ORONAk bat egingo du Electra Vitoriarekin

ORONAk Batzar Orokorra egin zuen pasa den apirilaren 27an eta, 2017ko kontuak onartzeaz gain, Electra Vitoriarekin bat egitea ere onartu zuen.
Card image cap
2018/04/30

Aipatutako fusio honekin, ORONAk 2005ean MONDRAGON Korporazioarekin batera hasitako ibilbidea amaitzen du, Igogailuen Dibisioa sortu eta gero.

"ORONA UE" proiektua

Bazkideen Batzar Orokorrak onartu du "ORONA UE" proiektua ere martxan jartzea eta honekin helburua izango da Europan dauden igogailuen enpresen artean ORONAk ahalmena izatea beste enpresa multinazionalekin lehiatzeko eta merkatuko lehen postuetan kokatzeko. Modu berean, proiektuan jasotzen den bezala, "proposamen honekin esperientzia kooperatiboaren baloreak eremu europarrean hedatu nahi ditugu".

Proiektu honen bitartez, tamaina eta dimentsioan ere handitu nahi du eta horrek eragin zuzena izango du langile kopuruan ere, beti ere oinarri hartuta gaur egungo ahalmen komertzial eta teknologikoa.

Emaitza positiboak

2017ko emaitzak kontuan hartuta, ORONAk 408 milioiko salmentak lortu ditu nazioarteko merkatuan (fakturazio orokorreko %58) eta aurreko urtearekin alderatuta %6,81 igo da. Emaitza gordin orokorra 124 milioitakoa izan da (+%10). Eta emaitza orokorretik %2 inbertsioetara bideratu da. Ekitaldian 13.998 igogailu burutu dira eta langileen kopurua 4.982 pertsonetan kokatu da (+%4,58).

Xabier Mutuberria, ORONAko zuzendari orokorrak balorazio oso positiboa egin zuen 2017ari dagokionez, izan ere sektoreko lehen postuetan kokatzeko erronka ondo bete du eta gainerako enpresa multinazionalekin lehiatzeko postuetan kokatu da.