Irakaskuntza unibertsitate zentroa
Ekintzailetasuna, dibertsifikazioa eta enpresa-jarduera berrien sorrera sustatzeko MONDRAGON Korporazioaren plataforma korporatiboa gara.
Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
Abian da 2024-2025 ikasturtea Mondragon Unibertsitatean
Mondragon Unibertsitateak gaur egin du 2024-2025 ikasturtearen hasierako ekitaldi ofiziala, Arrasateko berrikuntza eta ekintzailetza industrial jasangarriko Hirekin zentroan. Unibertsitateak epealdi estrategiko berriari ekin dio, datozen hiru urteetarako jardunbide nagusiak zehaztuko dituen 2025-2028 aldirako Plan Estrategikoa onartuta. Planak etorkizunean jartzen du jomuga, eta erronka eta helburu zehatzak zein asmo handiko kopuruak finkatzen ditu. Epemuga horretarako, 4 erronka estrategiko finkatu ditu Unibertsitateak, eta dagoeneko lanean ari da horietan: ikasleen ikaskuntza-esperientziaren bikaintasuna handitzea; profesionalentzako etengabeko prestakuntzaren eskaintza birtual eta hibridoa sendotzea; ikerketa eta transferentzia bultzatzea, enpresen lehiakortasuna hobetzeko, eta tokiko eta nazioarteko posizionamendua indartzea.
Idoia Peñacoba, Mondragon Unibertsitateko idazkari orokorra; Vicente Atxa, Mondragon Unibertsitateko errektorea; Imanol Pradales, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria; Juan Ignacio Perez Iglesias, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburua; eta Xabier Egibar, Mondragon Unibertsitateko presidentea.
Unibertsitateak epealdi estrategiko berriari ekin dio, datozen hiru urteetarako jardunbide nagusiak zehaztuko dituen 2025-2028 aldirako Plan Estrategikoa onartuta
Imanol Pradales lehendakariak eman dio hasiera ofiziala ikasturteari, ekitaldia amaitzeko. Haren hitzaldiaren aurretik, esku-hartze hauek izan dira: Idoia Peñacoba Mondragon Unibertsitateko idazkari nagusiarena —aurreko ikasturteko memoria akademikoa aurkeztu du—, Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektorearena eta Pedro Arrázola Goi Eskola Politeknikoko doktore eta ikertzailearena —irekitze-hitzaldia egin du—. Haiekin batera, politikaren eta unibertsitatearen arloetako beste agintari batzuk ere izan dira, tartean Juan Ignacio Pérez Iglesias, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburua; Xabier Egibar, Mondragon Unibertsitateko lehendakaria; Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko lehendakaria; Maider Morras, Arrasateko alkatea; Amparo Merino, Gizarte Ekonomiarako estatu idazkaria, Carlos García, Goi Eskola Politeknikoko zuzendaria, eta Pello Rodríguez, MONDRAGONeko lehendakaria.
Mondragon Unibertsitateak 8 titulu berri eskainiko ditu ikasturte honetan —hiru master, aditu-ikastaro bat eta lau espezializazio-ikastaro—, ezagutza-arlo hauetan: ingeniaritza, enpresa-kudeaketa, ekintzailetza, hezkuntza, humanitateak eta gastronomia
Mondragon Unibertsitateak 8 titulu berri eskainiko ditu ikasturte honetan —hiru master, aditu-ikastaro bat eta lau espezializazio-ikastaro—, ezagutza-arlo hauetan: ingeniaritza, enpresa-kudeaketa, ekintzailetza, hezkuntza, humanitateak eta gastronomia. Guztira 7.000 ikasle baino gehiago matrikulatu dira ikasketa ofizialetan —graduak, masterrak eta doktoregoak—. Haietatik, berriak dira 2.400 ikasle, orain laur urte baino %18 gehiago.
2024-2028 aldirako Plan Estrategikoa
Ekitaldiaren garrantzia aipatuz hasi du Mondragon Unibertsitateko errektoreak hitzaldia; izan ere, Unibertsitateak bertan berresten du, urtero, goi-mailako hezkuntzarekiko eta, bereziki, pertsonen prestakuntza integralaren bidez eragin nahi duen gizarte-eraldaketarekiko konpromisoa. Unibertsitatearen arduradun gorenak bi bloke bereizi ditu bere hitzaldian: iragana eta geroa. Batetik, Unibertsitateak aurten erdietsi dituen lorpenak aipatu ditu, eta, bestetik, etorkizunerako erronka eta lehentasunak identifikatu. Azken horien barruan, azpimarratzekoa da 2025-2028 aldirako Plan Estrategiko berria, Unibertsitateak datozen urteetan erdietsi nahi dituen asmo handiko kopuruak jasotzen dituena.
