Irakurriena
- 1. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 2. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 3. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 4. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 5. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 6. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 7. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 8. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 9. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 10. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
Politeknikoak zuzenduko du gizarte-ekonomiaren arloko trebakuntza aurreratuko proiektu bat
Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa buru duen baSE Europako proiektuak —Gizarte Ekonomiaren arloko Prestakuntza eta Trebakuntza Aurreratuko Planak— honako helburua du: gaitasun berriak eskaintzeko estrategia kontinental bat garatzea, batez ere arlo digitalean eta berdean, gizarte-ekonomiaren eta hurbiltasunaren sektoreko lan-profiletarako.
Europako 10 herrialdetako 25 bazkidek hartzen dute parte, besteak beste MONDRAGON Korporazioak, gizarte-ekonomiaren nazioarteko erreferenteak
Proiektua Erasmus+ programaren bidez finantzatzen da eta 3,9 milioi euroko aurrekontua du —iturri europarretatik dator—. Europako 10 herrialdetako 25 bazkidek hartzen dute parte, besteak beste MONDRAGON Korporazioak, gizarte-ekonomiaren nazioarteko erreferenteak.
Proiektuari hasiera eman dion topaketa Bilbao As Fabriken egin da. Euskadira egindako bisitaldia aprobetxatuz, Arrasatera ere gerturatu dira 40 ordezkari baino gehiago, Mondragon Unibertsitatea eta MONDRAGON korporazioa ezagutzeko. Proiektu honen bidez, parte-hartzaileek esparru kontzeptual bat sortu eta probatu nahi dute, lanbide-heziketak arrakasta izan dezan lan egiteko adinean dauden pertsonen gaitasunak eguneratzeko prozesuan eta hurbiltasunari zein gizarte-ekonomiaren beharrei aurre egin diezaien.
baSE proiektuak aukera emango du goi-mailako hezkuntzako, lanbide-heziketako eta gizarte-ekonomiako eragileen artean ezagutzak trukatzeko, eta truke hori lagungarria izango da hazkunde ekosistemikorako
Horrez gain, baSE proiektuak aukera emango du goi-mailako hezkuntzako, lanbide-heziketako eta gizarte-ekonomiako eragileen artean ezagutzak trukatzeko, eta truke hori lagungarria izango da hazkunde ekosistemikorako. Gaitasunen desorekei aurre egin eta gaitasun berriak eskainiko ditu gizarte-ekonomiaren sektorean.
Gizarte-ekonomia garatzeko Europako aliantza
Europar Batasunaren datuen arabera, gizarte-ekonomiak 2,8 milioi enpresa eta erakunde hartzen ditu barne, eta 13,6 milioi laguni ematen die ordaindutako enplegua, hau da, EBko langile guztien % 6,2ri. Horrez gain, 82,8 milioi boluntario eta kooperatiba, mutualitate, elkarte eta antzeko erakundeetako 232 milioi kide mobilizatzen ditu. Datu horiek Europako Ekonomia eta Gizarte Komiteak (EEGK-k) egindako «Europar Batasuneko gizarte-ekonomiaren bilakaerari» buruzko ikerlanean ageri dira. Ikerlan hori 2021eko merkatu bakarri buruzko urteko txostenaren oinarria izan da.
BaSE proiektua abiapuntua izango da sektore-lankidetzarako aliantza bat finkatzeko gizarte-ekonomiarako eta hurbiltasun-ekosistemarako gaitasunen inguruan. Aliantza horrek funtsezko hainbat alderdi interesdun hartuko ditu barne: enpresak, hezkuntza- eta prestakuntza-hornitzaileak, ikerkuntza-erakundeak, gizarte-eragileak eta sektoreko adituak. Aurreko eta oraingo sektore-ekimenek eta -ikerketek emandako oinarri sendoen gainean eraikiko da.
Gainera, gizarte-ekonomiaren eta giza kapitalaren gaitasunak sendotzeko funtsezko arlo batzuetan jardungo dute lanean partzuergo horretako partaideek, hala nola trantsizio digitalean eta berdean, non gizarte-ekonomiako enpresek eta erakundeek balio erantsi handia duten. Esandakoaren erakusgarri, Europan energia berriztagarrien alorreko 1.900 kooperatiba baino gehiago daude, eta horietan 1.250.000 herritarrek parte hartzen dute, aktiboki, trantsizio energetikoa gauzatzeko. Bestalde, azpimarratzekoa da hazteko joera nabarmena dutela plataformako kooperatibek eta gizarte-ekonomiako enpresek industrian, zaintzaren ekonomian eta ekonomia zirkularrean.
Proiektu honen buru izanik, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa Europako funtsezko eragile bihurtu da gizarte-ekonomiaren gaitasunak sendotzen eta kooperatibak digitalizazioaren, klima-larrialdiaren eta antzekoen erronketara bideratzen.