Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
MONDRAGONen 2018ko Kongresua
MONDRAGON Korporazioaren 2018ko Kongresua egin da Donostian. Hitzordura guztira 650 konpromisario deitu dituzte, talde kooperatiboan integratuta dauden kooperatiba guztiak ordezkatzeko.
Onartu den ponentziaren helburu nagusia da kooperatiben egoera finantzarioa eta beren negozioen iraunkortasuna indartzea
Aurtengo edizioan, besteak beste, organo korporatiboek egindako gestioa aurkeztu zen, bai Batzorde Iraunkorraren aldetik –aurretiaz kide guztiei bidalitako agiri batean ere aurkeztuta–, bai Kontseilu Orokorraren aldetik. Halaber, Kongresuan “Emaitzen banaketa baliabide propioak indartzeko” izeneko ponentzia aurkeztu, eztabaidatu eta onartu zen, kooperatiben egoera finantzarioa eta beren negozioen iraunkortasuna indartzeko helburu nagusiarekin.
Foro horretan, Kontseilu Orokorreko lehendakari Iñigo Ucinek, bere mezuan, kooperatibek munduko eraldaketa testuingurura etengabe egokitu beharra dutela aipatu zuen, “aldaketa azeleratu batean murgilduta baitago, zeinak modu erabakigarrian eragiten dien Korporazioaren negozioei”.
Ucinek egokitzapen horri aurre egiteko funtsezkoak izango diren alderdietan jarri zuen arretagunea, eta pertsonen ekarpena azpimarratu zuen, “erdigunean pertsona kooperatibistak jarrita, taldean lan eginez, kultura partekatu batekin, gure erakundeentzat talentua erakartzeko eta garatzeko gaitasunarekin”.
Elkarren arteko lankidetza indar handiagoz bultzatu beharra ere aipatu zuen, “bai elkartasunari dagokionez, bai negozioei lotutako alderdiei dagokienez, etxe barruan zein kanpoan”. Halaber, berrikuntzaren rol esanguratsua azpimarratu zuen, “baina ez soilik teknologikoa, baizik eta merkatuaren garapenarekin eta taldeek erronka konplexuenei zerikusia duten erronkei aurre egiteko duten jarrerarekin zerikusia duena”.
Bere mintzaldian beste hainbat alderdi ere nabarmendu zituen, hala nola presentzia globala bultzatzeko beharra, negozioen sendotasun finantzarioa eta digitalizazioaren erronka.
MONDRAGONek 2018an izan duen bilakaerari dagokionez, esan zuen positiboa izaten ari dela, salmenta metatuak iazkoak baino handiagoak izanik, eta enplegu sorreraren inguruko zifrak gorantz doazelarik; horrek azken urteetako joera berresten du, bereziki industri arloan, non “azken bost urteetan 8.000 lanpostu berri baino gehiago sortu baitira”.
Baliabide propioei buruzko ponentzia
Onartu berri den ponentziaren helburua da kooperatiben baliabide propio iraunkorrak (erreserbak) sendotzea. Ponentzia bat dator 2017-2020 Politika Sozioenpresarialean ezarri zen erronkarekin, etorkizunera begira negozioen iraunkortasuna ahalbidetzeko, eta horretarako ezinbestekoa da kooperatibek finantza eta ondare egitura sendoak eta orekatuak edukitzea.
Ponentziak proposatzen du ratio hauek hartzea erreferentzia gisa: Enpresa Errentagarritasunaren Tasa (> %9); Finantza zor Garbia/Ebitda (< 2,5) eta Independentzia Ratioa (>1). Kooperatibak ratio horiek betetzen baditu, emaitzak banatzeko gaur egun dauden arauak mantentzen dira. Aitzitik, kooperatibak ez baditu erreferentziazko ratio horiek lortzen, emaitzak banatzeko irizpideak aldatu egiten dira, eta, horrenbestez, bazkideen kapitalerako ekarpenen interesen sortzapena eta itzulkin kooperatiboak gehiago mugatzen dira, erreserben zuzkidura handitzeko.
MONDRAGONen Kongresua zer da?
Kongresua MONDRAGON gidatzeko jarraibide edo irizpide nagusiak ezartzen dituen organoa da, hau da, interes komuneko funtsezko gaiei buruzko oinarrizko politikak definitzen dituena. Urteroko hitzordu korporatibora guztira 650 konpromisario daude deituta, taldean integratuta dauden kooperatiba guztiak ordezkatzeko. Organoan, halaber, kooperatiba berrien sarrera onartzen da, eta Batzorde Iraunkorraren –Kongresu batetik bestera diharduen ordezkaritza instituzionaleko organoa– eta Kontseilu Orokorraren –Korporazioaren zuzendaritza organoa– gestioaren deskargua egiten da.