Sharmak eta Artemanek bat egin dute, enpresa ekitaldietan zerbitzu integrala eskaintzeko

Catering eta komunikazio alorretan enpresa eta erakundeei ekitaldien antolakuntzan zerbitzu integrala eskaintzea du helburu proiektu honek. Gertutasuna, profesionaltasuna, pertsonalizazioa eta malgutasuna dira, besteak beste, bi kooperatiben balio bereizgarriak.
2024/04/23

Sharma eta Arteman kooperatibek bat egin dute enpresa eta erakundeei ekitaldietan zerbitzu integrala eskaintzeko catering eta komunikazio alorretan. Nor bere sektorean liderrak dira, eta kolaborazioak ahalbidetuko du enpresa eta erakundeei euren beharretara egokitutako zerbitzu osoa eskaintzea, izan biltzarra, produktu baten aurkezpena, sari banaketa zein enpresa jaia.

Bi kooperatibek balio amankomunak dituzte: gertutasuna, profesionaltasuna, bikaintasuna, malgutasuna, pertsonalizazioa eta xehetasunen gaineko arreta

Puntako enpresak izateaz gain, gama altuko zerbitzua eskaintzen dute Sharmak eta Artemanek, eta ezaugarri horrek eraman ditu, hain zuzen ere, kolaborazioa abian jartzera. Izan ere, balio amankomunak dituzte biek: gertutasuna, profesionaltasuna, bikaintasuna, malgutasuna, pertsonalizazioa eta xehetasunen gaineko arreta. Horietaz gain, balore kooperatiboetan oinarritzen dira Sharma eta Arteman, biak baitira kooperatibak.

Goi mailako catering enpresa da Sharma, MONDRAGON Korporazioko Ausolan Taldeak sortutakoa. Diseinua, fusioa, pasioa eta tokiko eta garaiko lehengaien kalitate gorena dira bere oinarriak, eta sukaldaritzaren sektorean 50 urteko esperientzia duen talde profesionala dauka atzean.

Arteman, komunikazioaren artisauak 

Arteman, berriz, komunikazio agentzia ko-kreatiboa da, orain 20 urte baino gehiago sortutakoa Arrasaten. Ez dago MONDRAGON Korporazioan baina Korporazioari eta bertako kooperatibei komunikazio eta marketin zerbitzu ugari eskaintzen dizkie. Talde sendoa da, 22 profesionalek osatutakoa, eta komunikazioaren alorrean: markagintza, zuzeneko emisioak, komunikazio kabinetea, diseinu grafikoa, ekitaldien kudeaketa eta marketin digitala zerbitzu eta produktuak eskaintzen ditu.

Kolektibitateentzako sukaldaritza eta garbiketa zerbitzuak