Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
MONDRAGONek bilakaera positiboa izaten jarraitzen du
MONDRAGONek positibotzat jo ditu 2022ko emaitzak. Korporazioan dauden kooperatibek, denen artean, 10.607 milioi euro lortu dituzte salmentetan; hau da, aurreko urteko datuekin alderatuta, %10,7ko hazkundea. Enpleguari dagokionez, plantilla, batez bestean, 68.879 pertsonakoa izan da, eta, beraz, igoera txiki bat sumatzen, aurreko ekitaldiarekin alderatuta. Nabarmentzea komeni den beste datu bat inbertsio zifra da: 347 milioi eurokoa, oro har; hots, aurreko urtean baino %11,8 handiagoa. Bestalde EBITDAk %6,9ko gorakada izan du, eta 1.103 milioi eurora iritsi da.
Zenbaki horiek baieztatzen dute kooperatiba gehienak gai izan direla ekitaldi zail bat aise gainditzeko, non Errusiak Ukraina inbaditzeak bereziki baldintzatu duen ekonomiaren eta merkatuen bilakaera. Era berean, 2023ko lehen bost hilabeteetan taldeak izan duen portaerak positiboa izaten jarraitzen du, nahiz eta merkatuetan uzkurdura sintoma batzuk nabaritzen diren.
MONDRAGONek positibotzat jo ditu 2022ko emaitzak. Korporazioan dauden kooperatibek, denen artean, 10.607 milioi euro lortu dituzte salmentetan
Aste batzuk dira Banaketa eta Finantza arloen emaitzak aurkeztu zirela. Banaketaren kasuan, Eroskik 5.476 milioiko salmentak eta 64 milioiko emaitzak izan ditu; Erkop-eko nekazaritzako elikagaien lau kooperatibek, berriz, 283 milioi fakturatu, eta 6,1 milioiko emaitzak izan dituzte. Finantzen arloan, bestalde, Laboral Kutxaren portaera ona aipatu behar da: liderra izan da kaudimenari dagokionez eta 151 milioi euroko emaitzak lortu ditu.
Industria arloan, MONDRAGONeko kooperatiba industrialek, batez beste 27.316 pertsonako plantilla izan dute, eta 2022. urtea 4.848 milioiko fakturazio gehituarekin (+%15,6) eta 222 milioiko emaitzekin amaitu dute. Hori guztia, lehengaien, energiaren eta, oro har, gastu guztien igoerek eragindako kostuen igoera osoa besteri egotzi ezin izan den urtean. Barne eraginkortasuna hobetzea funtsezkoa izan da hori lortzeko.
Nazioartekotzearen aldeko apustuaren ondorioz, atzerriko merkatuetako salmentak industria arloaren %75 dira. MONDRAGONek 104 lantegi ditu atzerrian, eta horietan 10.112 lagun baino gehiago enplegatzen ditu.
Beste datu aipagarri bat egindako inbertsioak dira: guztira, 197 milioi eurokoak; aurreko urtearekin alderatuta, %22,5eko igoera. Eta jakina, industria enplegua ere datu garrantzitsua da, batez besteko plantilla 395 enplegutan hazi baita, aurreko ekitaldiko batez besteko plantillarekin alderatuta.
Industria dibisioen bilakaerari dagokionez, ohar batzuk. Alde batetik, arreta berezia merezi du Osagaien dibisioak. Lerro Zuriko sektore honek, pandemian zehar konfinamenduaren ondoriozko hazkunde nabarmena eta puntuala izan ondoren, 2022ko bigarren seihilekoan merkatuaren uzkurdura izan du. Inguruabar horrek dibisioan bertan egiturazko doikuntzak eragin ditu, nahiz eta pandemiaren aurreko fakturazio zifra aise gainditu.
Beste datu aipagarri bat egindako inbertsioak dira: guztira, 197 milioi eurokoak; aurreko urtearekin alderatuta, %22,5eko igoera
Eta, bestetik, Ekipamendua eta Eraikuntza proiektuaren portaera ona dugu –horko kooperatiba guztiek jarduera positiboa izan dute ekitaldian–, bi digitutik gorako hazkundeekin, bai kudeaketa planaren aurreikuspenei dagokienez, bai aurreko urteko zifrei dagokienez.
Ekipo Ondasunak proiektuko enpresek, berriz, modu positiboan aurrera egiten jarraitzen dute, eta eskari zorroa nabarmen handitu zaie, batez ere energia berriztagarriekin eta gorabidean dagoen espazioko industria (new space) sartu izanarekin lotutako proiektuetan. Emaitza horiek bereziki esanguratsuak dira nazioarteko gatazken eta hornidura kateko erronken ondorioz oraintxe dugun ziurgabetasun testuinguru honetan, eta horrek etorkizun handiko ikuspegia iragartzen du hurrengo ekitaldietarako.
Ingeniaritza eta Zerbitzuak proiektuan, nabarmentzekoa da energiaren arloari lotutako proiektuetan izandako aurrerapena. Izan ere, hainbat energia komunitatetan obrak hasi dituzte (Ekiola) eta Ekian-en ondoan parke berri bat (Ekienea) sustatzeko behar den lizentzia lortu dute, baina 5 aldiz handiagoa da han instalatutako ahalmena. Era berean, azpimarragarria da etxeko pertsonen zaintzaren arloaren alde egindako apustu estrategikoa ere, baita Alecop eta Mondragon Lingua kooperatiben fusioa ere, beste dimentsio bat izateko eta asmo handiagoko proiektuetan lehiatu ahal izateko egindakoa.