Ikasleen ikaskuntza-esperientziaren bikaintasuna da Unibertsitateak identifikatutako erronketako bat. Haren bidez, ikasleak pertsonalki eta profesionalki trebatu nahi ditu, etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Ildo horretan, helburu hau iragarri du errektoreak: % 20 handitzea Mondragon Unibertsitatean trebatuko diren ikasleen kopurua eta 2028an 8.200era iristea. «Gainera, gure ikasleen % 50ek prestakuntza duala izatea eta % 70ek nazioarteko esperientzia hartzea nahi dugu», erantsi du.
Etengabeko prestakuntza da Unibertsitateak etorkizunerako identifikatutako beste erronka handietako bat. Izan ere, profesionalen trebakuntza eta prestakuntzazko eguneratzea lehentasunak dira ekonomia eta gizarte guztietan, eta irtenbide malgu eta pertsonalizatuak eskatzen dituzte. Hori dela eta, Mondragon Unibertsitateak indartu egingo du etengabeko prestakuntzaren eskaintza, prestakuntza hibrido eta birtualaren bidez, ikasleek gaitasun berriak garatzeko aukera izan dezaten. Eskaintza horri esker, bere ikasgeletan urtero prestakuntza eguneratzen duten profesionalen kopurua bikoizteko asmoa du Unibertsitateak.
"Gure ikasleen % 50ek prestakuntza duala izatea eta % 70ek nazioarteko esperientzia hartzea nahi dugu", adierazi du Vicente Atxak
Era berean, enpresei bikaintasunaren bidez ezagutza transferitzea da ondorengo urteetarako beste jardunbide nagusietako bat. Helburua: enpresen lehiakortasuna hobetzea, ezagutza eta teknologia transferitzearen bidez. Zentzu horretan, transferentzia-jarduera % 40 handitzen saiatuko da Unibertsitatea.
Euskadiko presentzia handitzea
Era berean, Unibertsitatearen tokiko eta nazioarteko posizionamendua indartu beharra dagoela azpimarratu du errektoreak. Tokiko posizionamenduari dagokionez, Unibertsitateak hiru lurraldeetan eskainiko du prestakuntza. Hain zuzen ere, prestakuntza-eskaintza bat sortuko du aurki Araban, Basque Culinary Centerrek bultzaturiko Edariak eta Ardoa (EDA) – Drinks & Wine campusaren bidez. Halaber, errektoreak adierazi duenez, datozen urteetan Bilbo eta Bizkaia izango dira hazteko ahalmenik handiena duten esparru geografikoak. Hori dela eta, Unibertsitateak indarra egingo du lurralde horretan bere presentzia eta eragina sendotzeko, eta proiektu berriak sortuko ditu. Gaur egun, Unibertsitateak 1.300 ikasle baino gehiago ditu Bizkaiko campusetan, eta Bilboko Udalarekin elkarlanean garatutako Bilbao AS Fabrik proiektua goraipatu du errektoreak.
Unibertsitateak indartu egingo du bere presentzia Mondragon México Unibertsitatean eta Latinoamerikan
Nazioarteko posizionamenduari dagokionez, Europa, Latinoamerika eta Mexiko dira Unibertsitatearen eremu estrategikoak, eta horietara bideratuko ditu bere ahaleginak eta presentzia, ikasle atzerritarrak erakartzeko. Europan, EU4Dual aliantza dualean lan egiten jarraituko du Mondragon Unibertsitateak, eta nazioarteko lehen unibertsitate duala jarriko du martxan, Europako beste 8 unibertsitaterekin elkarlanean, euskal unibertsitatea gidaria dela. Horrez gain, Unibertsitateak indartu egingo du bere presentzia Mondragon México Unibertsitatean eta Latinoamerikan. Hauxe du epe laburrerako helburu: masterreko ikasleen %33 baino gehiago nazioartekoak izatea eta programa dualetan parte hartzeko aukera ematea.
