Robtrusionek Toribio Echevarria sarietan errekonozimendua jaso du

Robtrusion moldez kanpoko pultrusio ultramorearen espezializatutako eta Irurena Group eta Arrasateko Goi Eskola Politeknikoak elkarlanean garatutako ekintzailetza proiektu bat da.
Card image cap
2022/07/28

Goi Eskola Politeknikoak Irurena Group berniz eta pintura enpresarekin elkarlanean dihardu hamarkada bat baino gehiagoz, batez ere Polimero eta Konpositeen Ikerketa Taldearen bitartez. Irurena Groupek esperientzia handia du zurarentzako estalduren ontze ultramorean, eta Goi Eskola Politeknikoarekin izandako lankidetzari esker, bere jarduera dibertsifikatzea lortu du, moldez kanpoko pultrusio ultramorearen bidez. Teknika berri honek beira zuntzezko konpositeen fabrikazioa berrasmatzea ahalbidetzen du.

Unibertsitatearen eta enpresaren artean egindako elkarlanetik abiatuta, negozio-lerro berri bat ireki da, Robtrusion startup industriala. Robtrusionen balio proposamena 2022ko Toribio Echevarria sarietan errekonozitua izan da, Enpresa Berria saria jasoz. 10.500€-ko sari ekonomikoa da jaso dutena, bideragarritasun azterketentzako babes programak edo  ekintzailtzea eta industria alorreko jardunaldi edo formazio ezberdinetarako izen emateez gain.

Proiektuaren egoera

Orainarte egindako ikerketa ezberdinek argi utzi dute itsas sektorea dela egokiena Robtrusionek aurkezten duen teknologia berritzaile hau aplikatzeko, ontzientzako kurbadura duten profilak modu automatizatuan ekoizteko aukera eskaintzen duelako. Zentzu honetan, Robtrusion itsas sektorean teknologia berriak ezartzeko helburua duen FIBRE4YARDS proiektu europearraren barne dago.

Lehenengo makinak unibertsitateko laborategian instalatu dira jada, eta epe labur eta ertainerako erronka teknologia prestatzea izango da, merkatura ahalik eta lasterren jauzi egiteko. Robtrusion bost profesionalek eta bi doktoregaik osatutako startup bat izango da, eta gaur egun prozesuaren eta fabrikatutako osagaien ziurtapenean murgilduta dago, eta aldi berean, aktiboki jarraitzen du merkatu-azterketarekin.

 

Irakaskuntza unibertsitate zentroa