Orientagune, etorkizuneko enpleguen argazkia egin nahian

Mondragon Unibertsitatea Orientagune jardunaldiaren seigarren edizioa burutzen ari da Orona-Ideon.
2019/10/10

Gipuzkoako Ikastola, ikastetxe eta eskoletako 50 bat orientatzaileren parte-hartzearekin ari da burutzen Hernaniko Orona-Ideon, Mondragon Unibertsitateak bertan duen fakultatean, Orientagune jardunaldia. Seigarren edizioa antolatu dute aurtengoan, aktualitate handiko gaia aztertu nahian: "Etorkizuneko enplegua".

ORIENTAGUNE

Eta etorkizuneko enpleguaren gaineko argazki egokia egitea da bertaratutako guztien helburua, bai parte-hartzaileena eta baita entzuleena ere. Lehenengo mahai inguruan Iñigo Larrea, MONDRAGON Korporazioko Talentuaren Gestioaren arduraduna; Garbiñe Beraza, Oronako Gestio Sozialeko barne komunikazio arduraduna; Javier Ramos, Lanbideko kabinete teknikoko arduraduna; eta Mireia Azpiazu, Gipuzkoako Foru Aldundikoa 'Gipuzkoa Talent' egitasmoaren ordezkaria ari dira parte-hartzen. Mahai ingurua dinamizatzen, berriz, Bego Etxaburu ari da, Mondragon Unibertsitateko irakaslea eta talentuaren arloan ikertzailea.

Nolakoak izango dira etorkizuneko enpleguak eta perfilak?

Nolakoak izango dira enpleguak? Nolakoak profilak? Egongo ote da kualifikazio txikiko enplegua? Automatizazioa, fabrika konektatua, pertsonak... Askotariko hausnarketa eta galdera erantzunak izaten ari dira gaurkoan. MONDRAGONek esaterako, esan du, gaur egun Korporazioak talentuaren eta enplegu erakargarritasunaren arloan ari dela egitasmo ezberdinak lantzen. FLL Euskadi da horietako bat, eta arlo horretan STEAM metodologiarekin bat egiten dutela esan du (ingelesezko akronimoa da STEAM Zientzia, Teknologia, Matematika arloen metodologiari dagokiona). Era berean, MONDRAGON People plataforma ere aurkeztu du, non gaur egun 148 lanpostu eskaintzen diren, askotariko perfilekoak. 

Eraldaketa organizatiboa etengabekoa izan behar da, behin eta berriro egokituz eta etorkizunari aurre hartuz

Oronako ordezkariak, berriz, eraldaketa organizatiboa aipatu du. "Etengabekoa, etorkizuneko lanpostuei aurre egiteko behin eta berriro egokitu behar dena" esan du Garbiñe Berazak. Hala, Oronak, bere Plan Estrategiko berrian (2019-2023) pertsonen arloari berebiziko garrantzia eman dio. "Pertsonak formatu behar ditugu". 

Jaurlaritzako kabinete teknikoko ordezkariak eta Aldundikoak administraziotik abian jarri dituzten proiektuak aurkeztu dituzte, beti ere talentuaren arloan egiten ari diren ekintzak azpimarratuz. 

Gaurkoaren ondotik, Orientagune jardunaldia bihar Bilbon egingo da, Bizkaiko eta Bilboko hezkuntza sektoreko ordezkarien aurrean. 

Irakaskuntza unibertsitate zentroa