Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
MONDRAGONek 11.000 milioiko salmenten muga gainditu du 2023an
MONDRAGONek 2023ko emaitzen irakurketa positiboa egin du. Korporazioko Industria eta Banaketarako kooperatibek, denen artean, 11.056 milioi euro lortu zituzten salmentetan; hau da, %5,1eko igoera, aurreko urtearekin alderatuta. Enpleguari dagokionez, batez besteko plantilla 70.500 pertsonakoa izan zen, aurreko ekitaldiarekiko igoera txiki batekin. Beste datu aipagarri bat inbertsioen zifra da: 369 milioi eurokoa izan zen guztira, eta aurreko urtean egindakoa %6,4an gainditu zuen. Bestalde, EBITDAk %34,7ko igoera izan zuen, eta 1.486 milioi eurora iritsi zen. Eta baterako emaitza, berriz, 593 milioikoa izan zen.
Korporazioko lehendakariak, Iñigo Ucinek, nabarmendu du taldearen bilakaera positiboa izan dela, kontuan hartuta “ziurgabetasunezko testuingurua” izan dutela, “nazioarteko hainbat gatazkak eta horiek merkatuetan izandako ondorioek baldintzatuta”.
Zenbaki horiek berresten dute kooperatiba guztiak gai izan direla ekitaldi korapilatsu bat aise gainditzeko, non geopolitikak ekonomiaren eta merkatuen bilakaera baldintzatu duen. Era berean, taldeak 2024ko lehen lau hilabeteetan izan duen portaerak positiboa izaten jarraitu du, nahiz eta enpresek ziurgabetasun testuinguru batean murgilduta jarraitzen duten.
Duela aste batzuk aurkeztu ziren Banaketa eta Finantza arloetako emaitzak. Banaketaren kasuan, Eroskik 5.729 milioiko salmentak izan zituen (+%6,3), eta 109 milioiko emaitzak (+%70). Erkop-eko nekazaritzako elikagaien lau kooperatibek, berriz, 290 milioi fakturatu zituzten, eta 6,4 milioiko emaitzak izan zituzten. Bestalde, Finantzen arloan, Laboral Kutxaren portaera ona nabarmendu behar da, bere sektoreko liderra baita kaudimenari dagokionez, eta 222 milioi euroko emaitzak izan ditu (+%48). Era berean, azpimarratzekoa da LagunAro EPSVk 2023an izan zuen bilakaera positiboa. Urtearen amaieran aurrerapen nabarmena izan zuen, eta bere zorroaren errentagarritasuna +%7,94koa izan zen.
Industria arloan, MONDRAGONeko industria kooperatibek batez besteko plantilla 27.487 pertsonak osatzen zuten, aurreko urtearekin alderatuta igoera txiki batekin, eta 2023a 5.036 milioiko fakturazio agregatuarekin (+%3,9) eta 256 milioiko emaitzekin amaitu dute.
Nazioartekotzearen aldeko apustuaren ondorioz, atzerriko merkatuetako salmentak industria arloaren %75 dira. MONDRAGONeko kooperatibek 104 lantegi produktibo dituzte atzerrian, eta horietan 9.854 lagun baino gehiago enplegatzen ditu.
MONDRAGONek lehen lau hilabeteetan izan duen bilakaerak gorantz jarraitzen du, salmentetan %4,4ko hazkundea izan baitu, aurreko urtearekin alderatuta
Beste datu azpimarragarri bat egindako inbertsioak dira: 202 milioi eurokoak guztira, aurreko urtearekin alderatuta, %2,4ko igoerarekin. Eta jakina, enplegu industrialaren datua ere hor dugu, batez besteko plantilla 171 enplegutan hazi baitzen aurreko ekitaldiko batez besteko plantillarekin alderatuta. Era berean, azpimarratzekoa da enplegu industrialak hemen izan duen hazkundea (+429 pertsona); ez, haatik, nazioartean, non enplegua %2,6 murriztu baita, 9.854 pertsonaraino. Industria dibisioen bilakaerari dagokionez, ohar batzuk egin nahi ditugu. Alde batetik, Osagaien dibisioari dagokionez, Linea Zuriko jarduerak 2022ko lehen seihilekoko mailak berreskuratu ezin izan dituen urtea izan da 2023a. Egoera hori aldaketa garrantzitsuak eragiten ari da, nola eskaintzan, hala eskarian. Testuinguru zurrunbilotsu horretan, dibisioa ahalegintzen ari da merkatuan duen posizionamendua hobetzen, eta egosketaren eremuan mundu mailako lidergo posizioak lortu ditu.
Merkatuetan espero den bilakaeraren ildotik, 2023an salmentek nolabaiteko atzerapena izan dute Eraikuntza Dibisioan, batez ere enbalajeari eta etxerako konfortari eskainitako arloetan. Hala ere, produktibitatea hobetzeko bideari eutsi zaio eta oso emaitza onak lortu dira. Horiei esker, etorkizuneko proiektuetan inbertitzen eta proiektu horiek bultzatzen jarraitzeko aukera izango da
Bestalde, Ekipo Ondasunak proiektuko enpresek nabarmen egiten dute aurrera, eta eskaera zorroa nabarmen handitu dute, batez ere energia berriztagarriekin, estanpazio prentsen lineekin eta bateriak muntatzeko lineekin lotutako proiektuetan, eta sortzen ari den espazio industriaren edo new spacearen agerpenarekin lotutako proiektuetan. Nazioarteko gatazkak direla medio daukagun ziurgabetasun testuinguru honetan, emaitza horiek bereziki esanguratsuak dira; horrek datozen ekitaldietarako etorkizun pozgarria iragartzen du.
