MONDRAGONek lidergo eta gizarte berdinzaleak sustatzen jarraituko du PWNrekin

MONDRAGONek eta PWNk akordioa sinatu dute, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna eta lidertza orekatuak lortzeko sortu diren lan-talde eta ekimenetan parte hartzeko.
Card image cap
Leire Mugerza MONDRAGONen Kongresuaren presidentea, Pello Rodriguez MONDRAGON Korporazioaren presidentea eta Ana Andueza PWN Bilbao elkartearen presidentea, sinaduraren unean. Argazkia: Ivan Amor
2025/01/28

MONDRAGONen Zentro Korporatiboan egin da bazkidetzara batzeko sinadura, Pello Rodriguez eta Leire Mugerza izan dira MONDRAGONen ordezkari, eta Professional Women Network Bilbaoren izenean, elkartearen presidentea, Ana Andueza.

MONDRAGON Korporazioaren presidenteak, Pello Rodriguezek, akordio honekin landuko den bidea azpimarratu du: “MONDRAGONek gizarte erantzukizuna aintzat hartuta, eta Politika Sozioenpresariala ardatz, lidergo berdinzaleak sustatzen ditu; gizarteak ezarritako genero-rolak aldatzen dihardugu, bereizketarik egin gabe eta emakumeen ikusgarritasuna sustatuz. Horregatik da PWNrekin lankidetza garrantzitsua, tokitik bertatik helburu hori partekatzen duten nazioarteko enpresa sare batekin harremantzen gaituelako. MONDRAGON ere globala baita”.

Mundu mailako erakundea

Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna eta lidertza orekatuak sustatzen dituen mundu mailako erakundea da PWN, horrek garapen jasangarri eta berdinzaleari egiten dion ekarpena du ardatz, eta bere lan-esparrua industria sektorean dago batik bat. Euskal Herrian 24 enpresa esanguratsu ditu bazkide PWN sareak (Iberdrola, Arteche, Ingeteam, Ormazabal, EITB Media eta Ayesa, besteak beste).

Leire Mugerzak ere, MONDRAGONen Kongresuaren presidenteak, kooperatibek berdintasunarekin duten konpromisoa berretsi du: "Gizarte eraldaketan MONDRAGON eragile aktiboa dela oso barneratuta daukagu. Berdintasuna da, zentzurik zabalenean, gure gidalerro nagusietako bat. Eta eraldaketa honetan ere guztion lankidetza sustatu beharra dugula uste dugu, interkooperazioa azken batean, lan-esparru berdinzaleak ezezik gizarte berdinzaleak eraikitzen jarraitzeko".

PWN Bilbao convenio Corporacion Mondragon01.JPG

"Oso pozik gaude MONDRAGON gure bazkide sarean sartu delako. Bere Esperientzia Kooperatiboak eta genero-aniztasunarekiko konpromisoak gako baliotsuak emango dizkigu lidergo inklusiboagoa eta orekatuagoa sustatzeko helburu partekatuan pausoak ematen jarraitzeko", adierazi du Ana Anduezak, PWN Bilbaoren presidenteak. 

Hemendik aurrerako hitzorduak PWNren baitan

  • Think Tank-a: bazkide diren enpresetako ordezkarien lan-taldea, jardunbide egokiak identifikatzeko, aginte postuetako pertsonen neurketa-sistemak diseinatzeko, eta esperientziak zein gomendioak partekatzeko.
  • PWN ekitaldiak: Women in Industry esaterako, Makina-erremintaren biurtekoan egiten dena eta LEAD (Lidergo Orekatua eta Aniztasuna), etorkizuneko liderren gaitasunak lantzeko tailerra.
  • Bazkide korporatiboentzako jarduerak, hala nola Taldeko Mentoring Programa, Corporate Breakfast, Networking-ak, After Work deritzona, eta tokiko eta nazioarteko trebakuntza programa eta ekitaldi esklusiboetarako sarbidea.
  • Beste erakunde batzuekin garatutako ekimen batzuk ere bai, Emakumeen Talentua Kudeatzeko Programa esaterako, iaz ere egin zen bezala.