berrikuntzaren zerbitzura.
Patenteak zertarako?
Egin beharreko galdera, ordea, honako hau da: patenteak zertarako? Gure produktu edo zerbitzuen balio proposamenarekin erlazionatutako ezaugarri teknikoak babesteko, era horretan merkatuan esklusibotasuna lortuz. Hortaz, patenteek inpaktu bat eduki behar dute gure negozioan, patentea negozio tresna bat da. Gure abantaila konpetitiboa neurri handi batean zerbait berezia, ezberdina, bakarra, esklusiboa eskaintzean oinarritzen badugu, nahitaezkoa da gure asmakuntzak babesteko daukagun negozio tresna printzipala behar bezala erabiltzea.
Askotan gertatzen dena da patenteen gaia berandu eta gaizki jorratzen dela berrikuntza prozesuetan. Gainera marketin arloa (balio proposamena zein izan behar den dakiena), I+G arloa (ezaugarri teknikoak garatuko dituena) eta patente arloa (esklusibotasuna sortzeaz arduratuko dena) hasieratik sintonian ez badaude, ez badira behar bezala komunikatzen, hizkuntza ezberdinetan mintzo badira, jai daukagu.
“Berrikuntzaren emaitzak babesterako orduan jar dezagun arreta berezia patenteetan, aparteko garrantzia dute-eta. Jar ditzagun, beraz, patenteak talentuaren eta berrikuntzaren zerbitzura”
Berrikuntza eta patenteak
Berrikuntza proiektuaren hasieratik hiru arlo hauek komunikaturik eta koordinaturik badaude, eta negozio modeloarekin eta negozio helburuekin bat datorren jabetza industrial eta intelektualeko estrategia bat finkatzen badugu, inpaktudun patenteak sortzeko probabilitateak izugarri haziko dira. Gainera, patenteak berrikuntza prozesuan lehen minututik integratzeak badakartza beste bi onura ere: (i) proiektua garatzeko oso erabilgarri izango den informazio teknikoa lortzea proiektuaren hasieran besteen patenteak aztertuz; eta (ii) besteen patenteak urratzeko arriskua minimizatzea hirugarren horien esklusibotasun eremuak garapenean zehar kontuan izanda.
Patenteak berrikuntza prozesuetan behar bezala txertatzeko sor dezagun enpresetan benetako patente kultura bat. Jar ditzagun talentua eta berrikuntza (zentzurik zabalenean ulertuta) patenteen kudeaketa egoki baten zerbitzura.