ORBEAk familian ospatu du 175. urteurreneko ekitaldi nagusia

Eusko Jaurlaritzako Lehendakari Iñigo Urkullu eta Garapen Ekonomikoa eta Lehiakortasun sailburua Arantza Tapia izan dira gaur goizean Mallabian Orbeak egin duen 175. urteurreneko ekitaldiaren buru.
2016/01/21

Txirrindularitza arloko pertsona aski ezagunak elkartu dira gaur goizean Orbeak Mallabian (Bizkaia) duen lantokian 175.urteurreneko ekitaldi nagusian. Besteak beste, bertan izan dira Pedro Delgado, Miguel Madariaga, Samu Sanchez, Marino Lejarreta, Igor Gonzalez de Galdeano, Roberto Laiseka, Jon Odriozola eta Txomin Perurena. Orbea markaren enbaxadore den Santi Millan aktore eta zikloturistak ere ez du hutsik egin, eta pertsona ezagun horiekin batera, bertan izan dira kooperatibako zuzendaritzako kide guztiak, MONDRAGON Korporazioko presidentea eta baita lan-bazkide gehienak ere.

ORBEA 175

Pasioa eta etengabeko berrikuntza

Jon Fernandez, Orbeako CEOak esan duenez, "Inork ez du guk bezala etengabeko berrikuntza prozesu batean egoteko gaitasunik izan, transformazio etengabekoan" eta horri eskerrak, adierazi du "175 urte bere ditugu". Fernandezek historiako mugarri nagusienak gogoratu ditu, enpresa sortu zenetik, elkarte anonimotik kooperatibarako transformazioa bizi zuenera eta noski, karbonozko lehenengo bizikleta merkaturatu zuteneko garaia ere gogoan izan du "gure Orca izan zen", esan du.

ORBEA 175

Orbea familia osatzen duten gizon eta emakumeak ere gogoan izan ditu zuzendari orokorrak, eta noski urte horietan guztietan hil diren guztiak ere. "Etorkizunean ere gure bidea egiten jarraituko dugu, behin eta berriro sortzen, gure izaera eibartar eta euskaldunarekin, oinarri sendoak beti egon garen lekuan mantentzen, Mallabin". Bere azken hitzak balioei eskaini die: determinazioa, behin eta berriro ahalegintzea, harrotasuna, pasioa -inork baino gehiago-, ezagutza eta berrikuntza.

ORBEA 175

Santi Millan, Javier Sotil, Pedro Delgado eta Iñigo Urkullu

Jon Fernandezen interbentzioaren ondoren Santi Millanek hartu du hitza, "oso identifikatuta sentitzen naiz Orbeak transmititzen dituen balioekin" esan du aktoreak. Ondoren Pedro Delgadok 1985eko Espainiako Itzulia ekarri du gogora. "Inork espero ez zuenean irabazi nuen lasterketa hura, Orbearekin". Javier Sotil, MONDRAGONeko presidenteak, Orbeak nazioartera egokitzeko erakutsi duen ahalmena azpimarratu du, eta bukatzeko, Iñigo Urkullu lehendakariak administrazioaren babesa beti izango dutela esan die Orbeako ordezkariei.

ORBEA 175

Bisita gidatuak

Ekitaldi nagusiaren ondotik, gonbidatuek, taldeetan banatuta bisita gidatuak egiteko aukera izan dute, eta bertatik bertara ezagutu dute Mallabiko lantokia.

Gaurko ekitaldiaren argazki bilduma: https://www.flickr.com/photos/tulankide/albums/72157663647211371/with/23891732143/

Bizikleten fabrikazioa