Azkenik, Automobilgintza proiektuan integratutako kooperatiba guztiek, aurreko urtearekin alderatuta, %14ko salmenta hazkundearekin amaitu dute urtea, noiz eta zailtasun testuinguru batean, lehengaien eta energiaren prezioen igoerak marjinetan eragin handia izan duenean. Pertsonen ahaleginak, bezeroekiko negoziazioek eta barne eraginkortasuna egokitzeko eta hobetzeko barne ekintzek emaitzetan kalte handirik ez izatea ahalbidetu dute. Atzipen handiak, bai egungo ibilgailuetarako produktuenak, bai ibilgailu elektriko berrienak, etorkizun positiboa proiektatzen dute sektore zorrotz eta eraldatzen ari den honetan.
MONDRAGONek berrikuntzaren alde egin duen apustua ezagutzaren arloan egiaztatzen da. Korporazioak 2.000 pertsonari eman die enplegua, lanaldi osoan, I+Gan. Atal horretan daude txertatuta, hain zuzen, 12 teknologia zentroak eta I+G unitateak. MONDRAGONek indarrean dituen patente familien kopurua 393koa da. Kopuru hori zinez handia da EAEko zifrekin alderatuta.
Eta kooperatiba industrialek egindako I+G gastuak, guztira, 174 milioi eurokoak izan dira. Era berean, MONDRAGONek gizartearen egungo erronkekin lotutako proiektuetan eta adimen artifizialarekin, ekonomia zirkularrarekin edo ingurumena zaintzearekin zerikusia duten nazioarteko hainbat proiektutan parte hartzen jarraitzen du. Gainera, kooperatibek 100 proposamen baino gehiago aurkeztu dituzte Europako I+Gko hainbat programatan.
Zer ekarriko ote du 2023ak?
2023ko ekitaldiaren bilakaerari dagokionez, Iñigo Ucin MONDRAGONeko Kontseilu Orokorreko lehendakariak adierazi duenez, “hazkundearen bidetik jarraitzen dugu, nahiz eta adierazle batzuek Europako eta nazioarteko ekonomia nagusien bilakaera moteltzearen sintomak adierazi, eta horrek ondorioak izan ditzakeen gure negozioetan. Hala izanik ere, ziur gaude, gertatuz gero, egoera kaltegarri posibleei aurre egin ahal izango diegula, neurri batean gure kooperatibek edozertara egokitzeko gaitasuna dutela frogatuta daukagulako, eta baita negozio askok eskari asko atzituta dauzkatelako ere; eta, beraz, ekitaldi hau ere ondo amaitzea aurreikusten dugu”.
2023ko KONGRESUA
Donostian, Gizarte Ekonomiaren 2023ko hiriburuan, izango da, gaur bertan, MONDRAGONen 2023ko Kongresua; zehazki, Kursaalean, 15:30etik aurrera. 650 konpromisario daude deituta kongresu honetara, Korporazioko kooperatiba guztiak ordezkatzeko.
Aurtengo edizioan, besteak beste, organo korporatiboek –bai Batzorde Iraunkorrak, bai Kontseilu Orokorrak– egindako kudeaketa aurkeztuko da, Leire Mugerzak eta Iñigo Ucinek egindako deskarguekin, bi organoetako lehendakariak baitira, hurrenez hurren.
Ezagutza Dibisio berria
Edizio honetako beste puntu aipagarrietako bat MONDRAGONen “Ezagutza Dibisioaren Egituraketa” proposamena da, erakunde guztiak dibisio berean integratzeko eta horien arteko lankidetza bultzatzeko asmoz: ikastetxeak (Arizmendi Ikastola, Politeknika Txorierri eta Lea Artibai), Mondragon Unibertsitatea (hiru fakultateekin: ingeniaritza, enpresagintza eta humanitateak) eta zentro teknologikoak (Ikerlan, MIK, Lortek eta Leartiker). Azken finean, MONDRAGONen ekosistema kontzeptua indartzen laguntzen duen beste urrats bat eta helburu anbiziotsuagoak lortzeko erakundeen arteko lankidetza gaitasuna berriro balioesten duen proiektu bat.
Era berean, etorkizuneko apustua da; izan ere, dibisio berri horren konfigurazioak aukera ematen dio Korporazioari arlo horretan dituen jarduera eta gaitasun guztiak elkartzeko, proiektu bateratuak garatzeko konpromisoa hartzeko eta bere erronka estrategikoak ikuspegi partekatu batetik bideratzeko, MONDRAGONen, bere kooperatiben eta ezagutzaren dibisioaren beraren arteko lankidetza hobetuz.
11 erakunde eta 2.000 pertsona inguru biltzen dituen Dibisio berriak 150 milioi euro inguruko aurrekontua du, “ezagutzaren esparruan proiektu sozioenpresarial indartsuagoa garatzeko eta, gainera, etorkizunean erronka konplexuagoei aurre egiteko”.
Kongresuaren argazki galeria: https://www.flickr.com/photos/tulankide/albums/72177720309898880