Kooperatibismoaren onurak
Errektoreak errepasoa egin die, bere hitzaldian, Unibertsitateak sorreratik erdietsi dituen lorpenei. Esan duenez, gizarte bidezkoagoa eta orekatuagoa sortzen lagundu dute, Mondragon Unibertsitatearen eta kooperatiben helburu nagusietako bat betez: gizarte-eraldaketa. «Utopikoa irudi lezake, baina gure Unibertsitateak bete egin du gizarte-eraldaketaren helburua: presentzia dugun eskualdeek Estatuko langabezia-tasarik txikiena dute, aberastasunaren banaketa orekatuagoa da haietan eta, kasu askotan, inbertsio handiagoak egiten dituzte ikerkuntzan», azaldu du. Datu horiek argi erakusten dute, errektorearen iritziz, kooperatibismoak, oro har, eta unibertsitate kooperatiboak, zehazki, onura sozial eta ekonomiko asko ekar ditzaketela, eta «espero dugu horrela izaten jarraitzea ikasturte honetan eta geroan», adierazi du.
Unibertsitatearen eredu duala ere izan du aipagai errektoreak, Mondragon Unibertsitatea Estatuko liderra eta aitzindaria baita: 50 urtetik gorako esperientzia metatu du eredu horretan. Lan eta esperientzia horiei esker, nazioko eta nazioarteko erreferentzia bihurtu da ikaskuntza dualaren ereduan. Horrenbestez, Europako Lehen Unibertsitate Dualaren aliantzaren lidergoabereizgarria onartu dio Europako Batzordeak; izan ere, Mondragon Unibertsitateko titulazioen %60 duala da.
Aurreko ikasturtean lortutako beste mugarri garrantzitsu batzuk dira, alde batetik, Basque Culinary Centerreko ikasketa-zikloa erabat osatzea, lehen doktorego-tesiak aurkeztu baitira, eta, bestetik, udaren aurretik inauguratutako Hirekin proiektua, ekintzailetza eta berrikuntza industrial jasangarria bultzatzea xede duena.
Azkenik, beste hiru proiektu aipatu ditu errektoreak, dagoeneko abian daudenak eta epe laburrera lehen emaitzak emango dituztenak. Hirurak ere garrantzi handikoak dira datozen urteetarako. Horien artean daude: IDEIENEA, euskal ikus-entzunezkoen sektoreari buruzko prestakuntza, berrikuntza eta ekintzailetza barne hartzen dituen ekosistema, Aretxabaletako Campusean kokatua; GOe Donostian eta EDA Drinks & Wine Campus Araban, gastronomiaren, ardoaren eta edarien inguruko berrikuntza eta goi-mailako prestakuntza eskainiko dituztenak, eta Bartzelonako eta Madrilgo ekintzailetza-laborategiak, Estatuko gainerako eskualdeetako LEINN laborategi-sarea zabalduko dutenak.
2023-2024 ikasturteko memoria
Bestalde, Mondragon Unibertsitateko idazkari nagusi Idoia Peñacobak 2023-2024 ikasturteko txosten akademikoa aurkeztu du. Nabarmendu du Mondragon Unibertsitateak graduko 18 titulu (11 dualak) —horietako bat oso berritzailea: Industriari Aplikatutako Ingeniaritza Fisikoa—, 20 master ofizial (horietatik 11 eredu dualean) eta 4 doktorego-programa eman zituela.
2023-2024 ikasturteko matrikulazioei buruzko azterketaren arabera, 6.989 ikaslek eman zuten izena, , eta graduondoko ikasleen kopurua gehituz gero, 7.653 ikasle egon dira guztira Mondragon Unibertsitatean matrikulatuta aurreko ikasturtean baino %6 gehiago.
Ikasleen mugikortasunari dagokionez, 1.970 ikasle egon dira atzerrian ikasten eta 634 ikasle etorri dira Mondragon Unibertsitateak Euskadin dituen fakultateetara. Nazioartekotzea sustatzeko estrategiaren barruan, MEI-Mondragon Internacional proiektua sendotu egin dela erakusten dute datuek: Mondragon México Unibertsitateak 10. urteurrena bete du eta Latinoamerikako hainbat ikasle etorri dira master-ikasketak egitera.
Ikerkuntzaren eta transferentziaren eremuan ere, Unibertsitateak lan garrantzitsua egin du 2023‑2024 ikasturtean, arlo horretako 656 proiektu garatu baititu. Nolanahi ere, 1.326 ikaslek egin dute gradu-amaierako proiektua, eta beste 3.750 praktiketan egon dira enpresetan eta beste zentro batzuetan. Profesionalen prestakuntzari dagokionez, joan den ikasturtean 8.268 langilek egin zuten Unibertsitateko ikastaro, master edo tituluren bat.
Aurten, Mondragon Unibertsitateak 2.400 ikasle berri hartuko ditu titulazio ofizialetan; hortaz, guztira 7.000 ikasle matrikulatu dira ikasturte honetan.