Irakurriena
- 1. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 2. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 3. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 4. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 5. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 6. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 7. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 8. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 9. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 10. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
"Sormena izango da etorkizuneko petrolioa"
«Hezkuntzari beste ikuspuntu batetik begiratzeko» sortu du Mondragon Unibertsitateak Mendeberri 2025 hezkuntza proiektua, Jon Altuna unibertsitateko errektoreorde akademikoak (Lazkao, Gipuzkoa, 1971) atzo Hernanin (Gipuzkoa) egindako aurkezpenean azaldu zuenaren arabera. Adierazi du gaur egun aldaketa «sakonak» gertatzen ari direla gizartean, eta ikasleek gai izan beharko dutela erronka berriei «aurre egiteko».
Zer da Mendeberri 2025 egitasmoa, eta zer ekarpen egingo dio hezkuntza sistemari?
Iruditzen zaigu datozen urteetan, ziurgabetasunez beteta egongo diren urte horietan, ezinbestekoa izango dela nork bere garapen pertsonala izatea eta bakoitzak bere burua ezagutzea.
Mendeberri 2025 hezkuntza proiektua ulertzen dugu hezkuntza eraldatzeko prozesu moduan. Azken batean, guk egiten dugun hausnarketa da gizartean gero eta aldaketa bizkorragoak gertatzen ari direla, eta, ezinbestez, gure hezkuntza prozesua etengabe hobetzeaz gain, beharrezkoa iruditzen zaigu eten bat egitea, begirada aldatzea eta hezkuntza ikusteko beste ikuspuntu bat ekartzea unibertsitatera. Agian azkeneko urteotan saiatu gara sektore profesionaletik heldu ziren eskakizunei erantzun bat ematen: konpetentzietan oinarritu gara, formakuntza dualean, eta abar. Zentzu horretan, datozen urteetan, ziurgabetasunez beteta egongo diren urte horietan, ezinbestekoa izango da nork bere garapen pertsonala izatea eta bakoitzak bere burua ezagutzea. Horrela, bi alderdi horiek orekatu ditugu: alde batetik, sektore profesionaleko betebeharrak, eta, bestetik, garapen pertsonalekoak.
Zein dira, bada, gizartean gertatuko direla aurreikusten duzuen aldaketa horiek?
Fenomeno askok ohartarazten digute aldaketak egongo direla. Baina nik esango nuke, adibidez, energiak eta klima aldaketak sekulako eragina eta inpaktua izango dutela gure gizartean. Globalizazioaren fenomenoetako bat errealitatea da dagoeneko: immigrazioa. Halere, hemendik urte batzuetara, fenomeno askoz handiagoa izango da. Gure gizartearen kasuan, berriz, biztanleria zahartzea izango da fenomeno nagusietako bat. Ondorioz, gazte belaunaldia gero eta talde txikiagoa izango da, eta, nire iritziz, horrek izugarrizko eragina izango du ongizate estatuan, baita gaur egun ezagutzen ditugun eta sortu ditugun hainbat erakunde eta elementutan ere.
Proiektuaren aurkezpenean azaldu duzu egitasmo berri honen «misioa» izango dela ikasleak herritar kritiko bilakatzea. Zerekin izan beharko dute ikuspegi kritikoa?
Kritikoa ez den pertsona batek ez du egoeraren diagnostiko erreal bat egiten.
Ikuspegi kritikoa esaten dugunean, adierazi nahi dugu inguruan ikusten duten guztiarekin izan behar dutela kritikoak. Gure ustez, orain arte gure ikasleak lanbide jakin baterako prestatu ditugu: lanbide jakin bat ikastea erabaki dute, eta guk lanbide hori gauzatzen irakatsi diegu. Baina, segur aski, lanean ariko diren pertsona horiek eraldatu egin beharko dute euren lanbidea, lan munduan gertatuko diren aldaketak direla eta. Lanbidea eraldatu beharko dutela diodanean, ez dut esan nahi dena hankaz gora jarri beharko dutenik, baizik eta moldatu egin beharko dutela gertatuko diren aldaketa horietara, eta irtenbide bat bilatu beharko dute horretarako. Horri deritzogu eraldatzea, eta horri deritzogu kritiko izatea. Kritikoa ez den pertsona batek ez du egoeraren diagnostiko erreal bat egiten, eta, horregatik, uste dut gaitasun kritikoa izatea pertsona bakoitzaren ezaugarri pertsonal bat dela: errealitatea ongi ezagutzea, eta horri buruzko diagnostiko bat egitea.
Ezaugarri horretaz gain, beste batzuk ere aipatu dituzue ikaslearen profilari dagokionez. Zein dira oinarrizkoak?
Denak dira beharrezkoak. Bizpahiru nabarmendu beharko banitu, esango nuke oso garrantzitsua dela sortzailea eta eraldatzailea izatea. Nire iritziz, sormena izango da etorkizuneko petrolioa. Kritikoa eta analitikoa izatea hartara norbera eraldatzailea izateko bere egoerarekin, egoeraren analisi kritiko bat egiteko; horretaz gain, kooperazioa lantzea ezinbestekoa iruditzen zaigu, lankidetzarako funtsezkoa baita kooperazioa.
Adierazi duzue ebaluazioa erdigunean egongo dela, eta, gainera, aldaketak egingo dituzuela. Zer gabezia ikusi dituzue?
Bi aldaketa egingo ditugu ebaluazioan: batetik, ez dugu ebaluatuko soilik bukaerako emaitza edo ikaskuntzaren emaitza. Emaitza akademikoaz gain, ebaluatu nahi dugu pertsonarengan sortzen ari garen eragina, eta eragin hori neurtu. Bestetik, ikasleari ikasteko autonomia eman nahi badiogu, ezinbestean bere burua ebaluatzen jakin beharko du.
Elkarrizketa honen iturria: https://www.berria.eus/paperekoa/1874/014/001/2019-04-09/sormena-izango-da-etorkizuneko-petrolioa.htm