Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
MONDRAGONeko industri arloak 2.600etik gora lanpostu berri sortu zituen 2017an
MONDRAGONek modu positiboan baloratu ditu 2017ko emaitzak. Korporazioko kooperatiba guztien artean, aurreko ekitaldiko enplegu maila gainditzea lortu da: 80.818 langile daude guztira, aurreko urtean baino %0,7 gehiago. Nabarmentzekoak dira, bereziki, kooperatiba industrialak. Horiek aurreko ekitaldian baino 2.691 lanpostu gehiagorekin itxi zuten urtea.
MONDRAGON Korporazioa osatzen duten kooperatibek 11.280 milioi euroko salmentak izan zituzten, aurreko urtean baino pixka bat txikiagoak (-%1). Berriro ere, inbertsio zifra nabarmentzen da, aurreko urtean 451 milioi eurora iritsi baitzen oro har. Azken bosturtekoan MONDRAGONeko kooperatiben inbertsioen zifrak 1.963 milioi eurokoak izan dira.
Kopuru horiek ikusita, eta aurtengo lehenengo lauhilekoko joerari erreparatuta (bilakaera ona izaten ari da), pentsatzekoa da 2018an ere goranzko joera izango dela.
Industria, sasoian
Banaketa, Finantza eta Ezagutzaren arloetako emaitzak aurkeztu ondoren, orain Industria Arloaren balantzea jakin da. MONDRAGONeko kooperatiba industrialek 37.020 langile enplegatu dituzte (aurreko urtean baino 2.691 gehiago), eta 2017. urtea 5.547 milioi euroko guztizko fakturazioarekin amaitu dute (+%8,1); emaitzak, berriz, 233 milioi eurokoak izan dira (aurreko urtekoak baino %9 txikiagoak, batez ere lehengaien prezioak gora egin duelako, euroaren balio handitzeagatik eta atzerrian planta berriak irekitzeagatik).
Industri arloak azken bosturtekoan (2012-2017) enpleguaren esparruan izandako ibilbidea oso ona izan da: 7.000tik gora lanpostu sortzea lortu du (%55 gure inguruan). Gainera, kooperatibek ondo asmatu dute Fagor Etxetresnak itxi izanaren eraginpeko 1.895 bazkideetatik ia guzti-guztiei enplegu irtenbideak ematen; batez ere, birkokapenen eta aurretiko erretiroen bidez.
Nazioartekotzearen aldeko apustuaren ondorioz, atzerriko merkatuetako salmentak dagoeneko industri arloaren %70 dira. Aurreko urtean, ezarpen berriak egin ziren hainbat herrialdetan, hala nola Txinan, Mexikon eta Norvegian, eta, horren ondorioz, dagoeneko 143 filial produktibo daude atzerrian.
Iñigo Ucinek adierazi du: “Gizarteari gure aletxoa eskaintzen jarraitzen dugu. Jakin badakigu etorkizuna erronkaz josita izango dugula, eta horiek proban jarriko dituztela gure gaitasunak, baina konfiantza osoa dugu gure ereduan, eta gure pertsonen ekarpenari esker, gizarte hobe eta bidezkoago bat sortzen laguntzen jarraituko dugu”.
Gainera, industri arloko barne merkatuaren portaera positiboa salmentetan ageri da ispilatuta; izan ere, salmentek gora egin dute 1.693 milioi euroraino (aurreko ekitaldiarekin alderatuta, %8,6ko hazkundea).
MONDRAGONek berrikuntzaren alde egin duela Ezagutzaren arloan ikusten da argi eta garbi, ekitaldian 169 milioi euro inbertitu baitira I+Gan, hau da, guztizko salmentekiko alderatuta, %3,0. Era berean, Korporazioak 1.928 pertsonari eman zien enplegua, lanaldi osoan, I+Gan. Atal horretan daude txertatuta, hain zuzen, 15 teknologia zentroak eta I+G unitateak. Horrez gain, produktu eta zerbitzu berrien salmentak 522 milioi eurora iritsi ziren, hots, industri arloaren salmenta zifra osoaren %9,4.
MONDRAGONek indarrean dituen patente familien kopurua da, hain zuzen, datu garrantzitsuetako bat: 489 familia, zinez kopuru handia EAEko zifrekin alderatuta. Gainera, kooperatibek 100 proposamen baino gehiago aurkeztu dituzte Europako I+Gko hainbat programatan. Europako Batzordeak onartu eta finantzatuta, MONDRAGON Korporazioaren 50etik gora proiektu ari dira gauzatzen une honetan. Gainera, 2017an, Smart jarri zen martxan ofizialki, fabrikazio aurreratuko Eureka kluster berria. MONDRAGONek eta AFMek gidatu dute, I+G proiektuak sustatzeko asmoz (lankidetzan oinarritutakoak, nazioartekoak eta merkatutik hurbil daudenak).
Halaber, MANU-KET Espainiako Fabrikazio Aurreratuko Plataforma Teknologikoa gidatzen jarraitzen du, zeinak integratu egiten dituen fabrikazio aurreratua eta etorkizuneko teknologiak: material aurreratuak, bioteknologia, fotonika, mikro-elektronika eta nanoteknologiak.
Banaketa arloa da, oraindik ere, taldearen barruan enplegu gehien ematen duena. 40 milioi euro irabazi zituen, eta bertan daude bilduta Eroski eta Erkop elkartea. Guztira, 40.368 pertsona ari dira lanean arlo honetan. Iaz 5.733 milioi euroko salmentak izan zituen; alegia, aurreko urtean baino pixka bat gutxiago, Eroskik bere dendetan desinbertsio jardun batzuk gauzatu zituelako bereziki. Ekitaldiaren ezaugarriak izan dira, baita ere, dendak birmoldatu egin direla (salmenten %65 denda berrietan egin dira), kontsumitzaileek Eroski Klub urrezko txartelari harrera bikaina egin diotela eta denda frankiziadunen sarea nabarmen hedatu dela (dagoeneko 3.000tik gora pertsonari ematen diete enplegua). 2017ko ekitaldiko emaitzek, beraz, balorazio positiboa merezi dute, nola maila kualitatiboan, hala kuantitatiboan. Izan ere, 33,2 milioi euroko emaitzak lortu dira, azken ekitaldietan izan den lehengoratze prozesua egonkortuz.
Finantza arloa osatzen duten erakundeek ere modu positiboan itxi zuten ekitaldia. LABORAL Kutxak %9,1 handitu zuen bere mozkin bateratua, aurreko ekitaldiarekin alderatuta; hain justu, 121,4 milioi eurokoa izan zen. Era berean, bere likidezia eta kaudimen ratio zabalei eustea lortu zuen, bai eta bere errentagarritasuna (%7,5) eta bere berankortasun ratioa (%5,09) hobetzea ere. Bestalde, LagunAro BGAEk 27.986 mutualista aktiborekin eta 6.477 milioi euroko ondare funtsarekin amaitu zuen urtea.
Ekitaldiko bilakaera hizpide hartuta, MONDRAGONeko Kontseilu Nagusiko lehendakariak alde batetik, azken bosturtekoan izandako inbertsio gaitasuna nabarmendu du, “1.963 milioi eurotik gorakoa izan baita”. Eta, bestetik, “Industri arloan lanpostuak sortu izana” aipatu du, “azken urteotan enplegua sortzeko izan dugun gaitasuna sendotzen duena”.