"Pertsona nagusiak prest daude edozein teknologia bere egiteko, baldin eta zerbait interesgarria eta esanguratsua eskaintzen badie"

Card image cap
2023/12/17

Diseinu inklusiboaren arloan ari da lanean Arantxa Gonzalez de Heredia eta doktore-tesia egin du zahartzaroaren inguruan, pertsonengan zentratutako diseinu metodologia zahartze prozesuetarako egokitzeko asmoz. GSR eta BIHAR-ekin hainbat proiektu garatzen ari da, baita industria arloan ere.

Ahalik eta pertsona gehienek eskuratu eta erabil ditzaketen produktu, zerbitzu eta inguruneen diseinua. Horrela definitzen da diseinu inklusiboa. Gizartean dagoen aniztasuna kontuan hartzen du metodologia horrek eta hainbat esparrutan aplikatu daiteke. Besteak beste, diseinu inklusiboa zahartzaroaren inguruan aplikatzeko erremintak eskaintzen dituzte Mondragon Unibertsitatearen Diseinu Berrikuntza Zentroan. Arantxa Gonzalez de Heredia da bertako ikerlarietako bat.

Hasteko, Arantxa, zer da diseinu inklusiboa?  

Diseinu inklusiboa da ahalik eta pertsona gehienek eskura eta erabil ditzaketen produktu, zerbitzu eta inguruneen diseinua. Kontutan hartzen da pertsonengan dagoen aniztasuna: adina, gaitasunak, kulturak, sexua, generoa… Pertsonengan zentratutako diseinua egiterako orduan aniztasuna txertatzeko erremintak eta prozesuak planteatzen ditu diseinu inklusiboak. Askotan pertsonengan zentratutako diseinua aplikatzen dugunean pertsona estandarretan oinarritzen gara, existitzen ez den pertsona jakin batean, baina pertsonak anitzak dira eta zer esanik ez pertsona nagusietan; agian gazteetan baino aniztasun handiagoa dago nagusietan.

Gizarteko beste kolektiboentzat ere interesgarri izaten dira, ezta?

Diseinu inklusiboa ondo lantzen bada, berez denontzako erabilgarriak diren gauzak sortu beharko genituzke. Badaude pertsona tipologia batzuk soluzio espezifikoak behar dituztenak, baina horiek izaten dira menpekotasun egoera larrian egoten direnak. Bestela, gizartea diseinatzen badugu irizpide inklusiboen ikuspuntutik, espazioak, produktuak eta zerbitzuak denontzako erabilgarriak eta erosoagoak izan beharko lirateke. Adibidez, supermerkatuetan egoten diren ate automatikoak hasieran gurpil aulkian zihoazen pertsonentzat diseinatu ziren eta orain erosketa poltsekin goazenean ondo etortzen zaigu atea bera bakarrik ireki eta ixtea. Beste adibide bat, hondartzetan egoten den egurrezko bidexka. Hori ere hasiera batean gurpildun aulkiarekin sartzeko diseinatu zen; orain denok erabiltzen dugu erosoagoa delako. Muturreko beharrei erantzunez eta irisgarritasun arauak errespetatuz beste guztiontzako gauza lagunkoiagoak diseinatzen ditugu.

Nolatan espezializatu zinen diseinu inklusiboan? Zein motibazio izan duzu?

Egonezin sozial batetik abiatu nintzen, baina gero ikusi nuen diseinu inklusiboa aplikatzeak benetan ekar ditzakeela berrikuntzarako aukera berriak. Gainera, unibertsitatearen misioa gizartea eraldatzea da eta diseinu inklusiboak horretarako tresnak ematen dizkigu. Muturreko pertsonetan fijatzen garenean ezkutuan dauden beharrak identifikatzera eramaten gaituzte. Iruditzen zitzaidan horietatik hasita beste denontzako irisgarriagoak eta erabiltzen errazagoak diren diseinuak planteatu daitezkeela. Diseinu inklusiboaren helburua hori da, batzuen oinarrizko beharrak konpontzea eta beste guztientzat ere erosoak izango diren soluzioak planteatzea.

Zein erronka ikusten dituzu momentu honetan diseinu industrialean pertsona zaharrei begira?

Gizartearen zahartzearekin batera zerbitzu publiko askoren jasangarritasuna zalantzan jartzen ari da eta zaintzeko modu berriak planteatzen ari dira. Batetik, gero eta gehiago bizi gara baina ez du esan nahi osasun onarekin bizi garenik. Lehen heriotzara eramaten gintuzten gaixotasun batzuk kronifikatu egin dira eta urte dezente egon behar gara gaixotasun horiekin elkarbizitzen. Hor ikusten ari da iraupen luzeko zaintzen beharra. Horiek kudeatzeko modu berriak asmatu behar dira sistema guztia jasangarria izan dadin. Bestetik, pertsona gehienok nahiago dugu etxean bizitzen jarraitzea eta ez instituzioetan. Etxean bizitzen jarraitzeko tratamenduak eta zaintzeko moduak egokitu behar dira, baita etxeak ere behar berri horietara. Azkenik, erretiroa hartu eta gero ere urte asko egiten ditugunez osasun onarekin, pertsona nagusi askok denbora librea beste modu batera aprobetxatzeko joera daukate. Berrasmatze prozesu horretan ere sor daitezke zerbitzu berriak, ikasteko, aisialdirako, teknologia berriekin trebetasunak garatzeko, sozializatzeko erremintak edo proposamenak… Askotariko erronkak ditugu.

