Nomada digitala, lan egiteko modu berria

Nomada digitala, lan egiteko modu berria

Enpresabidea
Pandemia atzean utzi eta normaltasunera bidean, gora egin du atzerrira joan eta Internet bidez urrunetik lan egiten duten profesionalen kopuruak.
2022/10/10

Lanera joatea askotan lantoki batekin lotzen dugu, bulego batekin, edo, behintzat toki zehatz batekin. Telelana pandemia garaiak egin zuen ezagun, baina, indarra hartu duen lan egiteko modu bilakatu da, aurrerapen teknologikoek horretarako aukera eskaintzen dutelako. Orain, modan jarri den azkena nomada digitala izatea da. Hiri handietako kafetegiak eta paradisuko uharteak halako nomadez betetzen ari dira. Ordenagailuari itsatsita daude, kontzentrazio aurpegia jarri eta, kafea edan bitartean, laneko postak erantzun eta lan egitera joango diren hurrengo norakoa aukeratzen. Bali, Lisboa, Kanariak, Istanbul, Mexiko, Berlin edo Bartzelona? Halakoxeak dira nomada digitalak: ingelesez hitz egiten dute, 30 urte inguru dituzte eta mundua eta bertako jendea ezagutu nahi dituzte. Telelanean aritzen dira, eta are gehiago, pandemiak lan egiteko modu hori zabaldu duenetik. Konpainia askok, bereziki teknologikoek, urrutiko lana langile guztietan edo batzuetan betiko ezartzea erabaki dute. Spotify, Facebook, Google, Salesforce, Twitter... adibide agerikoenak baino ez dira. Ahaztu gabe, freelance profesionalen komunitatea ere gehitu behar zaio, pandemiaren aurretik ere erabiltzen baitzuten bizimodu hori.

Estatu Batuetan nomada digitalen kopurua %49 hazi da urtebetean, 7,3 milioi pertsonatik 10,9 milioira igaro baita 2020tik 2021era

Datu gutxi daude aipatutako mugimenduari buruz. MBOk egindako ikerketa baten arabera, Estatu Batuetan nomada digitalen kopurua %49 hazi da urtebetean, 7,3 pertsonatik 10,9 milioira igaro baita 2020tik 2021era. Espainian ez dago datu ofizialik, baina hainbat erkidegok nomadak beren lurraldera erakartzeko kanpainak jarri dituzte martxan, potentzialaren jakitun. Izan ere, erosteko ahalmen handia duten profesionalak izaten dira, – hamarretik lauk diote urtean 75.000 dolar baino gehiago irabazten dituztela – eta prestakuntza-maila handia dute – % 60k baino gehiagok unibertsitate ikasketak ditu–; beraz, horiek atxikitzea estrategia ona izan liteke lurralde batean talentu-maila handitzeko.

Startupen Legea

Espainiaren kasuan, Enpresen Ekosistema Sustatzeko lege-proiektua ari dira lantzen, Startupen Legea izenaz ezagutzen dena, eta lurraldea talentuaren benetako paradisu bihurtuko luketen erreformak jasotzen ditu, Francisco Polo Nazioarteko Ekintzailerako Espainiako Goi Komisarioak jakitera eman duenez. Bere aurreikuspenen arabera, 2021eko abenduan Ministroen Kontseiluan onartutako proiektua 2022a amaitu baino lehen Gorteetan berretsiko da.

Lege berri horrek, bisa kategoria berri bat sortuko luke nomada digitalentzat, inbertitzaileentzat, eta ekintzaileentzat. Hala, hasierako bizileku-bisa urtebetetik bost urtera arte luzatzea ekarriko luke. Atzerriko inbertitzaile eta ekintzaileentzako zerga-erregimen hobea ere aurreikusten du, adibidez, bertakoak ez direnek, errentaren gaineko zergan, tasa orokorretan % 25etik % 15erako jaitsiera. “Espainia Europako herrialderik interesgarrienetako bat bihurtuko da ekintzailetza berritzailearen ekosisteman lan egiteko”  dio Polok.

Aipatutako legeak, nomada digitalentzat are erakargarriago egingo luke Espainiar Estatua. Hala, Malaga, Bartzelona, Valentzia edo Madril inbertsio digitalerako helmuga garrantzitsu gisa kokatu dira azken urteotan, eta, gainera, hiri adimendunen rankingetan liderrak dira, negozio bati ekiteko erraztasun handiekin.

Eta Euskal Herrian zer?

Eguraldia beti alde izaten ez dugun arren, Euskal Herriko paisaiek eta natura berdeak ere nomada digitalak erakarri dituzte. Gero eta jende gehiagok bisitatzen ditu gure lurrak, dela tarte laburretarako, dela egonaldi luzeagoetarako, gurean ere badelako aukerarik aldi berean lan egin eta bidaiatzeko.

Enkarterri eta Meatzaldean nomada digitalen bila dabiltza, eta hamar egunez bertatik telelana egin nahi dutenei deskontuak eskainiko dizkiete lurraldeko ostatuetan 

Are gehiago, Bizkaian, esaterako, Enkarterri eta Meatzaldean nomada digitalen bila dabiltza, eta hamar egunez bertatik telelana egin nahi dutenei deskontuak eskainiko dizkiete lurraldeko ostatuetan. Bertakoek adierazi dutenez, bi eskualdeak leku ezin hobeak dira gaur egungo garaietarako, jendetzarik gabe, hiritik hurbil samar eta masifikatu gabeko sektore turistikoarekin. “Gure hotelak, landetxeak eta apartamentu turistikoak ezin hobeak dira taldez aldatzeko eta aisialdiaz gozatzeko lanean jarraitzen duzun bitartean, oporretan egon beharrik gabe”, azaldu dute.

Horra hor, nomada digitalen lan egiteko modua, ia lanbide berri baten modukoa. Oporretan egon gabe, naturaz, paisaiez, kultura ezberdinez eta leku exotikoez gozatzeko aukera eskaintzen duena. Eta, telelanari eutsiz, produktibitatea galdu nahi ez dutenek eta aisialdia eta beharra ongi bereizi nahi dutenek ere badute lana non egin: Coworking espazioetan.