"Pertsonak motibatzeko eta proiektuak aurrera ateratzeko indar handia zeukan osaba Jose Marik"

Jesus Mari Arizmendiarrieta

"Pertsonak motibatzeko eta proiektuak aurrera ateratzeko indar handia zeukan osaba Jose Marik"

Azaroaren 29n Arizmendiarrieta hil zeneko 44. urteurrena beteko da. Efemeride hau dela eta, ilobarekin, Jesus Mari Arizmendiarrietarekin, hitz egin dugu, eta hau nabarmendu du: "pertsonak entzuteko eta motibatzeko gaitasuna eta proiektu berriak abian jartzeko gaitasuna".
2020/11/20

Badatoz 44 urte osaba Jose Mari Arizmendiarrieta hil zela. Denbora azkar joaten da eta arriskua dago bere lana ahazteko, edo? 
Uste dut ezetz, osaba Jose Mariren ondarea oso presente dagoelako, sustrai sendoekin, baina egia da globalizazioak eta gaur egungo eraldaketa sozialak, oro har, izateko eta bizitzeko modua aldatu egin digula. Baita bazkide berrien kooperatibismoa ulertzeko modua ere. 
Nire ustez, funtsezkoa da osaba Jose Mariren eta mugimendu kooperatiboaren sortzaileen mezua oso presente egotea, belaunaldi berriak eta etorkizuneko lankide eta laguntzaileak prestatzerako orduan. Horretarako, bai ikastolek eta baita gure Unibertsitateak ere eginkizun garrantzitsua izango dute. 
Azkenik, esan beharra dago  Arizmendiarrieta Lagun Elkarteak (ALE) eta  Arizmendiarrieta Kristau Fundazioak (AKF), kooperatibekin batera, sekulako lana egiten dutela pentsamenduaren ideiak zabaltzeko, Mondragoneko esperientzia kooperatiboa mundu osoan zehar hedatzen eta ezagutaraziz.   

Markinara joatea ere oso gustuko zuen, Iturbe baserrira hain zuzen ere, jaio eta hazi zen lekura.

Nola gogoratzen duzu bera? 
Oroitzapen asko dauzkat, ezabaezinak gainera. Maitasun bereziaz gogoratzen ditut bere bizitzako azken urteak, San Joan Bataiatzailearen parrokian eguerdiko eukaristiaren ondoren jaso eta Eguzki dorreko bere etxera bazkaltzera joaten ginenean. Garai hartan, jada gaixorik, gogoan dut ez zela inoiz kexatzen. Solasaldian oso entzule ona zen. Ez zuen helburu pertsonal materialik, ezta prestigio sozialik ere, baina bai pertsonak motibatzeko eta proiektuak aurrera ateratzeko indar handia. Oso presente ditut bere bizitzako azken egunak eta bere heriotzarena. Arrasateko herriak egin zion errekonozimendua ikaragarria izan zen. 
Markinara joatea ere oso gustuko zuen, Iturbe baserrira hain zuzen ere, jaio eta hazi zen lekura.

Ingurukoekin egotea oso gustuko zuen, baina batez ere, amarekin. 

Zuek, aparteko ospakizunik egin duzue aurten? 
Gauza handirik ez, egia esateko. Azaroaren 22an, bere heriotzaren 44. urteurrena zela eta, meza egin zen Arrasaten. Baina, koronabirusa dela eta, ekitaldi asko bertan behera geratu dira. Hala ere, abenduaren 13an Donostiko Katedralean, beneragarri izendatu zuteneko 5. urteurrena ospatuko da. 

Besterik aipatu nahi? 
Nahiz eta oraingoak momentu gogorrak diren, gogoan eduki behar dugu osaba Jose Marik sarritan esaten zuena:  “Beti dago beste urrats bat emateko”; eta hala izan dadila.