Irakurriena
- 1. Fagor Arrasatek altzairua mozteko lineak hornitu dizkio Mexikoko Termium handiari
- 2. LagunAroren etorkizuneko erronkak aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken zenbakian
- 3. Danobatgroupek fakturazio marka hautsi du berriro 2024an, 344 M€ fakturatuta
- 4. Emakume kooperatibisten lidergoaren aitortza, M8an
- 5. MONDRAGON, konpromisoaren indar eraldatzailea
- 6. "MONDRAGON proiektu kooperatiboa, gertukoa, berrikuntzan oinarritua, eraldatzailea eta irekia da"
PBL Day, Mondragon Unibertsitateko ikasle ekintzaileentzat aukera bikaina

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko Ingeniaritza-graduetako 110 ikasle baino gehiagok ikasturteko lehendabiziko seihilekoan PBL (Project Based Learning) metodologiarekin garatu dituzten 28 proiektu eta maketak aurkeztu eta defendatu dituzte. Mondragon Unibertsitateak 15 urtetik gora daramatza benetako arazoak konpontzean oinarritutako ikaskuntza-metodo hori erabiltzen, hainbat arlotako ezagutzak txertatuz. Aurten, guztira, ingeniaritzako 1., 2. eta 3. mailetako 1.500 ikaslek hartu dute parte, benetako arazoei irtenbideak bilatzea ikaskuntza-metodo gisa erabili dute proiektu horiek garatzen. Guztien artean 300 proiektu inguru diseinatu dituzte.
Surf killa berri baten diseinua eta fabrikazioa; estenosi lunbarrerako irtenbideen garapena; hematologia-laborategi baten automatizazioa; grabitatearen indarrarekin lortutako argia saritutako proiektuen artean
Mondragon Unibertsitateak ematen dituen hamar ingeniaritzetako lantaldeak PBL Day eguneko edizio honetan lehiatu dira. Irabazlearen saria 1.000 eurokoa izan da —Orona Fundazioak eman du—, bigarren saria 500 eurokoa, hirugarrena 300 eurokoa eta laugarrena 200 eurokoa.
Irabazleak hautatzeko, proiektuak bi fasetan ebaluatu dira. Lehendabizi, aurkeztutako 28 proiektuak ebaluatu dituzte Goi Eskola Politeknikoko irakasleek, eta 4 onenak aukeratu. Ondoren, Orona Fundazioko, Innobasqueko, Ikerlaneko, Oronako eta Gureakeko ordezkariz osatutako epaimahaiak 4 finalistak ebaluatu ditu, sarituen hurrenkera erabakitzeko.
Hauek izan dira lau proiektu finalistak: surf killa berri baten diseinua eta fabrikazioa; estenosi lunbarrerako irtenbideen garapena; hematologia-laborategi baten automatizazioa, eta grabitatearen indarrarekin lortutako argia (Gravity Power Light).
Proiektuak
PBL proiekturik onenerako lehiatzeko hautatutako 28 lanak ingeniaritzaren alorreko 10 espezialitate ezberdinetako proiektuak izan dira: elektronika industriala, mekanika, energia, biomedikuntza, mekatronika, informatika, ekoteknologiak prozesu industrialetan, industria-diseinua, industria-antolamendua eta industriara aplikatutako fisika.
Proiektu horietako batzuek enpresa baten proposamenean dute abiapuntua. Horixe da Industria Antolamenduko ikasleek aurkeztutakoaren kasua, Fagor Ederlan enpresarako hornidura-katearen estrategia eratu baitute IT zerbitzuari begira. Hauek dira erakutsi diren beste zenbait lan: hematologiako laborategi baten automatizazioa, ibaiak garbitzeko gailu autonomoa, zoruak garbitzeko kart elektrikoa, ikuspen urria duten pertsonei laguntzeko gailua, larrialdi-egoeretarako zubi handigarri eta garraiagarria eta mikrograbritateko eta arlo aeroespazialeko aplikazioetarako sistema fisikoen garapen esperimentala.
Ekitaldia
Ekitaldian, sariketarako hautatutako 28 proiektuak erakutsiko dira, eta ikastetxeek ere hartu dute parte. Horri esker, DBH eta batxilergoa amaitzen ari diren gazteek aukera izan dute, ingeniaritza arloan ikasketak egitea erabakiz gero, zenbait erreferentzia izateko. Halaber, auditoriumean bi hitzaldi eskaini dira. Ibon Oregi surflariak eman du bata, eta Zuhaitz Gurrutxaga futbolari ohi eta aurkezleak bestea. Hitzaldi horietan beren esperientziei, ikaskuntzari, motibazioari, talde-lanari eta diziplinari buruz mintzatu dira —PBL ikaskuntza-metodoak jasotzen dituen trebetasunak guztiak—.
Jardunaldia 08:30ean hasi da. Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko irakasleez osatutako epaimahaia goizeko 11:00k arte izan da standetan. Ordu horretan, enpresetako ordezkariek hartu dute txanda. Azkenik, hitzaldien ondoren, sari-banaketa egin da, 13:30ean auditoriumean.
PBL eredua
Benetako arazoak konpontzean oinarritzen den ikaskuntza-metodoa da PBL, eta Mondragon Unibertsitatea aitzindaria da Estatuan eredu hori erabiltzen. Ezagutzak etorkizunean egingo duten modu berean aplikatzea da hezkuntza-eredu horren xedea: arazoak aztertu eta konpontzeko ikasturtean zehar landu dituzten ezagutza-eremuak integratuta.
