Irakurriena
- 1. Danobatgroupek fakturazio marka hautsi du berriro 2024an, 344 M€ fakturatuta
- 2. Emakume kooperatibisten lidergoaren aitortza, M8an
- 3. MONDRAGON, konpromisoaren indar eraldatzailea
- 4. "MONDRAGON proiektu kooperatiboa, gertukoa, berrikuntzan oinarritua, eraldatzailea eta irekia da"
- 5. MONDRAGON Healthek osasunerako eta zaintzarako teknologia aurkeztu du FITECUn
- 6. TU Lankide berritua: 7 hobekuntza MONDRAGONi buruz informatzeko
Potentzia Elektronikaren joerei buruzko lehen jardunaldia antolatu du Mondragon Unibertsitateko Eskola Politeknikoak

Otsailaren 24an Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak Potentzia Elektronikaren joerei buruzko I. jardunaldia (1st Meeting on Trends of Power Electronics) egingo du. Galarretako campusean (Hernani, Gipuzkoa) izango da, 09:00etatik 15:00etara, eta online konektatzeko aukera ere egongo da. Guztira, arlo horretan egindako aurrerapenen berri emango dute zazpi ikertzailek. Izen-ematea doakoa da.
Mondragon Unibertsitateko ikertzaileek ez ezik, nazioartean ospea duten ikertzaileek ere emango dituzte hitzaldiak, hala nola, University of Tennessee Knoxvilleko Leon M.Tolbert, North Carolina State Universityko Subbashish Bhattacharya eta Technical University of Denmarkeko Michael A.E.Andersen.
Jardunaldi honetan industria-aplikazioek potentzia ertainaren eta handiaren eremuetan dituzten erronkak aztertuko dira. Hona hemen adibide batzuk: sorkuntza eolikoa, fotovoltaika, ibilgailu elektrikoa, karga-azpiegitura eta trakzio elektrikoa.
Gaur egun, potentzia-elektronika siliziozko erdieroaleetan oinarritzen da, nagusiki, eta, nahiz eta azken urteetan aurrerapen nabarmenak egin diren, hobetzeko aukera dago, oraindik ere, efizientziaren optimizazioari dagokionez. Mondragon Unibertsitateko Energia Elektrikoko ikerketa-taldeak ibilbide luzea du, eta zuzeneko harremana du inguruko enpresekin. Hori dela eta, ikerketaren abangoardian dago sektorean.
Ildo horretan, Mondragon Unibertsitateak antolatutako jardunaldi honetan, unibertsitateko Energia Elektrikoko ikerketa-taldeak gaur egun aztertzen ari diren gaiak jorratuko dira. Hona hemen horietako batzuk: DC-DC eta DC-AC bihurgailuen topologia alternatiboak bilatzea, maiztasun handiko funtzionamendurako osagai pasiboak hobetzea eta debekatutako banda zabaleko material erdieroale berriak integratzea.
Nazioarteko erakunde batzuekin lankidetzan egiten dituzte ikerketa horiek, hala nola University of Tennessee Knoxville, North Carolina State University eta Technical University of Denmark unibertsitateekin. Hain zuzen, unibertsitate horiek jardunaldian hartuko dute parte.
Energiaren arloan, Mondragon Unibertsitatearen eskaintza akademikoak hainbat aukera ditu; besteak beste, Energiaren Ingeniaritzako Gradua, Energia Sistema Adimendunetako Unibertsitate Masterra eta Energiako eta Potentzia Elektronikako Unibertsitate Masterra.