Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
Mundukideko kooperanteen Topaketa Arantzazun
Irailaren 4tik 6ra 'frantziskotarren etxea' zabalik izango da Mundukideko kideentzat eta kooperazio kooperatiboarentzat. Bertan batu baitira erakundea osatzen duten pertsona 'ia' gehienak. Mundukidek munduan sakabanatuta dituen 15 kooperanteak Arantzazura gerturatu dira arnasa eta indarra hartzera. Erakundeak Euskal Herrian lanean dituen pertsonak ere Topaketan dira eta guztien artean egungo egoeraren inguruan hausnartuko dute, proiektuen gaineko asmoak partekatuko dituzte, balore eta egiteko nagusien inguruan hitz egingo dute eta askok euren artean elkar-ezagutzeko baliatuko dute. Batzuk urte asko daramatzate erakundean, beste askok gutxiago, baina guztiok partekatzen dituzte asmo paretsuak, "eredu kooperatiboaren eta konpromisoaren bitartez, mundua hobetzea".
Mozambike, Etiopia, Ekuador, Brasil eta Kolonbian ari da egun Mundukide, bertako nekazariei, indigenei, Sem Terra mugimenduko kideei edo eta kolonbiako birziklatzaileei erremintak eskaintzen, eta eredu kooperatiboaren bitartez "euren bizitza proiektuak edo eta enpresa kooperatiboak aurrera atera ditzaketela erakusten".
Mundukide, bere sorreratik, interkooperazioan oinarritutako proiektua da, eta zentzu horretan, Josu Urrutia erakundearen zuzendariaren esanetan "osasuntsu dago pertsona konprometituei esker, baina baita erakunde, kooperatiba eta elkarte ezberdinei esker. Guztien artean sustatzen baitute Mundukideren proiektua".
Josu Urrutia, Mundukideko zuzendaria: "Mundukideko programak ezagutu, kooperanteak euren artean ezagutarazi eta kooperante berriak, talentu berriak, erakartzeko aukera baliatu nahi dugu"
Kooperanteen Topaketa
Egunotan, erakundeak munduan dituen programa ezberdinak aztertzeaz gain, bestelako bilera eta hitzaldiak ere izango dituzte. Besteak beste; Leire Mugerza, MONDRAGONeko Kongresuko lehendakariaren bisita izanen dute, baita Iñigo Albizuri, Mundukideko presidentearen bisita ere, eta aldi berean, Arantzazuko egonaldia aprobetxatuko dute zenbait kooperatiba industrialetara gerturatzeko. Josu Urrutia zuzendariaren esanetan, topaketak helburu ugari ditu, baina bereziki "programak ezagutu, pertsonak euren artean ezagutarazi eta kooperante berriak, talentu berriak, erakartzeko aukera baliatu" nahi dute.
Irailak 8, kooperanteen nazioarteko eguna
Kooperanteek egiten duten lana balioan jarri eta kooperanterik gabe kooperaziorik ez dagoela aldarrikatzeko baliatuko du Mundukidek nazioarteko eguna. "Eskertu behar diegu kooperanteei, programa, herrialde, komunitate eta egoera ezberdinetan egiten duten lanagatik eta erakusten duten gaitasunagatik. Garapenerako lankidetzan berrikuntza eta esperientzia trukea ezinbestekoak dira, esperientzia eta ikuspegiak partekatzea, eta kooperanteen bitartez lortzen da hori dena".
Arantzazuko Topaketa amaituta, datorren astetik aurrera, kooperante bakoitza bere programara, bere herrialdeetara, Kolonbia, Brasil, Ekuador, Etiopia eta Mozambikera itzuliko dira, garapenerako lankidetzan funtsezko lana egitera, eta horrexegatik guztiagatik, egunotan Mundukidek, bere kooperante sareko kideei eskertu nahi die egiten duten lan itzela. Zorte on!