MONDRAGON Korporazioak 'Mondragon 2024 TFG-TFM Sariak' ekimenaren hirugarren edizioa jarri du martxan, "gizarteak dituen aldaketa konplexu eta sakonei aurre egiteko beharra ikusita". Guztira, 23.750 euro banatuko dira sarietan, eta ekimenak pertsonetan oinarritutako eraldaketa berritzaile eta iraunkorra sustatu nahi du, bere sustatzaileek jakinarazi dutenez.
Bost kategoria nagusi izango dira, bakoitza eraldaketa arlo espezifiko batekoa: Eraldaketa digitalaren Danobatgroup saria (adimen artifiziala, automatizazioa eta robotika), Pertsonetan oinarritutako eraldaketaren Mondragon saria (talentua, aniztasuna eta inklusioa), Eraldaketa energetiko-klimatikoaren Fagor Taldea saria (deskarbonizazioa, ekonomia zirkularra eta neutraltasun klimatikoa), Mugikortasun osasungarri eta iraunkorraren Orbea saria (ekodiseinua, digitalizazioa eta ongizatea) eta Finantzen eraldaketaren Laboral Kutxa saria.
Bost kategoria nagusi izango dira, bakoitza eraldaketa arlo espezifiko batekoa
Gainera, Mondragonek beste bi sari emango ditu: Ikerlan saria lan berritzaileenari eta Eika saria euskarazko lan onenari. Parte hartzaileek ez dute ezer egin beharko bi sari gehigarri horietara aurkezteko, nahikoa izango baita bost kategoria nagusietako batean izena ematea. Kategoria bakoitzean bi sari emango dira eskudirutan: 2.500 euro irabazlearentzat eta 1.250 euro bigarrenarentzat. Gainera, lan berritzaileenak 2.500 euro jasoko ditu, eta beste horrenbeste euskarazko lan onenak.
Mundu mailakoa
Parte hartu nahi dutenek irailaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dute beren gradu edo master amaierako lanak, eta honako baldintza hauek bete beharko dituzte: 18 urte baino gehiago izatea, 10 puntuko eskalan gutxienez 8 kalifikazioa lortu izana, gradu edo master amaierako lana 2023ko urriaren 1etik 2024ko irailaren 30era bitarte unibertsitate batean aurkeztu izatea eta bost kategoria tematikoetako batekin lotura izatea.
Lehiaketak Estatu espainiarreko 17 hiritako beste 24 unibertsitatetako eta AEB, Danimarkako eta Belgikako hiru unibertsitatetako ikasleen lanak erakarri zituen
Iazko edizioan 37 unibertsitate ordezkatzen zituzten 253 lan aurkeztu ziren, horien artean, Euskadiko hiru unibertsitate nagusienetan egindakoak (EHU, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea). Gainera, lehiaketak Estatu espainiarreko 17 hiritako beste 24 unibertsitatetako eta AEB, Danimarkako eta Belgikako hiru unibertsitatetako ikasleen lanak erakarri zituen.