Irakurriena
- 1. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 2. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 3. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 4. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 5. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 6. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 7. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 8. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 9. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 10. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
Sare lana sustatu, gizarte berrikuntzan eragiteko
Bagara, ULMA Taldea, Fagor Taldea, Arteman Komunikazioa, Goiena Taldea, Emun, Lanki, Mondragon Unibertsitatea, MONDRAGON Korporazioa, LKS, Ausolan, Laboral Kutxa, Arizmendi Ikastola eta beste zenbait kooperatiba eta entitate hausnarketa prozesuan ari dira azken hilabeteotan.
MONDRAGONeko Zuzendari eta Kooperatiba Garapenerako Zentroan egin dituzte saioak bailaran sustatu beharreko ildo ezberdinak adostu eta lankidetzarako marko bat sortzeko helburuarekin, eta hala, eraldaketa sozialean eta gizarte berrikuntzan eragiteko asmoarekin.
Eskualde mailako eraldaketa sozialeko proiektu berrituari ekin nahi diote kooperatibek, "gizarte eta premia berriei erantzun berriak eta egokituak eskaini asmoz' eta horretarako, besteak beste, Agirre Centerren eskutik 'Gizarte Berrikuntza Plataforma' bat abian jarri nahi da, eskualdeko herritarrek, erakunde publiko zein pribatuek, gobernuz kanpoko erakundeek, bestelako ekimen sozialek... esaten dutena entzun eta egitasmo berriak abian jartzeko.
Eskualde mailako eraldaketa sozialeko proiektu berrituari ekin nahi diote kooperatibek
Arrasateko Esperientzia Koooperatiboa da oinarria, eta "kooperatiba eta kooperatibisten konpromisoa izan behar da hura birsortzea, haren sokatik ekimen berriak asmatzea eta ordukoari jarraipena ematea".
Hala, kooperatibek eskualdera begirako jardun konpartitu bat garatzea da asmoa, horrela bailarari egiten dioten ekarpena biderkatu ahal izateko. Aritz Otxandiano da Bagarako presidente eta Fagor Taldeko eraldaketa sozialeko buru. Bera da egitasmoaren sustatzaile nagusietako bat. Atzo burututako saioan, Aritzek MONDRAGONeko kongresuak 2016an jasotakoa ekarri zuen gogora: "Antolamendu egitura berriak ahalbidetzen du horrela nahi duten kooperatibak eskualdeko saretzea. Sare horiek ingurune edo eskualde bereko kooperatibek osatu ahal izango dituzte, maila lokalean eraldaketa soziala eta inguruan balio kooperatiboen sustapena bilatzen dutelarik. Eskualde bakoitzean, zentzurik zabalenean, hasierako dinamizazio eredu bat ezarriko da, jarduera eremuak eta funtzionatzeko operatiba zehazteko, planteatzen diren helburuen arabera".
Ibon Antero (MONDRAGON Korporazioa) eta Lander Jimenez (LKS)
Bostgarren hausnarketa saioa, atzo
Hain justu ere, atzo egin zen bostgarren hausnarketa saioa. Bertan aurkeztu zen lanketarako dokumentua. "Debagoienean kooperatibak saretzeko baldintza egokiak daude, kooperatiben ekintza eraldatzailea bideratzeko eta, horiekin batera, dokumentu honetan definitzen den estrategia garatzeko erantzukizuna erakunde bakoitzak bere gain hartzeko", dio txostenak. Hala, hori guztia ahalbidetzeko zein nolako lankidetza markoa eraiki behar den izan zuten eztabaidagai atzoko saioan. “Epe luzeko eta inpaktu handiko prozesu zabalak bultzatuko dituzten marko iraunkorrak eraikitzeko ezinbesteko elementua da gure arteko lankidetza eredu eraginkor bat garatzea”.
Hain zuzen ere, atzoko saioan hori izan zen eztabaidagai nagusia; nola guzatu behar da kooperatiben arteko saretze hori eta zein da erakunde ezberdinen arteko lankidetza eraginkor bat ahalbidetzen duen eredurik onena.
Saretzearen inguruko eztabaida oraindik ere irekita dago eta asmoa da irailean bertan proposamena adostu eta lehenengo ekimenak martxan jartzea.
Atzo Otaloran egin zen saioaren argazkiak.