Irakurriena
- 1. FIRST LEGO League Euskadi-MONDRAGON finala, boluntario bila
- 2. Orbik Cybersecurity, kooperatiba bihurtu den lehen start-up teknologikoa
- 3. 2024ko urtekaria: urtebete iruditan
- 4. Ministroen Kontseiluak LagunAro BGAEren berezitasuna onartu du
- 5. MONDRAGONek bisitarien errekorra hautsi du: 3.196 lagun 2024an
- 6. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 7. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 8. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 9. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 10. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
Musikaren doinuekin abiatu da Huhezinema 2025
Ondo baino hobeto hasi da aurtengo Huhezinema jaialdia. “Andrak Erramutan” dokumentalaren proiekzioarekin. Ikusentzunezko lanak, Ondarroako emakume talde batek 2024ko uztailean Ondarroatik Donostiara arraunean egindako joan etorria jaso du. Horrela, emakumeen kirola balioan jarriz, eta emakumeak bigarren planoan geratu ohi diren sektore batean, lehen lerrora eramanez, “guk itsasoa hartu ahal dugu”, sinistuz. Eta sentipen guzti horiek ondo ekarri dituzte Huhezinemara. Protagonistak oholtzan izan dira haien lehen eskuko bizipenak azaltzen. “Ikusten genuen adin batetik gorako emakumeok ez genuela itsasoan aritzeko aukerarik, eta horretara ekin genuen: Zeatxik Ez?”.
“Ondarroa arrantzatik bizi izan da. Arrantzaleak gizonak ziren gehienak, baina ikusten ez den lana emakumeok egiten genuen, eta horrela da oraindik ere. Zeharkaldia aurrera ateratzeko bi orduko entrenamenduak egin genituen, astean sei egunetan”, halakoak eta bestelakoak kontatu zituzten dokumentalaren protagonistek. “Umearekin joan behar izaten nintzen entrenatzera, ni patroi moduan, umeari txalekoa jarri eta aurrera”. azaldu dute Esti Bedialauneta, Rosana Goikoetxea eta Araiz Ariztondok.
Bideoklip saila eta zuzeneko musika
Bideoklip Sailera ere jende andana bertaratu da. Jaialdiko sailik girotuenetakoa da hau zalantzarik gabe, girotuena ez bada. Eta publikoaren erantzunak ez du hutsik egin. Guztira hamairu bideoklip iritsi dira finalera, hiru bloketan banatuta proiektatu direnak. Ikusleek tartea izan dute abesteko, dantzatzeko, irudi eta doinu harrigarriez gozatzeko, denboran atzera egiteko edo denbora bera gelditzeko. Estilo guztietako lanak izan dira oholtzan. “Azkenean Bideoklip Sailak ikusarazi egiten ditu bideoklipak. Egia da abestia ateratzen denean, astebetez edo, bideoklipari ere garrantzia ematen zaiola, baina gero ahaztu egiten dira. Horrelako jaialdietan lekua izatea ona da guretzat, eta gainera bideoklipak batzuetan film laburren itxura har dezakete”, adierazi du Ximon Agirrek (Esku Burdin -J Martina-, Bi Miru Gu -TOC- eta Ametsen Batean -TOC- abestien bideoklipen egilea).
Bideoklip Sailaren azken proiekzioa Lemak taldearena izan da, eta bukatu ahala, Bergara-Antzuolako taldeak zuzeneko kontzertua eskaini du areto kanpoan zegoen oholtzan. Akustiko eran izan da, eta giro ederra jarri dute egunari amaiera emateko. Gaur Ikasle Sailaren eguna izango da, eta ikasle asko espero dituzte Arkupen.