Parkeen jarraipena

Parkeen jarraipena

Rafa Pol, MONDRAGONeko Plangintza Estrategikoko Unitatea
Parkeen jarraipena da Julio Cortazarren ipuin baten izenburua. Joan den mendeko 60-70eko hamarkadetako Latinoamerikako boomaren erakusle da Cortázar, eta literatura fantastikoa deitu zenarekin esperimentatu zuen. Zalantza dut ea egungo gizarteak ez ote duen korronte literario horren eraginik izango.
2023/07/07

Istorio labur honetan, egileak fikziozko trama bat eta errealitatezko beste bat garatzen ditu paraleloan. Alderdi errealaren protagonista eleberri baten irakurketarekin beste istorio fabulatu bat argitzen duena da. Pertsona hori gutako edozein izan liteke gure eguneroko bizitzan, eta liburuaren amaiera ezagutzeko nolabaiteko antsietatea erakusten du. Irakurketan aurrera egiten du, nahi gabe, unerik dramatikoenean, bi dimentsioen artean salto egiten duen arte, eta irakurtzen duen istorioaren biktima bihurtzen da, liburuarekin jarraitu eta haren amaiera ezagutu gabe.

“Oso laster, adimen artifizialak, moneta digitalak edo gure portaeraren datu handi iragarle batek besapean ekarriko duten kontrol sozialarekin, guretzat ezinezkoa izatea errealaren eta birtualaren artean bereiztea”

Cortazarren jarraitutasun hori, edo erreala denaren eta ez denaren arteko lotura, parke hostotsuak eta bi agertokietako baso lodiak biltzen dituen pasabide baten bidez egiten da.

Errealitatea eta fikzioa

Ideia hori analogia ona iruditzen zait zertara bideratzen ari garen ikusteko. Komunikabideek eta lider sozioekonomikoek helarazten dizkiguten eszenatokiak eta itxaropenak fikziozko liburu hori bezalakoak dira, zeinari lotzen gatzaizkion eta amaiera ezagutu nahi dugun, guretzat onena izango delakoan.

Hala ere, oraindik konturatu gaitezke errealitate osatugabea erakusten digutela, narratzaileek gertaerak eta datuak ezkutatzen eta mozorrotzen baitituzte, baita egiteke dauden zereginak edo motibatzen dituen interes kaltegarriren bat ere.

Litekeena da oso laster, adimen artifizialak, moneta digitalak edo gure portaeraren datu handi iragarle batek besapean ekarriko duten kontrol sozialarekin, guretzat ezinezkoa izatea errealaren eta birtualaren artean bereiztea inguratzen gaituen horretan, eta, ezinbestean, istorio honetako protagonista berri bihurtzea, erreakzionatzeko gaitasunik gabe eta baso digitalen pasabide horien bidez beste dimentsio batetik irits daitekeenaren biktima bihurtuz. Azken finean, Cortazarren ipuinaren trama errealista ere fikziozko beste plano bat zen.

Etorkizun horretan, finantzakrisi baten, klima-aldaketa baten, Europako gerra baten, erreseteo handi baten, pandemia baten edo telebistaz edozein parlamenturi egindako eraso baten atzean zer dagoen galdetzea lekuz kanpo egongo da. Orduan, zalantza nagusia hauxe izango da: zertan oinarrituta dago askatasuna? Eta horrekin lotuta, zein oinarri izango ditu gure kooperatibismoak? Une horretan, agian, ez da istorio honen amaiera interpreta dezakeen inor geratuko.