Irakurriena
- 1. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 2. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 3. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 4. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 5. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 6. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 7. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 8. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 9. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 10. Zorionak mende erdiko bideagatik!
Sukaldatu proiektuak 1.200 ikasle hartuko ditu aurten
Basque Culinary Centerrek, Ikastolen Elkarteak eta Eroskik “Sukaldatu” proiektuari eutsiko diote 2015-2016 ikasturte honetan ere. Proiektuaren helburua familiarteko sukaldaritza sustatzea da, elikadura osasungarria bultzatzeko bide egokia delakoan. Asmo hori erdiesteko, 10 eta 14 urteko neska-mutikoek taldeka ikasiko dute kozinatzen, astebetez, euren ikastetxeetan bertan. Sukaldaritzan murgiltzea da asmoa eta, hartara, talde bakoitzak egun batez ahalik eta gehiena ikasiko du sukaldaritzari buruz: erosketak egiten, urte-sasoiko eta tokiko produktuak ezagutzen, janaria prestatzen eta prozesu osoa hasieratik amaierara barneratzen.
Ikasturte honetan guztira EAEko eta Nafarroako 15 ikastolak, 10 eta 14 urte bitarteko 1.200 neska-mutikok eta horien gurasoek hartuko dute parte. Proiektuaren abiapuntua honako gogoeta hau da: elkarrekin kozinatzea eta jatea funtsezkoak dira familian eta heziketan, batez ere ikasleentzat.
Zehazki, sukaldaritzak arlo batzuetan duen eginkizuna nabarmendu nahi du “Sukaldatu/A Cocinar” proiektuak; izan ere, sukaldaritzak eragin handia du, besteak beste, osasunean, familiarteko harremanetan eta baita tokiko aberastasunean ere, tokiko produktuen bidez. Osasunaren alorrean, garrantzi handikoa da osasunari lotutako jarraibideak txertatzea eguneko otorduen plangintzan, baita produktu freskoak erabiltzea eta sukaldaritzari denbora eskaintzea ere. Izan ere, jatearen ekintza ezin da inolaz bereizi beraren aurreko ekintzatik (gizateriaren garapenean horren garrantzitsua den janaria prestatzeko ekintzatik, alegia); are gehiago, ezinezkoa da janaria prestatzeko ekintza taldean, eta batik bat familiartean, jateko ekintzatik bereiztea. Horrenbestez, jatea –eta, aldez aurretik, kozinatzea– funtsezkoa da familiaren kohesioa eta herrialde baten kultura soziala indartzeko.
Goraka doan programa
“Sukaldatu” programan, aste bateko lau goizetan lantegiak egingo dira hainbat ikasgelatako ikasleekin. Nutrizio-jarraibideak eta elikatzeko ohitura osasungarriak ez ezik, tokiko eta urte-sasoiko produktuak eta sukaldaritzari buruzko nozioak ere irakatsiko zaizkie. Neska-mutilek irakasleekin batera egingo dituzte erosketak, ondoren janaria lantegian prestatu eta, azkenik, kozinatzeko erabili duten eremua garbitu egingo dute. Gainera, sukaldean aritu ondoren, prestatutako jakiak elkarrekin jango dituzte. Gurasoekin egingo diren saioei dagokienez, asteko bi arratsaldetan izango dira, Basque Culinary Centerreko irakasle baten eskutik.