Mundukide Fundazioak "Kapulana bat zintzilik" ikuskizuna aurkeztu du

Ikuskizuna Mundukide Fundazioak, Lanku Bertsolaritza Zerbitzuak eta Miren Amuriza bertsolariak elkarlanean aurkeztu dute.
Card image cap
2015/09/11

Mundukidek 15 urte betetzen ditu eta orain artean kooperatibaz kooperatiba izan duen argazki erakusketa ibiltaria Euskal Herrian zehar herriz herri zabaltzea izango da helburua. Erakusketa hori gainera, bertso eta ipuinekin jantziko du Miren Amuriza bertsolariak.

Sinopsia

Kapulanak Mozanbikeko emakumeen oihal koloretsuak dira; soineko moduan, haurrei lepoan eusteko, jana biltzeko edota etxeak apaintzeko baliatzen dituztenak. Hain dira erabilera anitzekoak, ezen edozer aurki baitaiteke zapi handion estalpean. Emanaldi honetan, kapulana bat zabalduko dugu eta bertan gordetako kantu, kontu eta irudiak aterako. Mozanbikeko lurrazalaren historiatik hasita, emakumeen eskuetako azal zimurrak irakurtzeraino egingo dugu bidaia. Tarte horretan kooperazioaz, nekazaritzaz, haurtzaroaz edota hizkuntzaz arituko da Miren Amuriza, Eider Eibarren ilustrazioak lagun hartuta; hala bertsoz, nola ipuinez. Ez da abentura baten kronika izango, ezta Gobernuz Kanpoko Erakunde baten hitzaldia ere; hausnarketa txikiz eta galdera handiz josiriko kontakizuna baizik. Hala nahi duenarentzat, bere gogoetak eskegitzeko oihal zabala; horixe da “Kapulana bat zintzilik”.

Lehen emanaldiak

Erakusketa astebetez eraman dezake antolatzaileak bere herrira, eta Mundukide arduratuko da erakusketa jartzeaz eta biltzeaz. Erakusketak irauten duen bitartean eta antolatzaileak aukeratzen duen egunean, Miren Amuriza emanaldi bat eskaintzera joango da Kapulana bat zintzilik emankizunarekin.

Lehen erakusketa-emanaldia Berrizen izango da, urriaren 5ean hasita. Azaroaren 23tik 27ra, Oñatin, eta 26an egingo dute emanaldia, 17:00etan, Ulma enpresan. Eta urtarrilaren 4tik 17ra Aretxabaletaren txanda izango da; 13an eskainiko dute emanaldia, 19:00etan, Zaraia kultura etxean.