Mugikortasun elektrikoaren erronkak aztergai online jardunaldi batean

Mondragon Unibertsitateak antolatu duen jardunaldia martxoaren 16an egingo da, 09:30etik 12:00etara. Besteak beste, MUBIL, CAF Power, EVE (Energiaren Euskal Erakundea) eta Ingeteam arituko dira online jardunaldian.
Card image cap
2021/03/09

Mugikortasun elektrikoa geldiezina da. Gero eta ibilgailu eta gailu gehiagok hartzen dute parte paradigma horretan. Hor ditugu autoak, bizikletak, patineteak, tren eta itsasontzietarako trakzio elektrikoa eta mugikortasun bertikala, besteak beste. Horiei beste arlo batzuk erantsi behar zaizkie, hala nola energia berriztagarrien integrazioa, negozio-eredu berriak eta energia biltegiratzea (sistema hori gero eta beharrezkoagoa da, ibilgailu elektrikoek ez ezik, beste tresna askok ere erabiltzen baitute energia hori: xurgagailuek, erlojuek, etxeko robotek eta abarrek). Elementu horiek guztiek bat egiten dute mugikortasun jasangarriaren kontzeptuan, tresna horrek aukera ematen baitigu isurpenik gabeko eredu energetiko baten bidean aurrera egiteko eta klima-aldaketaren aurka borrokatzeko. 

Gai horiek guztiak aztertu eta mugikortasun-mota horren ezaugarri eta erronketan sakontzeko xedez, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak jardunaldi bat antolatu du, MUBIL, CAF Power, EEE (Energiaren Euskal Erakundeak) eta Ingeteam enpresak laguntzaile dituela. Jardunaldia online egingo da martxoaren 16an, asteartean, 09:30etik 12:00etara.

Jardunaldian parte hartzeko, nahikoa da esteka honen bidez izena ematea: https://www.mondragon.edu/eu/-/movilidad-electrica-jornada.

Euskadiko mugikortasun elektrikoaren erronka estrategikoak eta euskal industriaren erronka bereziak izango ditu aztergai jardunaldiak, Euskadiko sektoreko enpresei lehiakortasuna hobetzen laguntzeko helburuz.

Gai hauek jorratuko dituzte enpresek, besteak beste: Euskadiko mugikortasunaren egoera, mugikortasun elektrikoak etorkizunean izango dituen beharrak eta sare elektrikoan energia biltegiratzea.

Mugikortasun elektrikoko masterra

Mondragon Unibertsitateak industria-sektore horretara bideratu ditu bere ikerkuntza- eta transferentzia-jarduera azken garai honetan, ongi jabetzen baita mugikortasun jasangarriak enpresa eta erakundeei dakarzkien aukerez eta Euskadik arlo horretan kokatzeko gainditu behar dituen erronkez. Horretarako, espezializazio-ikastaroak eta -masterrak jarri ditu martxan, industria-sarea indartuko duten profesionalak trebatzeko eta Euskadi arlo horretako erreferentea izateko helburuz.

Euskadik potentzial handia du sare elektrikoetan eta automobilgintzan. Potentzial horri baliatzea funtsezkoa da mugikortasun elektrikorako urratsa gidatzeko eta horri lotutako teknologia berriak eta negozioak garatzeko. Mugikortasun elektrikoak indar handia hartu du jada, eta epe labur eta ertainera, aukera handiak sorraraziko ditu. Adibidez, ibilgailu elektriko arinen goraldia ikusten ari gara azken garai honetan, hirian batez ere, eta datozen urteetan ere antzeko hazkundea izango dute garraio kolektiboak eta ibilgailuak energiaz kargatzeko sare elektrikoen azpiegiturek.

BateriaMU.jpg

Ingeniariaren profil berria

Enpresek aprobetxatu beharreko hainbat aukera ekarriko ditu berekin mugikortasun elektrikoak, hala nola negozio-eredu berriak eta horiek eskatuko duten garapen teknologikoa. Horri aurre egiteko trebatu beharreko ingeniarien profil berri bat sortu beharra dago, beste herrialde eta eskualde batzuen aurretik.

Mondragon Unibertsitateko ingenieritza fakultatea