Oreka 2030: Eraldaketa soziala LagunAron
Horretarako, proiektu bati hasiera emango dio, integrala eta zeharkakoa izango dena, oreka 2030 izendaturikoa; 2030 agendarekin, 2030 Debagoienarekin eta Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) lerrokatuta egongo dena eta hiru ardatz izango dituena.
Euskara plana
Egunerokoan euskara normaltasunez erabili nahian. Urteak dira LagunAro euskararekin duen konpromisoan sakontzen ari dela, hala ere, ez zuen 2017ra arte bere lehenengo Euskara plana martxan jarri.
Azken hiru urteetan aurrerakuntza nabarmenak burutu dira, batez ere, euskararen erabilera naturaltasunez egunerokoan integratu delako. Plan Estrategiko berriarekin batera, Euskara planaren erronka nagusiak definitu dira: LagunArok eskaintzen duen zerbitzua euskaraz eman daitekeela bermatzea, langileen arteko harremanak euskaraz modu naturalean aurrera eramatea, plana sendotzea, eta azkenik, kooperatibentzat euskararen normalizazioan eredugarri izatea lortzea.
Berdintasun plana
Genero ikuspegia integratu nahi dugu gure zereginetan. LagunAro generoari buruzko sentsibilizazioa lantzen hasi da azken bi urteetan; 2019an gaiari buruzko formazioa eskainiz, eta 2020an generoari buruzko diagnostikoa eginez, berdintasunerako batzordea sortuz eta berdintasunerako lehenengo plana definituz.
Plan horren helburua da, LagunAro emakumeen eta gizonen arteko berdintasun printzipioarekin lerrokatu; erakundeari eragiten dion kudeaketan eta kooperatiba eta mutualistei eskaintzen zaien zerbitzuan genero–ikuspegia integratuz. Halaber, lanaren ildo nagusiak bi dira, erakundearen kultura berdinzalea sustatzea eta langileen kudeaketa berdinzalea bermatzea.
Jasangarritasun plana
Egoitza deskarbonizatzeko proiektua martxan jarriko dugu. Gizarte bezala, urte asko kostatu izan da jasangarritasunaren garrantzia aintzat hartzea.
LagunArori dagokionez, orain dela hiru urte, erakunde jasangarriago bat egiteko asmoarekin, zazpi lagunek osaturiko talde bat sortu zen. Talde hori bi hilean behin elkartzen da gutxi gora–behera eta hainbat ekintza jarri ditu martxan. Esanguratsuenen artean: paperaren kontsumoa jaisteko sentsibilizazio–kanpainak martxan jarri, jasangarritasunari loturiko praktika onei buruzko gida bat egin eta plastikozko botilak deuseztatu eta beirazkoengatik ordezkatu.
Bestalde, LagunAroren egoitza deskarbonizatzeko proiektua martxan jarriko du. Izan ere, atmosferara botatzen den karbono dioxidoaren herena baino gehiago eraikinak bizigarri egiteko beharretik datorrela kontutan hartuta, eraikinak eraginkorragoak eta ekologikoagoak bihurtzea ezinbestekoa dela uste du LagunArok.
Eraikina berriztatzeko kontutan izango ditugunen artean, aipatzekoak dira: energia berriztagarrien erabilpena eta fatxadak eta estalkiak isolatzea eraginkortasun energetiko maximoa lortzeko eta bero-uhartearen efektua murrizteko.