Orain Felix zara
Gero, nerabezaroko gure sekretu guztien jakitun den eserlekuaren paretik, behelaino artean,sumatzen genuen irribarre hori lagunekin elkartetik zentozela. Orduan, Ane eta Eimonen aita zinen.
Ez ginen jabetzen joan-etorri horien artean egiten zenuen lanarekin. Ezagutu izan ditugun hainbat erakunde beti hor egon izan diren sentsazioa izaten dugu askotan, gure aurreko belaunaldietakoek haien sorreran egindako lan eskergaz ohartu gabe. Hezkuntza euskalduna eman ziguten Ikastolak edo gure irakasle izan direnei euskarazko formazioa eman zieten unibertsitateak bakarrik sortu izan balira bezela.
Urteen joanean Venezuelako Tuy bailaran Lanbide Heziketako ikastetxeen sorrera bultzatzen egon zinela jakin dugu.
Eskola Politeknikoan, Irakasle Eskolaren sorreran, Almenen, Hezibiden edo Gizabidea Fundazioan eta gure bailaratik haratago Ikastolen mugimenduan eta HETELen sorreran egin zenuen lanarekin ere jabetu gara.
Eragile eta pertsonen elkarlana oinarri, hezkuntza-kooperatiboak gure bailaran eman dituen hainbat erakundetan gidari eta eragile izan zara, Hezkuntza herri bateko lehen enpresa dela sinistu duzulako.
Arizmendi Ikastolaren sorreran ezinbesteko pertsona izan zinela ere badakigu, lehenengo zuzendaria. Familiek, profesionalek eta erakunde kolaboratzaileek bat eginda, herri erakundeen laguntzarekin, bailarari hezkuntza eredu jakin bat, Ikastola eredua, eskeintzeko.
Urtero Ikastolako Batzar Nagusian alboan sentitu zaitugu. Bertan, identitate propiodun proiektu sendoa ikusten duzula esanaz. Leintz bailaran errotutako ikastola kooperatiboa, zuk ereindako hazitik loratua zazpi herrialdetako beste 113 ikastolekin batera osaturiko basoan. Guretzat ere hezkuntza herri bateko lehen enpresa delako.
Uztailean, 20.ikasturtearen azken hatsetan, hartu zenuen azken arnasa. Eta orain bai, orain zure ekarpenaren tamainaz jabetzen gara. Orain guretzat Felix zara. Besarkada bat Ane eta Jon.
(*) Goienan argitaratutako iritzia.