Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
Munduko kreditu-kooperatibarik handienak
Gure ingurunean ez dago LABORAL Kutxa baino kreditu-kooperatiba handiagorik
Euskal Herriko bigarren finantza-erakundea izateaz gain, Estatuko kreditu-kooperatibarik handiena da LABORAL Kutxa, baina munduan badira beren herrialdeetan diharduten antzeko beste erakunde asko ere. Kreditu Kooperatiben Munduko Kontseiluak (WOCCU, ingelesezko sigletan) adierazi duenez, 118 herrialdetan diharduten mota horretako 85.000 finantza-erakunde baino gehiago daude munduan. Guztiek 274 milioi pertsonari ematen diete zerbitzua, eta haien aktiboak 2 bilioi euro baino gehixeago dira (bai, gure bilioiak, hau da, milioi bat milioikoak).
Ameriketako Estatu Batuak dira sailkapenean lehenak, eta ereduaren sendotasuna erakutsi dute
Herrialdeen sailkapenean, Ameriketako Estatu Batuak dira lehenengoak, 101 milioi bezerorekin. Bezero horiek, aldi berean, beren finantza-erakundeen jabeak dira. Herrialde horren atzetik, honako herrialde hauek datoz: India (20 milioi kide), Kanada (10 milioi), Brasil eta Korea (6 milioi) eta Filipinak, Kenya, Mexiko, Ekuador eta Australia (5 milioi bakoitzak).
Ikusi denez, bezero horiek aukeratu duten formula horrek erresilientzia handiagoa erakutsi du ekonomiaren erasoen aurrean: Jordan van Rijn ekonomialariaren azterlan baten arabera, 2008ko krisialdi orokorrean, Ameriketako Estatu Batuetan behea jo zuten merkataritza-bankuak kreditu-kooperatibak baino 2,5 aldiz gehiago izan ziren. Gainera, krisialdiaren ondorengo 8 urteetan, ETE-ei mailegatzera bideratutako dirua bikoizteko gai izan ziren kooperatiba horiek, eta merkataritza-bankuek, berriz, murriztu egin zuten horretarako bideratutako zenbatekoa, Rebel A. Cole ikertzaileak adierazi duenez.
Europako kreditu-kooperatiba handiak bezeroen eta plantillaren esku daude
Harrigarria bada ere, zifra zorabiagarri horien barruan ez daude banka kooperatiboaren eremuan historikoak eta aitzindariak diren erakundeetako batzuk. Izan ere, WOCCUak ez du biltzen Alemaniako, Frantziako, Herbehereetako eta Italiako daturik, herrialde horiek banka-mota horretan aitzindariak izanik ere, bertako kooperatiba-erakundeak ez baitaude bezeroen esku soilik. Banku Kooperatiboen Europako Elkartearen arabera, lau herrialde horiek 23 herrialdetako 28 finantza-erakundetako 38 milioi bezero dituzte.
Horren adibide on bat gure kasua da, LABORAL Kutxarena: gure erakundearen jabetza ez da bezeroena soilik. Kreditu-kooperatiba ez ezik lan-kooperatiba ere bagarenez eta gure ingurunean lana sortzen zuten kooperatibei finantza-oinarri sendoak eskaintzeko sortu ginenez gero, gure jabeak entitateko langileak berak, beste kooperatiba batzuk eta bezero partikular batzuk dira. Beraz, gure izaera dela eta, ez gara gaur egun gehiengoa diren kreditu-kooperatiba horietako gehienen berdinak.
Navy Federal: Ameriketako Estatu Batuetako kreditu-kooperatibarik handiena armadari lotuta dago
Kanpora begiratzen badugu, erraza da bertigoa sentitzea erraldoi jakin batzuen tamainaren aurrean. Munduko kreditu-kooperatibarik handiena ikusi besterik ez dago. Navy Federal du izena, eta Virginian (Ameriketako Estatu Batuak) kokatuta dago. 110.000 milioi dolar ditu aktibotan, eta ia 9 milioi bazkide. Hasi zenean, 1933. urtean, Ameriketako Estatu Batuetako itsas armadako kide gutxi batzuei baino ez zien zerbitzua ematen; denborak aurrera egin ahala, ordea, ireki egin zen. 2008az geroztik, Defentsa Departamentu osoari ematen dio zerbitzua, baita langile zibilei ere. Gainera, 2013. urteaz geroztik, Kostaldeko Guardian lan egiten duten pertsonek ere balia ditzakete haren zerbitzuak.
Indiako kooperatiba-entitaterik handiena hiri-banku bat da
Saraswat Bank Indiako banku kooperatiborik handiena da. 1918. urtean jarri zen abian, eta hiri-bankua da, Asiako azpikontinentean nekazaritza-bezeroei zerbitzua ematen dieten kreditu-kooperatiba ugariak ez bezala. Kreditu-kooperatiba horrek herrialde osoan jarduteko baimena du. Horri esker, asmo handiko hazkunde-programa bat jarri du abian, herrialdeko hiri handi guztietara iristeko helburuarekin, eta herrialdeko Kreditu Kooperatibarik Onenaren saria lortu zuen 2016an.
Kanadan, 3 pertsonatik 1 kreditu-kooperatiba bateko bezeroa da
Kanadaren kasuan, guztizko kopuruetan Ameriketako Estatu Batuen eta Indiaren atzean badago ere, datu erlatiboak ikaragarriak dira: hiru herritarretik bat baino gehiago kreditu-kooperatiba bateko bezeroak dira. Gune nagusia Quebec da. Bertan dago erakunderik handiena: Desjardins Group. Erakunde hori 1901ean jarri zen abian, eta 7 milioi bezerori zerbitzua emateko elkartu diren 293 kreditu-kooperatiba biltzen ditu.
Kreditu-kooperatibak fenomeno globala direla eta banka egiteko beste modu bat badela erakusten duen adibide txikia dira, eta bikaina.
Artikulu originala: https://bloga.laboralkutxa.com/