Ingeniaritza eta Zerbitzuen proiektuan, %12tik gorako hazkundea izan da, eta jasangarritasunaren arloari lotutako proiektuetan izandako aurrerapena nabarmendu behar da, proiektu horietan bere zeharkako izaera indartzen baitu, enpresen eta kudeaketa sistemen balio kate osoari eraginda. Era berean, nazioarteko talentuaren aldeko apustu estrategikoa nabarmentzen da. Hala, Queretaron lan egiten duen Mondragon Mexiko Unibertsitatetik Euskadirantz eta gure kooperatibetarantz talentua erakartzeko ahaleginetan ari dira.
Ekipamenduen dibisioari dagokionez, 2023. urtea aurreko urteetako bilakaera positiboa finkatzeko ekitaldia izan da. Gainera, dibertsifikazioaren ikuspegitik, etorkizuneko hainbat proiektu ditu zorroan, eta horiek dibisioaren hazkundea bermatzen lagunduko dute. Eta aurten kooperatiben arteko lankidetzarako beste ahalegin bat egin da, eta sinergiak bilatzen saiatu dira, betiere lehiakortasuna eta negozioen errentagarritasun iraunkorra bilatuz.
Azkenik, Automobilgintza proiektuan integratutako kooperatiba guztiek %14ko salmenta hazkundearekin amaitu dute urtea, aurreko urtearekin alderatuta, eta, lau urte zailen ondoren, pandemia aurreko bolumenak gainditu dituzte. Era berean, negozio berrien kaptazio zifra handia izan da bai errekuntzako ibilgailuaren teknologietan bai ibilgailu elektrikoarenean, baina produktu/negozioen eta eskualdeen araberako banaketa desberdina izan da: positiboa Europan, Ipar Amerikan eta Indian, eta zailtasun handiagoak, Txinako merkatuan.
MONDRAGONek berrikuntzaren alde egin duen apustua Ezagutzaren arloan egiaztatzen da. Korporazioak 2.300 pertsona ingururi eman zien enplegua, lanaldi osoan, I+Gan. Atal horretan daude txertatuta, hain zuzen, 5 teknologia zentroak eta 7 I+G unitateak.
MONDRAGONek indarrean dituen patenteen familia kopurua ere datu garrantzitsua da: 393 familia; kopuru hori zinez handia da, EAEko zifrekin alderatuta. Eta industria kooperatibek egindako I+G gastu guztiak 186 milioi eurokoak izan ziren. Era berean, MONDRAGONek gizartearen egungo erronkekin lotutako proiektuetan eta digitalizazioarekin, adimen artifizialarekin, ekonomia zirkularrarekin edo ingurumen inpaktuaren murrizketarekin zerikusia duten nazioarteko hainbat proiektutan parte hartzen jarraitzen du. Gainera, kooperatibek 100 proposamen baino gehiago aurkeztu dituzte Europako I+Gko hainbat programatan.
2024ko bilakaera
2024ko ekitaldiko bilakaerari dagokionez, Iñigo Ucin MONDRAGONeko Kontseilu Orokorreko presidenteak adierazi du ekitaldiko lehen lauhilekoan negozio guztien bilakaerak “azken urteetako ildotik jarraitu” duela, “nahiz eta mundu osoko egoera geoestrategiko konplexuak eta guretzat garrantzitsuak diren herrialde batzuen ahultasunak ziurgabetasuna eragin, batez ere Alemaniaren, Europako erdialdearen eta baita Txinaren ahultasunak ere”. Ucinek gaineratu du “kooperatiba gehienek eskaera zorro ona” dutela eta, beraz, “ekitaldi honetarako aurreikuspena ere positiboa” dela.
2024KO KONGRESUA
Kongresua uztailaren 17an izango da, Bilboko Euskalduna Jauregian. 650 konpromisario daude deituta kongresu honetara, Korporazioko kooperatiba guztiak ordezkatzeko. Korporazioko Kontseilu Orokorreko lehendakaritzan 8 urte egin ondoren, Iñigo Ucinek egingo duen azken agerraldia izango da. Ucinek bizitzako etapa berri bati ekingo dio uztail amaieran erretiroa hartu ondoren, eta Pello Rodriguezek ordezkatuko du karguan, abuztuaren 1etik aurrera.
Gainera, aurtengo edizioan, besteak beste, 2025-2028rako Politika Sozioenpresariala aurkeztuko da, hots, korporazioaren hurrengo laurtekorako ibilbide orri berria, zeinak jasotzen dituen MONDRAGONeko erakundeek beren proiektu estrategikoak egiteko kontuan hartu behar dituzten orientabide estrategiko nagusiak. Kooperatibekin eta dibisioekin batera egindako dokumentua da. Pello Rodriguezek aurkeztuko du, eta Kongresuak onartu egin beharko du.