Irakurriena
- 1. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 2. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 3. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 4. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 5. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 6. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 7. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 8. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 9. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 10. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
Mondragon Unibertsitateak saria irabazi du Bilgarri eta Enbajalearen Diseinu eta Jasangarritasun Sari Nazionalean
Mondragon Unibertsitateak sari bat lortu du Bilgarri eta Enbalajearen Berrikuntza Klusterrak antolatutako Bilgarri eta Enbalajearen Diseinu eta Jasangarritasun Sari Nazionalen XIII. edizioan, Solan de Cabras enpresarentzako proiektu batekin. Hain zuzen, accesit bat eskuratu du. Sari horri esker, Graphispack elkarteak eta Bartzelonako Firako Hispack aretoak antolatutako Liderpack sari profesionaletarako sailkatu da proiektua.
Aurtengo edizioan, honako enpresa hauek proposatu dizkiete euren erronkak ikasleei: Ubesol, Solan de Cabras, Trolli, Grupo la Plana eta J2 Servid. Proiektu bakoitzak irabazle bat eta accesit bat —edo gehiago— izan ditu. Guztira, Estatuko 30 ikastetxetako 614 ikaslek aurkeztu dituzte euren proiektu berritzaileak, enpresa horiek proposatutako erronkei erantzuteko. Mondragon Unibertsitateko 64 ikaslek hartu dute parte, Industria Diseinuko 3. mailako 22 taldetan banaturik.
Botilako uraren sektorearen zirkulartasuna
Solan de Cabras enpresak edukiera handiko formatu jasangarria bilatzen zuen etxeko ur-kontsumoari begira, bilgarri eta plastikoen erabilera murrizteko. Honako betekizun hauek eskatzen zituen, zehazki: bilgarria % 100 birziklagarria izatea, etxean metatzeko eta hozkailuan gordetzeko modukoa izatea, eta bertatik edalontzira zuzenean zerbitzatu ahal izatea. Hori guztia tamaina handiko formatuan bideratzea zen erronka; alegia, 8 eta 12 litro bitarteko botiletan. Horrez gain, markaren identitatea islatu behar zuten ikasleen proposamenek, beste eskakizunetako bat baitzen hori.
Guztira, Estatuko 30 ikastetxetako 614 ikaslek aurkeztu dituzte euren proiektu berritzaileak, enpresa horiek proposatutako erronkei erantzuteko
Proiektuaren deskribapena
Accesita lortu duen proiektua honako hau izan da: Mondragon Unibertsitateko Industria Diseinuko 3. mailako Oxel Pereda, Jon Zamakola eta Danel Cid ikasleek aurkeztutako «Solan Eco Can» izenekoa. Bilgarriak bi helburu betetzen ditu: batetik, erraza da erabiltzen, eta, bestetik, plastikoa ia erabat baztertzen du, material jasangarriago bat erabiltzen baitu. Horrek benetako iraultza dakar sektorera. Etxean kontsumitzeko edukiera handiko bilgarria da, 8 litrokoa. Jasangarritasuna ematen dion materiala landare-polimero bat da, kanpoan zur-pulpaz egindako geruza batez indartua. Gainera, diseinu errektangularrari esker, posizio desberdinetan jar daiteke hozkailuan, eta haren iturri berrerabilgarriak erraztu egiten du ura zerbitzatzea.
Mondragon Unibertsitateak urtero-urtero hartzen du parte lehiaketa horretan; izan ere, diseinuak ekarpen asko egin ditzake trantsizio ekologikoan, bilgarri eta enbalajeen bidez. Industria Diseinuko ingeniaritzako ikasleek ikuspegi horrekin egiten dute lan, eta oso barneratua dute ekodiseinuaren alderdia. Honela azaldu dute Unibertsitatetik: «Mondragon Unibertsitateko ikasleek urtero-urtero jasotzen dute sariren bat lehiaketa nazional horietan, hartzen duten prestakuntzaren kalitatearen erakusgarri».