Irakurriena
- 1. Yolanda Diaz Lan eta Gizarte Ekonomia ministroa Coprecin egon da
- 2. MSI Taldeak urteko ETE industrial onenaren saria jaso du
- 3. 20 urteko ibilbide arrakastatsua ospatu du Gerodan kooperatibak
- 4. MONDRAGONeko Pertsonen Foroa egin zen Kursaalen
- 5. LagunArok 2024 ona itxi du eta sendotasunez begiratzen die etorkizuneko erronkei
- 6. Fagor Arrasatek altzairua mozteko lineak hornitu dizkio Mexikoko Termium handiari
Saharar Herriaren arrakala digitala murrizteko elkarlanean
Arizmendi Ikastolako Lanbide Heziketako Mikroinformatika zikloko ikasle eta irakasle taldea, Berrerabilpen eta Prestakuntza Zentroa (BPZ) proiektuan lanean aritu da azken ikasturteetan. Duela bi urte abiatu zuten ekimen honetan, enpresa zein norbanakoen ordenagailu zaharrak jaso eta gobernuz kanpoko erakunde ezberdinen bitartez doaitzan eman, edo prezio sinboliko batean saltzen dituzte. Bada, azkenaldian BPZ ekimena aurrerapauso politak ematen ari da; horren adierazle da Saharar Herriarekin batera abiatzear daukaten elkarlana. Izan ere, hango eskola bati ekipamendua helaraziz, Saharar ikasleei laguntzea da Arizmendiko Lanbide Heziketakoen asmoa, eta ordenagailu batzuk egokituko dituzte Saharar Herriak Argeliak utzitako lur zati batean duen eskola batera bidaltzeko.
Azken ikasturteetan ordenagailu dezente jaso dituzte dohaintzan norbanako zein inguruko erakunde ezberdinetatik: TE Connectivity, Aranzadi Ikastola, Ederlan, Goizper, Koniker, Batz, EMUN, Oñati Gestio Heziketa, Mondragon Lingua, Domusa Teknik…
Hainbat elkarteren esku
Jaso dituzten gailuak aztertu, prestatu eta berregokitu egiten dituzte, ondoren dohaitzan emateko. Brasilgo eskola ibiltariak, Euskadi-Ukrania, Zaporeak, AED, Zehar errefuxiatuak, Arizmendi Ikastolako Oinarrizko Lanbide Heziketa, Caritas Goierri eta Yaakar Aretxabaleta elkartearen esku jarri dituzte gailuak, besteak beste. Etorkizun hurbilean, aipatutako Saharar herriko eskolari, Seaskari zein Senegaleko Gandiol herrian kokatuta dagoen beste eskolara batera ordenagailuak bidaltzea da ekimen honen asmoa.
Proiektuak aurrera jarrai dezan BPZkoentzat oso garrantzitsua da inguruko norbanako, erakunde, kooperatiba zein enpresekin zubiak eraikitzen jarraitzea, eta hainbat erakunderekin elkarlanerako urratsak ematen hasiak dira (Danobat, Koniker, Elkartenet, EMUN…). Sare hau hedatzen jarraitzeko lanean jarraitzen dute.