MONDRAGONek PWNren Think Tank-arekin bat egin du

Professional Women’s Network (PWN) sarearen ekimena da eta gizon eta emakumeen arteko lidertza orekatuak sustatzen ditu. Think Tank-a enpresetako esperientziak partekatzeko bilgunea izango da, kultura berdinzale bat ekintzen bidez lortzeko.
Card image cap
Leire Mugerza izan da MONDRAGONen ordezkari PWNren Think Tank-aren aurkezpenean
2025/01/15

Bilbon egindako ekitaldian batu da MONDRAGON PWNren Think Tankera eta Leire Mugerzak, MONDRAGONen Batzorde Iraunkorreko eta Kongresuko presidenteak hartu du parte ekitaldian. “Berdintasuna kontzeptu orokor moduan MONDRAGONen oinarria da, eta nola ez, baita generoaren ikuspegitik ere. Eragile desberdinen arteko interkooperazioa ezinbesteko ekintza da gizartea eraldatzeko, gizartean eragiteko, eta hori oso barneratua daukagu. Gainera, foro honek enpresa industrialei egiten die dei nagusiki eta hor MONDRAGONek badu zeresana”.

Euskal herriko 24 enpresa esanguratsu bazkide dituen elkartea da Professional Women Network (Iberdrola, Arteche, Ingeteam, Ormazabal, EITB edo Ayesa, besteak beste) eta gizon eta emakumeen arteko lidertza orekatuak sustatzen ditu, industria sektorean batik bat. Urtarrilaren 29an egingo da lehenengo lan-bilera.

IMG_1322.jpg

24 enpresa bazkideek sinatu duten unea. Irudiaren erdian, Leire Mugerza, MONDRAGONen ordezkari

“Aurrera egiteko zailtasunak”

Think Tankaren aurkezpenean, haren zuzendari Arantza Tapiak azaldu du, enpresetan badirela berdintasun planak, legeak eskatu moduan, baina haien garapenerako zailtasunak daudela: “Berdintasun-planak egon badaude, baina ez doaz martxa onean. Ikusezinak diren mugak daude. Lanerako bilgunea da Think Tank hau eta proposamen emankorrak ekarriko ditu lidertza berdinzaleetan aurrera egiteko, ondoren kultura-aldaketa horiek neurtu eta hobekuntzarako esparru gehiago identifikatzeko”.

Euskal herriko 24 enpresa esanguratsu bazkide dituen elkartea da Professional Women Network  (PWN), eta gizon eta emakumeen arteko lidertza orekatuak sustatzen ditu, industria sektorean batik bat

Sylvia Jarabok (Promising Women) iazko Makina Erremintaren Biurtekoan egindako ikerketa baten emaitzetan oinarritu du bere hitzaldia. Haren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko industria sektorean, enpresen %77k du gizonezko bat buru, eta erdi-mailako arduradunen artean %64 dira gizonak, nahiz eta enpresen %55ek berdintasun planak izan. Sylvia Jaraboren ustez “rolen eta estereotipoen araberako genero-alborapen inkontzienteak daude, idatzita ez dagoen “kultura maskulinoa” gailendu da enpresetan eta nagusiki emakumeek hartu ohi dituzten kontziliazio neurriek kostu profesionala izan ohi dute”.

Parte hartzaile guztiak etorri dira bat berdintasuna justizia kontu bat dela esaten. Baina ez hori bakarrik, Elixabete Etxanobe, Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren ustez “berdintasuna, justua izateaz gain, efizientzia eta lehiakortasunaren aldeko erabaki estrategikoa ere bada. Generoa ezin da etorkizuneko belaunaldientzat muga bat izan. Sentsibilizatu, ahaldundu, sareak sortu eta ikusgarritasuna eman behar diegu emakumeei; eta politika publikoak egin horretarako”.

IMG_1336.jpg

Yolanda Lekuona, Maite Legarra eta Leire Mugerza, PWN Think Tank-en aurkezpen ekitaldian.

EUSKAL INDUSTRIARI BURUZKO GENERO BERDINTASUNAREN TXOSTENA – Datu batzuk

  • Enpresen %20 dago emakumeek zuzenduta
  • 6 enpresetatik 1ek dauka genero-oreka zuzendaritza batzordeetan
  • Erdi-mailako arduradunak gizonezkoak dira nagusiki enpresen 2 herenetan
  • Gizonak zuzendari dituzten enpresetan, zuzendaritza batzordeetan gizonen presentzia %82koa da. Emakume bat bada zuzendari, %60ra jeisten da gizonen presentzia.
  • Gizonak berdintasun gaietan baikorragoak dira emakumeak baino.
  • Erreferentziazko emakume liderren gabezia dago.