SARS-CoV-2aren transmisio-bideak, gero eta ezagunagoak
Science aldizkarian argitaratutako artikulu batean azaldu dutenez, eztabaida bizia sortu da zenbait alderdiren gainean: transmisio-bide bakoitzaren garrantzia, asintomatikoen eta presintomatikoen rola, adin-talde bakoitzaren ahalmena birusa transmititzeko…
Eztabaida horrek guztiak irudipena eman dezake zalantza handiak daudela; alabaina, artikuluaren egileek baieztatu dute ondo ezagutzen dela transmisioaren oinarria, eta sortzen doan informazio berria ulertzeko euskarria eskaintzen duela.
Infekzio gehienak, % 46-66, etxeetan eta egoitzetan gertatzen direla argitu dute. Izan ere, jende gehiena beste pertsona batzuekin batera bizi da, eta denbora asko igarotzen dute espazio horietan, kontaktu estuarekin. Faktore askok eragiten duten arren, hala nola bizitokiaren neurriak eta ohiturek, transmisioa ohikoagoa da, oro har, bikotekideen artean (leku berean bizi diren beste helduen artean baino bi aldiz gehiagotan gertatzen da), sintomak dituztenetan, eta, adinekoen kasuan, belaunaldi gazteagokoekin batera bizi badira. Etxeetan ez ezik, transmisioa oso erraza da espetxeetan, adinekoen egoitzetan eta migratzaileak jasotzen dituzten etxeetan eta antzekoetan.
Infekzio gehienak halakoetan gertatzen diren arren, ikertzaileek nabarmendu dute transmisio komunitarioa funtsezkoa dela izurriak irauteko. Askotariko elkarrekintzen ondorioz sortzen da, eta, nagusiki, bi eratako fenomenoek sustatzen dute: superkutsatzaileek (infektatu bakarrak pertsona asko kutsatzen ditu) eta anplifikazioek (eskolak, haragia prozesatzeko lantegiak eta elizak). Beste gaixotasun batzuetan ere deskribatu izan dira halakoak, adibidez, elgorrian edo gripean. SARS-CoV-2 birusean, infektatuen % 10ak kutsatzeen % 80 sortzen dituela kalkulatu dute.
Horrez gain, ohartarazi dute, transmisioa oso hedatuta badago, neurri orokorrak ez direla espero bezain eraginkorrak izaten. Aldiz, gertakari superkutsatzaileei zuzendutako berariazko neurriak oso emaitza ona izan ditzakete.
Maila globalean, birusaren azterketa filogenetikoek erakutsi dute distantzia luzeko bidaiek erraz sartzen dutela birusa, baita hura desagerraraztea lortutako lekuetara ere. Bidaiatzea debekatzeak, berriz, emaitza onak eman ditu, esaterako, Txinan.
Hala ere, alderdi batzuk oraindik ezezagunak direla onartu dute: immunitatearen eragina, urtaroena, populazioaren heterogeneizitatea… Ikertzaileen hitzetan, horiek argitu ahala, hobeto jakingo da nola hedatzen den izurria, eta nola egin aurre.