Okerrak okerrago
OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak bultzatzen du PISA azterketa eta hiru urtean behin egiten da 15 urteko ikasle-lagin batekin. Oinarrizko konpetentzietan elkar neurtzen dute ikasleek eta, bide batez, hezkuntza-sistemek. 2022ko udaberrian egin zuten azken PISA azterketa ikasleek, eta aurreko neurketa-aldiarekin konparatuta, atzera egin dute zientzia, matematika eta irakurketan.
Azterketa-eredua oso urruti dago perfektua izatetik, huts nabarmenak dituela esan izan da behin eta berriro, baina nik dakidalarik, ez da ordezko sistemarik agertu ikasleen gaitasunak eta hezkuntza-sistemen eraginkortasuna konparatzeko moduan neurtu ahal izateko
Arrazoiak askotarikoak direla esate hutsak ez du deus ere argitzen, baina aitortu behar da halaxe dela: ezin zaio faktore bakar bati egotzi, are gutxiago soilik azterketa pasa duten ikasleei. Pandemiatik atera berritan ginen neurketa egin zenean, eta horrek eragin nabarmena izan du, atzeraldia leku guztietan gertatu baita. Irakaslea den adiskide batek aurrekoan esan zidanez, hiru urte hauetan ikasleak ez dira gu baino gehiago “tontotu”: oraindik liseritu ez dugun trauma baten eraginpean gaude guztiok.
Azterketa-eredua oso urruti dago perfektua izatetik, huts nabarmenak dituela esan izan da behin eta berriro, baina nik dakidalarik, ez da ordezko sistemarik agertu ikasleen gaitasunak eta hezkuntza-sistemen eraginkortasuna konparatzeko moduan neurtu ahal izateko. Besteekin konparatuta gaizki ateratzea ez da batere gustagarria, baina ez luke horrek emaitza hauen ikaspenik handiena izan behar.
Helmuga ez da konparazioa, aurrerapena baizik, eta nekez iritsiko gara emaitza hobe batera jatorrizko desberdintasunak emendatzen ez badira. Azken hamarkadetako eraldaketa ekonomiko eta sozialek desberdintasun handiagoa eragin dute, eta horren ondorioz, norberaren merituak pisua badu ere, gero eta txikiagoa da pribilegioen mesedetan. Egoera sozioekonomiko kaxkarra ia gaindiezina bilakatu da gero eta familia gehiagorentzat, eta aurrerabide sozialaren makinaria giltzatu egin da.
Mendebaldeko demokrazietan oinarri-oinarrian jarri dugu buztinezko hankak dituen printzipio bat: arrakasta (akademikoa, ekonomikoa edo soziala) lorpen eta meritu pertsonalen arabera lortzen dela esan izan zaigu, eta ondorioz, norberak “egiten” duenaren baitan kokatu dira gure gaitasunak
PISAren emaitzak aztertuta ondorio horretara iritsi da COTEC fundazioarentzat ISEAK ikerketa-zentroak duela gutxi argitaratu duen ikerketa. Nabarmen agertu da hezkuntza-errendimendua familiaren maila sozioekonomikoaren mende dagoela, ingurune sozioekonomiko erosoan bizi diren haurrek 2,3 aldiz aukera gehiago dituztelako oinarrizko gaitasun maila lortzeko, ingurune behartsuetako haurrek baino.
Mendebaldeko demokrazietan oinarri-oinarrian jarri dugu buztinezko hankak dituen printzipio bat: arrakasta (akademikoa, ekonomikoa edo soziala) lorpen eta meritu pertsonalen arabera lortzen dela esan izan zaigu, eta ondorioz, norberak “egiten” duenaren baitan kokatu dira gure gaitasunak. Asko ikasiz gero, azterketak gaindituko dituztela esaten diegu ikasleei, baina badira ikasteko oinarrizko baldintzarik gabe bizi diren gero eta ikasle gehiago.
PISAkoa okertzen jarraitzen duen bolizko dorrea baino gehiago, okerrak zuzentzeko gauza ez den gizartearen sinboloa da. Aristotelek argi esan zuen: “Primum vivere, deinde filosofare”; bizi-baldintza duinik gabe ez dago bikaintasun akademikorik.
Iturria: Enpresabidea