Aipatzekoa da, azken edizioetako emakumezkoen parte hartzerik handiena izan duela aurtengo PBL Day egunak
Zeharkako gaitasunak jorratzeko aukera ere ematen du ereduak, hala nola talde-lana, komunikazioa, lidergoa eta abar. Benetako arazoak konpontzea abiapuntutzat hartuta, eginez ikastea eta trebatzen ikastea da PBL metodoaren funtsa. Esperientzia horrek aberastu egiten du ikasleen eta enpresen jarrera profesionala.
Irabazleak
- Proiektu onenaren saria: Surf killa berri baten diseinua eta fabrikazioa
Prozesu Industrialetako Ekoteknologien Ingeniaritzako 3. mailako Egoitz Olaizola, Luis Guerricagoitia, Mikel Ubiria eta Luiza Ferreira ikasleek Surf-foil jasangarriaren prototipo bat diseinatu, fabrikatu eta baliozkotu da, azaleratzen ari den kirola sustatzeko eta, aldi berean, ingurumen-inpaktua minimizatzeko. Proiektuaren ardatza da eraginkortasun hidrodinamikoaren, egituraren egonkortasunaren eta iraunkortasunaren optimizazioa, material arinak eta fabrikazio-prozesu aurreratuak hautatuta. Elementu Finituen Metodoa (MEF) eta Jariakin Konputazionalen Dinamika (CFD) bezalako simulazio konputazionalak erabili ziren egituraren osotasuna eta elkarrekintza jariakorrak ebaluatzeko. Prototipoa eraikitzeko hainbat teknika eta teknologia erabili dira, hala nola
husteko teknika, mekanizazioa, 3D inprimaketa etab. Fabrikazio eta bideratze sistemaren biki digital bat Simumatik programa erabiliz garatu da, inplementazio fisikoaren aurretik prozesuaren optimizazioa errazteko. Gainera, Bizi Zikloaren Ebaluazioaren (BZA) eta Garapen Iraunkorreko Helburuen (GJH) alderdiak diseinuan txertatu dituzte baita ere.
- Bigarren sailkatua: Estenosi lunbarrerako soluzioak garatzea
Eneko Agirreoa, Helena Avila, Unax Gillenea, Alex Tabernero, Beñat Urriza eta Aitor Villalain Ingeniaritza Biomedikoko 2. mailako ikasleek egina. Bizkarrezur lunbarrak eskeletoa pelbisarekin lotzen du eta mugikortasunaren zatirik handiena ematen du. Estenosi lunbarrak, hodi errakideoaren estutzeak, nerbioak estutu ditzake eta beheko gorputz-adarrei eragin. Adineko pertsonetan, bizkarrezurreko kirurgiaren kausa ohikoena da. Ikasleen proiektuaren helburua da estenosi lunbarrerako soluzio bat garatzea, behar bezala instalatzeko behar den tresneriarekin batera inplante bat diseinatuz. Ikasle taldeak kirurgiarako behar den tresneriaren protrotipo berritzaile bat diseinatu du; gaur egun ebakuntza-geletan erabiltzen diren hiru instrumentalen funtzionaltasuna konbinatzen duen tresna bat alegia.
- Hirugarren sailkatua: Hematologiako laborategi baten automatizazioa
Hematologiako laborategiak egunero erabiltzen dira ospitaleetan, ikerketa-zentroetan eta bestelako instalazio medikoetan. Laborategi hauek hainbat proba egiten dituzte gaixoaren odol laginaren analisi osoa lortzeko. Giza akatsak saihesteko, laborategi horien automatizazioa ezarri da. Horretarako, ikasle taldeak laborategi osoaren diseinu mekanikoa egin du, eta, ondoren, sistema automatizatu bat garatu dute. Diseinu horrek egungo ereduei jarraitu die, baina zenbait hobekuntza ere ezarri dira talde medikoaren beharrak asetzeko. Proiektu hau Eider Lertxundi, Leire Treviño, Maider Aresti, Olatz Alzuri eta Maialen Lazkano Ingeniaritza Biomedikoko 3. mailako ikasleek burutu dute.
- Laugarren sailkatua: Grabitatearen indarrarekin lortutako argia (Gravity Power Light)
Gravity Power Light proiektuaren helburu nagusia energia elektrikoa modu jasangarrian eta guztiontzako eskuragarri sortzea da. Horretarako, energia potentzial grabitatorioa energia zinetiko bihurtzen da eta, aldi berean, energia elektrikoa transformatzeko sistema mekaniko bat sortu da, 5 V-eko bonbilla bat pizteko aukera ematen duena. Mekanismo horrek pinoi bat erabiltzen du motor elektriko bati konektatuta, non kate batetik zintzilik dagoen masa batek pinoia birarazten duen eta mugimendu horrekin bonbilla pizteko adina energia elektriko sortzen den. Alde mekanikoaz gain, ultrasoinu sentsorea eta kodetzailea erabili dira pisuaren posizioa eta ardatzaren abiadura zehazteko. Gravity Light lanpara sortzeko erabilitako materialak, elementu komertzialez gain, egurrerako, aluminiorako eta 3D inprimaketako plastikorako. Proiektu hau diseinu sinple eta merke batekin sortu da, sarbide elektrikoa mugatua den eremuetan bereziki erabilgarria izateko. Hori da Libe Aguirre, Hisham Garate, Asier Irazabalbeitia, Urko Muriel eta Oier Urbizuren proiektua. Prozesu Industrialetako Ekoteknologien Ingeniaritzako 1. mailakoak.
Beste sari batzuk
Aurten, lehenengo aldiz, antolatzaileek ekintzailetza saritu dute. Hala, sari berezia, zortzigarrena, sortu dute proiektu ekintzaileenari aitortza egiteko. Bestalde, ikasleen saria, bideo aurkezpen onenaren saria eta poster onenaren saria ere banatu dira. Aipatzekoa da, azken edizioetako emakumezkoen parte hartzerik handiena izan duela aurtengo PBL Day egunak.