Pello Rodriguez Zabaletak ordezkatuko du Iñigo Ucín MONDRAGONeko lehendakaritzan, 2024ko abuztuaren 1etik aurrera

Batzorde Iraunkorrak gidatu du Pello Rodriguez Zabaletaren izendapenarekin gaur amaitu den prozesua. Kontseilu Orokorreko lehendakaritza utzita, Ucín jubilatu egingo da datorren uztailean. Orduan hartuko du kargua Rodriguezek.
Card image cap
2023/12/01

Leire Mugerza buru duen eta MONDRAGONeko kooperatiba guztiak ordezkatuta dauden Kongresu Kooperatiboaren Batzorde Iraunkorrak gaur, abenduak 1, Korporazioko Kontseilu Orokorreko hurrengo lehendakari Pello Rodriguez Zabaleta izendatzea erabaki du.

Pello Rodriguez Zabaleta Urretxun (Gipuzkoa) jaio zen 1975ean, ezkonduta dago eta bi seme alaba ditu. Goi Mailako Industria Ingeniaritzan lizentziatua da, mekanika espezialitatean EHUn eta Parisko École Nationale d´Arts eta Métiers-en. Halaber, eleaniztuna da eta bost hizkuntza menperatzen ditu: euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa eta neurri handi batean alemana ere.

Ibilbide profesionala

Bere ibilbide profesionala Danobat, Koop. E.-an hasi zuen, proiektuetako gerente bezala, eta ondoko sei urtetan nazioarteko esperientzia garatu zuen Ingalaterrako (Newall) eta Alemaniako (Overbeck) filialetan. 2007an, atzerritik bueltan, kooperatibako Tornu eta Artezketa negozioaren ardura hartu zuen eta, ondoren, 2013an zuzendaritza nagusira iritsi zen. 2015etik MONDRAGONeko lehendakariordea eta Ekipamendu-Ondasunen dibisioko zuzendari nagusia da. Dibisio horrek makina erremintako eta industria automatizazioko kooperatibak (Danobat, Soraluce, Ideko, Fagor Arrasate, Fagor Automation,  Mondragon Assembly eta Goimek besteren artean) batzen ditu. Korporazioko Kontseilu Orokorreko eta Kontseilu Industrialeko partaide ere bada. Halaber, Zientzia, Berrikuntza eta Teknologiaren Euskal Kontseiluko eta Innobasqueko Zuzendaritzako kide ere bada. 

MONDRAGONeko Kontseilu Orokorreko lehendakaritzara industria eta kudeaketa alorrean esperientzia handia lortuta iritsi da Rodriguez eta bere ibilbide guztian eredu kooperatiboarekiko konpromiso sendoa erakutsi du, berrikuntzaren eta negozioen lehiakortasunaren aldeko apustua eginez. "Erronka berri hau ilusio handiarekin hartu dut. MONDRAGON nire etxea da eta oso harro nago funtzio hau betetzeko izendatu nautelako. Eman zaidan erantzukizunaren mailan egotea espero dut", adierazi du.

Taldeko Lehendakaritza datorren abuztuaren 1ean hartuko du. Bere erronka nagusia datorren laurterako Korporazioaren ibilbidea martxan jartzea izango da. Ibilbide hori 2025/2028ko Politika Sozioenpresarialean garatuko da eta MONDRAGONeko datorren uztaileko Kongresuan aurkeztuko da.

Kontseilu Orokorra Korporazioko organo betearazlea da (kooperatiba baten Zuzendaritza Kontseiluaren parekoa) eta MONDRAGONeko kooperatibak batzen diren dibisio guztietako zuzendaritza nagusiek osatzen dute. Batzorde Iraunkorra, berriz, ordezkaritza instituzionalerako organoa da (kooperatiba baten Kontseilu Errektorearen parekoa) eta kooperatibetako lehendakariez eta ordezkariez osatua dago.