Pertsonen gestiorako hiru gako

Pertsonen gestiorako hiru gako

Larraitz Urrestilla. Orkliko Pertsonak eta Kultura arloko zuzendaria
Pertsonen kudeaketaren inguruan hiru gako partekatzeko gonbitaren aurrean, azkenaldian presente ditudan ideia batzuk partekatuko ditut zuekin, hausnarketarako.
2024/07/01

Hainbat galdera, hasteko. Lehenik eta behin, zein da pertsonak kudeatzeko praktikatu nahi dugun estiloa? Lehen urratsa hori jakitea, erabakitzea eta partekatzea litzateke. Gure kooperatibatan pertsonen kudeaketaz aritzen garenean, badirudi denok garbi dugula zertaz ari garen, baina horrela al da? Eta pertsonak nola kudeatu nahi ditugun garbi izanda ere, zehaztasunetara iristean gauzak modu berean egiten al ditugu esparru edo talde ezberdinetan?

Ados egongo gara kooperatibetan pertsonen kudeaketa gertukoa izan behar dela, konfiantzan, elkar entzutean eta elkar kontuan izatean oinarritu behar dugula. Horretan seguruenik ez dugu dudarik, baina zer gertatzen da lanez lepo gaudenean eta lankide bat arazo batekin gerturatzen zaigunean eta lankide horrekiko aurreiritzi negatiboa dugunean? Nola kudeatzen ditugu horrelako egoerak? Lehen ideia, beraz, hau izan daiteke: pertsonak nola kudeatu behar ditugun garbi eta adosturik izan, eta horrekiko koherentziaz jardun.

Askotan, pertsonak kudeatzen ditugunean, pertsonaren ekintzetan fokalizatzen gara; zer egiten duen eta nola, eta zer ez duen egiten. Gainera, iragarleak izango bagina bezala, euren intentzioak zeintzuk diren ere imajinatzen dugu, baita asmakizuna sinistu ere. Nik ez dut besteen buruan sartu eta euren pentsamenduak identifikatzeko dohaina; zuek? Eta horrekin konforme geratzen gara. Pertsonen jokaerak badu zerikusirik bere testuinguruarekin. Zein da pertsonaren testuingurua eta horrek zer eragin du bere jardunean. Beraz, beste idea bat hau izan daiteke: pertsonaren jarduna bere testuinguruan kokatu, haren asmoak aurrez epaitu gabe.

“Laburbilduz, hona hemen hiru ideiak pertsonak kudeatzeko orduan: gauzak nola egin nahi ditugunaren kontzientzia, pertsonen errealitatearen kontzientzia eta komunikazio kontzientea”

Pertsonak gara. Gizakia animalia soziala da, harremana oinarrizko behar bat da guretzat. Lan ingurunean harreman osasuntsu, iraunkor eta aberasgarriak sustatzeko komunikazioa kudeatzea beharrezkoa da. Zer esan nahi du horrek? Komunikatzeko espazioak sortu, diseinatu eta zaindu egin behar ditugula. Bilerak bai, baina zer zentzurekin eta nola? Komunikazio formala eta ez-formala. Eta ez naiz informazioa emateaz ari, hori ere badugu betebeharra, baina hortik haratago: konexioak sortu, begietara begiratu, entzun, enpatizatu, bestea ulertzeko jarrera mantendu. Hirugarren ideia, beraz: komunikatu, komunikatu eta komunikatu.

Laburbilduz, hona hemen hiru ideiak pertsonak kudeatzeko orduan: gauzak nola egin nahi ditugunaren kontzientzia, pertsonen errealitatearen kontzientzia eta komunikazio kontzientea.

Eta hau ez da egia osoa, baina hala ez bada, sar dadila kalabazan.