Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiborako Hegoaldetik programa abian da
Kolektibotasunetik abiatuta, elkarrekiko laguntza eta asistentzialismoetatik urrun, sare bat eraiki nahi dute programaren sustatzaileek, pertsona migratuek dituzten behar eta zailtasunei aurre egiteko, eta ekonomia sozial eraldatzailearen bidez, bizitza duintzeko alternatibak bilatzeko. Prestakuntza, bidelaguntza, ikerketa eta interkooperazioa, eta ekintza kooperatibo eta kolektiboen sistematizazioak ditu ardatz Hegoaldetik programak. Horren inguruan hitz egiteko Arianne Kareagarekin izan da TU Lankide.
Zein da programaren jatorria?
Pertsona migratuei zuzendutako programa bat bideratzea ezinbestekoa dela ikusi genuen. Kolektibo horren egungo argazkiak ardura eragiten digu. Legalki babesik gabe daude eta %15ak ez ditu paperik… Guk, aurretik, arlo horretan bagenituen esperientzia batzuk, baina gure programa euskaraz izanda eta euren errealitatea zein den ikusita alternatiba bat behar genuen.
2020an, eta KoopFabrikaren bueltan, Enarak kooperatiba sortu zen; pertsona migratuei bideratutako programak kudeatzeko eta haiek ahalduntzeko. Elkarlan horretatik, eta Olatukoop-en kolaborazioarekin, jarri genuen martxan egitasmoa. Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia sustapeneko departamentuak babesa eskaintzen digu.
“Proiektu kolektiboen sorkuntzan, bidelaguntza eta prestakuntza eskaini nahi diegu pertsona migratuei, euren proiektu kooperatiboak martxan jar ditzaten”
Zein da proiektuaren helburu nagusia?
Helburu orokorra da proiektu kolektiboak sustatzea, bidelaguntza eta prestakuntza eskaintzea kolektibo horiei, pertsona migratuei, euren proiektu kooperatiboak martxan jar ditzaten. Aurten testuingurua eta marko orokorra sustatzen gabiltza eta programa bideratzen. Formazio saioak eta bidelaguntzak egin nahi ditugu Gipuzkoako hiru eskualdetan: Beterri Buruntzan, Goierrin eta Debagoienean, beti ere lurralde horietako erakunde baten eskutik.
Bestelako eredurik edo esperientziarik ezagutzen dituzue?
Euskal Herrian ez ditugu antzeko esperientziarik ezagutzen. Oso zaila da migranteengana iristea gure pribilegio posizioetatik eta horregatik da garrantzitsua eragileekin jardutea edo eta saretuta dauden lekuetan eragitea. Katalunian badute esperientzia, emakume migratuen bizitzak duintzeko zaintza sektoreko kooperatibak sortu dira esate baterako, eta haiekin elkarlanean ari gara ikasten eta programak lantzen. Herrialde katalanetan esperientzia kooperatibo ezberdinak sortu dira eta uste dugu Euskal Herrian ere, kooperatibismoaren agendan sartu beharko genukeela gai hau. Bultzatu dezakegu sektore ezberdinetan kooperatiba txikien sorrera, eta zergatik ez MONDRAGONeko gure kooperatibetan ere pertsonak erregularizatzeko eta haien bizitzak duintzeko programak sortu daitezke.
Adibideren bat jarriko zenuke?
Esaterako, emakumeekin egiten du lan Enarak kooperatibak. Zaintza arloan lan egiten duten emakume asko elkartzen eta antolatzen hasiak dira, masa kritiko sendoa osatzen dute, eta ez litzateke utopia bat arlo horretan zerbitzuak eskaintzeko kooperatiba bat sortzea. Kontzientzia sortu nahi dugu lehenengo eta ondoren esperimentatuz teoriatik praktikara eraman. Hain justu ere, Kataluniarrek azaldu digutenez emakume migratuz osatutako zaintza kooperatibak sortzeko prozesuak oso dira luzeak, 3 eta 5 urte bitarte behar dira kontsolidatzeko eta haiek euren lanaren jabe egiteko.
“Kultura kooperatiborik gabeko pertsonak dira gehienak. Baina beharrak eragindako autoantolakuntzan trebatuak”
Nor da egitasmoaren hartzaile edo onuraduna?
Migratuak, instituzioak, elkarteak, kooperatibak, udal teknikariak… horiek guztiak izan daitezke programaren onuradun. Izan ere, kontzientzia eta testuingurua sortu nahiko genuke eta denon ardura beharko luke honek. Ekonomia popularretik, superbibentziako ekonomiatik, antolatu nahi duen edonork eskura izan beharko luke gure programa, bai hemen geratu nahi duenak zein bere herrialdera itzuli nahi duenak. Erremintak, merkataritza txikira, zaintza arlora eta beste hainbat sektoretara bideratu behar dira baina erregularizazioko bidean oztopoak gainditzen lagundu behar zaie. Denok izan beharko genuke bidelagun eta gure pribilegioak prozesu kolektibo hauen zerbitzura jarri. Eraldaketa soziala eta justizia soziala ardatz hartuta, gizarte berdinzaleago baten bidean badagokigu eta bete betean egiten dute bat balore kooperatiboekin.
“Agendan dago gaia”
Nola gerturatu daiteke migranteen kolektiboa kooperatibismora?
Kultura kooperatiborik gabeko pertsonak dira gehienak baina beharrak eragindako autoantolakuntzan trebatuak . Hego Ameriketako mugimendu sozialetatik baldin badatoz, berehala hartzen dute ideia. Gazte asko Europako ametsaren bila datoz eta ez dute inongo kultura kooperatiborik eta ideia ezagutaraztea izango litzateke lehen urratsa. Erdigunean jarri behar ditugun pertsonak, tiratzaile izango direnak eta kooperatibismoan gehien sinisten dutenak izan behar dira bisagra lana egingo dutenak.
Testuinguru horretan, erakunde publikoak, unibertsitateak, Olatukoop- ek… Denon artean sistema bat sortzea da bidea?
Katalunian politika publikoen bitartez oso egitasmo interesgarriak jarri dituzte abian. Integraziorako elementu oso interesgarriak sortu dituzte. Talentua erakartzeko ere balekoak izan daitezkeenak. MONDRAGON mailan ere ari dira zerbaitetan, agendan dago gaia. Konfekoop eta bestelako erakunde kooperatiboek ere egin beharko lukete honen alde. Herri administrazioaren logika aldatzea eskatzen du egitasmoak… LKSrekin, esaterako, ari gara sormen juridikoa lantzen. Gaur egungo erronkei erantzuteko lankidetza publiko- komunitariorako marko berriak behar ditugu.