Geroz eta digitalizatuago dago dena. Telefono mugikorrak adibidez, oztopo bat izaten dira batzuetan nagusientzat. Zer iritzi duzu horren inguruan?

Diseinu inklusiboaren eta irisgarritasunaren garrantzia dago hor. Teknologiak aukera izan beharrean oztopo bihurtzen dira askotan ez dituztelako irisgarritasun irizpideak errespetatzen. Diseinuetan irisgarritasun irizpide horiek hobeto aplikatzeko erreminta ezberdinak garatzen ari gara, pertsonen beharrak errazago ulertzeko eta ingeniariei lan hori errazteko, beraien teknologia berrien garapena irisgarria izan dadin eta soluzioak merkatura ondo iritsi daitezen.

Pertsona nagusiak talde bezala hartzen baditugu, oso heterogeneoa da. Pertsona aktiboagoak direnek beraien ekintzak sortzen dituzte, proaktibo izaten dira gauza ezberdinak proposatzen eta abar. Beste batzuk, aldiz, ez dute hainbeste autonomia egin nahi dutena erabakitzeko. Produktu edo zerbitzu berri bat atera nahi denean kontuan hartu behar da konplexutasun hori. Norentzat diseinatzen ari zaren, zertarako, zer beharri erantzuten diozun eta nola. Enpresek edo instituzioek askotan zer saldu nahi duten definitzen dute, baina proiektu askotan falta da norentzako, zertarako eta nola galderei erantzutea. Pertsona nagusiak prest daude edozein teknologia bere egiteko, baldin eta zerbait interesgarria eta esanguratsua eskaintzen badie.

Silver economy modan dagoen terminoa da gaur egun… Zer iritzi duzu horren inguruan? 

Enpresek ez badute ikusten produktu edo zerbitzu bat ekonomikoki jasangarria dela, ez dute hor inbertituko. Pertsona nagusiek erosteko ahalmena dute eta negozio berrientzat segmentu interesgarria izaten hasi da Silver economy-arena. Hori albiste ona da, izan ere, planteatzen diren soluzio asko ez lirateke garatuko merkatu aukera ez balitz egongo eta benetan soluzio asko daude pertsonaren bizi kalitatea hobetu dezaketenak. Diseinu inklusiboa eta irisgarritasuna gai sozialak izatetik estrategikoak izatera pasatu dira Silver Economy-ari esker.

Manufacturing edo produkzio arloan zertan ari zarete?

Batetik, irisgarritasun irizpideak teknologia berrietan nola aplikatu aztertzen ari gara, robotikan eta errealitate birtualean, adibidez. Bestetik, adinarekin lotuta, osasunean edo gaitasunetan ematen diren aldaketekin lotuta egokitzapenak ere egon daitezke: ergonomiaren inguruko ebaluazioak, lesioak… Horiek ekiditeko eta horietara ingurunea egokitzeko irizpide edo erreminta berriak garatu behar dira.  

Nola izaten da prozesua diseinu inklusibo bat sortzeko?

Fase ezberdinak ditugu eta lehenengoa bilaketa estrategikoa izaten da: aukera bat identifikatu behar da merkatu batean edo kolektibo batean gero aukera edo arazo horri soluzioa emateko. Pertsona horien ezaugarriak eta enpresa edo instituzioaren baliabideak ikusi behar dira ondoren, ea nola elkartzen ditugun. Hortik definituko genuke zein den pertsona helburua eta nola erantzun nahi diogun arazo horri, irizpide batzuk edo ezaugarri batzuk definituta.

Gero ideazio fasera pasako ginateke, soluzio posibleak asmatu edo planteatzeko eta beti pertsona horiekin batera ideia ezberdinak testeatu eta baliozkotzeko. Prototipoak sor daitezke, produktu edo zerbitzu horren ezaugarri tekniko edo espezifikoak baliozkotzeko, eta gero inplementatzera pasako ginateke. Inplementazioan ere pertsona ezberdinekin kontaktutan egongo ginateke, feedbacka etengabe jasotzeko eta aurreko fasetan hartutako erabakiak agian moldatu behar direlako. Prozesu honetan zehar "ULAB erabilgarritasun eta irisgarritasun laborategian" ditugun enpatia sortzeko erremintak eta INKLUGI, INKLUDIRE bezalako erremintak erabiliko genituzke inklusio maila ebaluatu eta irisgarritasun irispideak aplikatzeko.

Berrikuntzan lan egiten duzu. Etxetik datorkizu beti berritzen eta hobetzen joateko ar hori? Larreako gaztak famatuak dira eta arlo horretan ere beti berritzen joan behar, ezta?

Nire gurasoak baserritarrak izanda beti izan dira berritzaileak. Etengabe ikasten eta aurkitzen zituzten soluzio berriak aplikatzen edo berriak asmatzen saiatu dira beti. Ikasteko grina etxetik datorkidala uste dut. Gure etxean beti egon da asko irakurtzeko ohitura eta lana egitekoa ere bai. Zahartzaroan enfokatzeko gogoa ere agian hortik datorkit; etxean ikusten ari naizelako gurasoak zahartzen ari direla eta beraien erretiroarekin batera bizimodu bat desagertzen ari dela. Seguruenez zahartzaroaren gaiarekiko motibazioa handitu du horrek.

Irakaskuntza unibertsitate zentroa