MU, prestakuntza eskaintzeko nazioarteko egiaztagiria eskuratu duen Euskadiko lehen unibertsitatea

Mondragon Unibertsitatea Registered Education Provider (REP) bihurtu da; hau da, proiektuen kudeaketaren alorrean erakunde akademiko aitzindariak aitortzen dituen titulua lortu du. Egiaztagiri hori Project Management Institute (PMI) enpresa eta proiektuen kudeaketarako nazioarteko sare ospetsuak aitortzen du. Aipatu sarea nazioarteko erreferentzia da ezagutzaren garapenean, hezkuntzan eta proiektuen kudeaketa profesionalizatzen.
Card image cap
2013/01/29

Mondragon Unibertsitatea Euskal Herriko lehen unibertsitatea eta Estatuko bigarrena da (Bartzelonako Ramon Llul unibertsitatearekin batera) mundu mailako proiektuen kudeaketarako prestakuntza eskaini ahal izateko gaitasuna aitortzen dion REP (Registered Education Provider) izeneko ziurtagiria eskuratzen. Horrela, zuzendaritza-gaitasun horiek egiaztatzen dituen nazioarteko sare ospetsu eta txikian sartu da.

Urtetako lana

Kudeaketa-alorreko trebezia egokiak falta dituztelako (adibidez, helburuak ebaztea, langileak motibatzea, aukera berriak identifikatzea, antolatzea, planifikatzea, erabakitzea, kontrolatu eta informatzea, etab.), proiektuak egoki zuzendu eta gauzatzeko gai diren profesionalak falta dira. Egoera hori konpontzeko, duela bost urte Mondragon Unibertsitateak programa bat jarri zuen abian, ikasleek PMP (Project Management Profesional) Ziurtagiria eskuratzeko prestatze aldera. Proiektuen egiaztagiri hori da nazioartean ospetsuena, eta horixe eskatzen diete munduko erakunde nagusiek eurekin lan egin nahi duten proiektu-zuzendariei. Dagoeneko ehun pertsonak eskuratu dute ziurtagiria Mondragon Unibertsitateak antolatutako programari esker eta, hain zuzen, oraintxe jarriko da abian VIII. Edizioa Bilboko Merkataritza Ganberan, maiatzera arte iraungo duena. REP ziurtagiriari esker, gainera, maila hori eskuratu duten pertsonei ziurtagiriari eutsi ahal izango diotela bermatuko die Mondragon Unibertsitateak; izan ere, ziurtagiri horrek exijitzen duenez, hura eskuratu ondoren ere etengabeko prestakuntzari eutsi behar zaio, eta hiru urtean behin ezagutza berriak egiaztatu beharra dago.

PMP®, (Certified Project Management Professional)

PMP® (Certified Project Management Professional) Ziurtagiria da proiektuen zuzendaritzarako gaitasun profesionalaren aitortza-mailarik handiena duena, eta Project Management Institutek eskaintzen du. Erakunde profesional hori munduan aitzindaria da proiektuen zuzendaritzako ezagutza-, informazio- eta profesionalizazio-alorrean. Azken urteetan, mundu osoko instituzio eta enpresek baldintza horixe exijitzen diete euren proiektu-zuzendariei eta eurentzako proiektuak egiten dituzten enpresei. REP hezkuntza-zentroak (eta orain Mondragon Unibertsitatea horien artean dago) Project Management Institutek homologatutako instituzioak dira, proiektuen kudeaketako prestakuntza eskaintzeko eta jardunaldiak eta mintegiak (PMP ziurtagiria, besteak beste) antolatzeko baldintzak betetzen dituztelako. Ziurtagiri hori eskuratzen duten pertsonek etengabeko prestakuntzari eutsi behar diote, REP egiaztagiria eskuratu duten erakundeek soilik eman ditzaketen unitate berrien bidez.

Proiektuen kudeaketan eskarmentua duten eta unibertsitateko goi mailako edo maila ertaineko titulazioa duten profesionalei zuzenduta dago. Programa horren bidez, Euskadin ziurtagiri hori duten proiektu-kudeatzaileen gabezia murriztu nahi du Mondragon Unibertsitateak. Izan ere, gabezia hori geroz eta handicap handiagoa da euskal enpresentzat, nazioarteko proiektuetan eta aitzindariak diren erakunde, instituzio eta enpresekin lan egiteko aukera mugatua ikusten dutelako. Prestakuntza-fasea amaitu ondoren, parte-hartzaileek azterketa bat gainditu beharko dute. Hartara, eta ziurtagiri horri esker, Euskal Herrian Project Management Instituteren jarduera bat sortu da, Euskadi Proiektuen Zuzendaritzan erreferentzia izan dadin.

Irakaskuntza unibertsitate zentroa