Mondragon Unibertsitateko 2014-2015 ikasturteari hasiera eman diote

Gaur eguerdian, Iñigo Urkullu lehendakariak 2014-2015 ikasturteari hasiera eman dio Goi Eskola Politeknikoan, Arrasaten, egin den ekitaldian. Alboan izan ditu Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburu Cristina Uriarte, MONDRAGON taldeko Javier Sotil, Mondragon Unibertsitateko errektore Iosu Zabala, idazkari nagusi Idoia Peñacoba eta Jon Aurrekoetxea irakaslea.
Card image cap
2014/09/19

Mondragon Unibertsitatearen ikasturte hasierako ekitaldiak beti dira jendetsuak. Gure paisaiako pertsona, erakunde, enpresa eta eragile asko dira unibertsitate honekin harreman estua dutenak. Eta oraingoan ere hori islatuta gelditu da.

Harrera gisa, Euskadiko, Gipuzkoako eta Unibertsitateko agintariei aurreskua dantzatu diete. Jarraian, Mondragon Unibertsitateko idazkari nagusi Idoia Peñacobak ireki du ekitaldia. Arrasaten jaiotako unibertsitateak dituen eskaintzaren nondik-norakoak, erronka nagusiak eta nazioarte prozesuan ematen diharduen pauso nagusiak zerrendatu ditu.

Ondoren, Jon Aurrekoetxea irakasleak ‘Karbono-zuntzezko konpositeak. Etorkizuneko material liluragarriak’ izenburuko berbaldi berritzailea egin du. Konpositeen orainaz, aplikazio ugariez eta berorren etorkizunaz mintzatu da modu originalean egindako kontakizunean.

MU ikasturte hasiera 2014/2015

Zabalaren hitzaldi borobila

Horren ostean, aurtengo abenduan errektore kargua utziko duen Iosu Zabalak hartu du hitza. Bi legealdi egin ditu MUko errektore nagusi gisa eta hitzaldi irmo bezain hunkigarria eskaini du, karguaren uztearen agur ofiziala izan daitekeena. Baina ez da bakarrik espresuki hunkigarria izan kargua uztera doalako, baizik eta berbaldian aipatutako indarguneengatik.

Bata, Fagor Etxetresnen erortzea. Berau abiapuntu hartuta, irmotasunez aldarrikatu du eredu kooperatiboa ez dagoela krisian, alderantziz. Are gehiago, zinez sinisten du “gure historian oztopoak gainditzeko izan dugun gaitasuna bizi-bizirik” dagoela. Beste bat, gizartearen eta unibertsitatearen arteko lotura estua. Bata ez da ezer bestea gabe; eta biek behar dutela elkarri aurrera egiteko izan da beste ideia nagusienetako bat. Hala, ezagutza enpresa eta gizarteari zabaltzearen garrantzia aldarrikatu du, MUk betidanik transferentzia hori muintzat izan duela gogoratuz.

Nazioartekotzeak ere protagonismoa izan du berbaldian. Hala, nabarmendu du MONDRAGON taldearekin eta zigilu horren bitartez gai izan direla Europatik harago ere, Kolonbia, Mexiko eta Saudi Arabian proiektuak ezartzeko. Erakundeei begira, aldiz, errektoreak aipatu die publikoak ez diren unibertsitateek proiektuekin jarraitu ahal izateko finantzazioa bermatzeko. Eta bukatzeko hitz beroak izan ditu bi legealdi hauetan alboan izan dituen lantalde eta kolaboratzaile guztientzat; baita 2015ean Zabala bera ordezkatuko duen Bixente Atxarekiko ere.

Eta ohikoa den moduan, ikasturteari hasiera ofiziala emateko, Iñigo Urkullu Lehendakariak hartu du hitza. Mondragon Unibertsitatearen, gazteen eta Euskadiren lanaren eta ahaleginaren aldeko apustua berretsi du.

Bukaeran, ekitaldian batutako ofizialtasunari beste kolore bat emateko, Ametsa Gaztea Abesbatzak ikuskizun laburra egin du, gospela, euskal kantagintza eta ekitaldiaren funtserako ezin aproposagoa izan den ‘Martxa baten lehen notak’ (Laboa) dotoretasunez interpretatuta.

Ekitaldiaren argazki gehiago hemen.

Irakaskuntza unibertsitate zentroa